→Arrigorriaga

#M26 | Zahartzaro Aktiboaren Batzordea eratzea proposatu du Arrigorriagako PSEk

Azken agintaldian gazteria eta kirol arloko zinegotzia izan den Argoitz Gomez gaztea da Arrigorriagako PSEren zerrendaburua.

Argoitz Gomez da Arrigorriagako PSEko alkategaia / PSE

Azken agintaldian gazteria eta kirol arloko zinegotzia izan den Argoitz Gomez gaztea da Arrigorriagako PSEren zerrendaburua. Arrigorriagako bizilagunek sozialistei helarazi dizkieten proposamenak betearazteko lanean jarraituko dutela zin egin du Gomezek. Hauteskunde orokorretan PSEk lortutako emaitza onei helduko diete Arrigorriagako sozialistek, egun dituzten zinegotzi kopurua (2) handitzeko helburuarekin. EAJrekin batera udal-gobernua osatu du azken agintaldian PSEk.

Hala, 2015-2019ko legegintzaldian zinegotzi sozialistek bultzatutako neurriak nabarmendu nahi izan ditu Gomezek: enpleguaren sustapenerako “ia milioi batean handitu dituztela partidak” eta etxebizitzari buruzko gazteentzako bulego berria jarri dutela martxan. Kirol esparruari dagokionez, kiroldegian eta frontoian egindako eraberritze lanak nabarmendu ditu, baita bizikletak garbitzeko jarri duten gune berria eta Santo Kristo futbol zelaian jarri duten belar artifizial berria.

Hurrengo legegintzaldirako proposamenei dagokienez, sozialistek herriko adinekoen parte hartze aktiboan jarriko dute arreta. Zentsu horretan, Zahartzaro Aktiboaren Batzordearen eraketa proposatu du Gomezek, “adinekoak herriko egunerokoaren parte aktiboa izan daitezen”. Bestelako proposamenen artean, kanpoaldeko kirolaren aldeko apustua egingo dute sozialistek. Gimnasia parkeak handitu eta bestelako guneetara zabaltzeko asmoa dute horretarako, “polikiroldegiko eraberritze lanak ahaztu gabe”. Auzo ezberdinetako irisgarritasuna hobetu eta Abusuko zentro soziokulturala “leku atseginagoa bihurtzeko” konpromisoa ere hartu du alderdi sozialistak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak