→Basauri

#M26 | Herritarren parte-hartzerako kontseilu berriak sortu nahi ditu Basauriko EH Bilduk

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, Basauriko EH Bilduk hautagaitza berritua aurkeztu du, alkategai berriarekin: Exabier Arrieta.

Basauriko EH Bilduko hautesle-zerrenda // EH Bildu Basauri

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, Basauriko EH Bilduk hautagaitza berritua aurkeztu du, alkategai berriarekin. Exabier Arrieta izango da ezker koalizioaren zerrendaburua.

Basauriko EH Bilduren hauteskunde-programak hamabost neurri hartzen ditu. Hala nola, herritarren parte-hartzea sustatzea, Basauri eraldatzeko birgaitze planak martxan jartzea, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea, alokairu soziala sustatzea, udal zerbitzuen remunizipalizazioa, genero ikuspegia udal politiketan txertatzea, gazteak erabakietan protagonistak izatea, auzoetako komertzioaren alde egitea, edota herri jasangarria bultzatzea.

“Basauri duina behar dugu. Hirigintza ikuspegitik Basauri atseginagoa, irisgarriagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa; inor baztertuko ez duen udalerria, eta nagusiak eta bazterkeria egoeran daudenak babestuko dituna; emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egingo duena; gazteei bizi-proiektuak abian jartzeko aukera duinak emango dizkiona; eta enpleguaren arloan dituen baliabideak ahalik eta ondoen erabiliko dituena lanpostu gehiago eta hobeak sortzeko”, dio Exabier Arrieta alkategaiak.

Ezker koalizioaren proposamenen artean dago trenbide-pasaguneak ezabatzea eta Arizko trenbide multzoa ezabatzea: “Horrela, Kantabria parkea handitzeko aukera izango genuke”, diote. Era berean, nabarmentzekoak dira: hutsik dauden etxebizitzen errolda egitea eta Bidebiren bitartez betetzea, Bizkotxalden erabilera anitzeko espazio estalia sortzea, Baskoniako lursaila berreskuratzea, Lapatzan herri ortuak sortzea, gizarte-larrialdietarako etxebizitza-parkea indartzea, herritarren parte-hartzerako kontseilu berriak sortzea (Kirola, Kultura eta Hezkuntza, Gizarte Ekintza, Migrazioa, Enpleguaren eta Jarduera Ekonomikoaren sustapena), Zero Zabor filosofia ezartzea eta birziklapena sustatzea, zahartze aktiboa bultzatzeko politikak martxan jartzea, Basauriko Eskola Kirola elkartzea eta hura koordinatuko duen zerbitzua martxan jartzea, bidegorrien sarea handitzea, edota kirol instalazio berria eraikitzea Baskoniako lursailean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak