→Galdakao

Iñigo Hernando (EH Bildu): “Galdakoztarrek argi utzi dute aldaketaren beharra”

EAJren jaitsierak, EH Bilduren igoerak eta Auzoak talde independientearen sorpresak Galdakaoko udal gobernuan aldaketa ekar dezake, lehenengoz 1979. urtetik.

Galdakaoko EH Bilduko hautesleak // EH Bildu Galdakao

EAJren jaitsierak, EH Bilduren igoerak eta Auzoak talde independientearen sorpresak Galdakaoko udal gobernuan aldaketa ekar dezake, lehenengoz 1979. urtetik. Alde batetik, maiatzaren 26ko bozetan alderdirik bozkatuena izan arren, EAJk hiru zinegotzi eta 1.000 bototik gora galdu ditu (sei zinegotzi lortu ditu), eta bestetik, EH Bilduren emaitza onek, alkate izatera eraman dezakete Iñigo Hernando.

Ezker koalizioak beste sei zinegotzi eskuratu ditu (aurreko legegintzaldian baino bi gehiago), eta alkatetza lortzeko beste bost udal ordezkari gehiagoren laguntza beharko luke, udalbatzan gehiengoa izateko. Ildo horretan, Galdakaoko EH Bilduk hamar laguneko lantaldea osatu du datozen egunetan Udalean ordezkaritza lortu duten gainontzeko alderdi eta taldeekin batzeko eta alkatetza eskuratzeko babesak lortzeko. “Guztiekin batuko gara eta guztiak entzungo ditugu”, dio Iñigo Hernando alkategaiak. Udalbatza berria ekainaren 15ean osatuko da.

“Guk uste dugu galdakaoztar gehiengoak argi utzi duela aldaketaren beharra. Kanpaina osoa daroagu esaten ez badira akats berdinak errepikatu nahi, ez dezagun gauza bera egin. Eta emaitza hauek baieztatzen digute gure auzokideek ez dutela akats berdinak errepikatu nahi”, dio Hernandok: “Horregatik, aukera historiko honen aurrean, EH Bildutik lan egingo dugu Galdakaoko Udalean aldaketarako gobernua osatzeko, hauteskunde hauetan herritarrek hori eskatu dutelako”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak