→Galdakao

#M26 | Desanexioa eta usansolotarren beharrizanak jakinaraztea, UHren ardatz nagusiak

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, desanexioarekin aurrera egitea eta usansolotarren beharrizanak Galdakaoko Udalean jakinaraztea izango dira UHren ardurak.

UHren hautesleak // Usansolo Herria (UH)

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, desanexioarekin aurrera egiteko eta usansolotarren beharrizanak Galdakaoko Udalean jakinarazteko eta aldarrikatzeko ardura hartu du Usansolo Herria (UH) taldeak. 2011tik Galdakaoko Udalean ordezkaritza dutenetik, horiek izan dira UHren helburu nagusiak. “Guk helburu bakarra daukagu eta temati jardungo dogu lortu arte, arimaz, baita zuhurtziaz ere. Guk gure Udala nahi dogu, inori ezer kendu barik, baina geurea erreklamatuz. Hogeita hamar urteko borroka baroagu baina lortuko dugu”, dio Itxaso Gutierrez alkategaiak. Gaur egun bi ordezkari ditu UHk Galdakaoko udalbatzan.

Era berean, UHren hauteskunde-programan nabarmentzekoak dira: giza eskubideen kunplimendua errespetatzea eta defendatzea; politika parte-hartzailearekin eta gardenarekin jarraitzea; euskararen erabilera bultzatzea eta areagotzea; gizarte eta enplegu-politika duinen alde egitea; Usansolon hirigintzako inbertsioak sustatzea; naturguneen zaintza defendatzea; usansolotarren osasun eta hezkuntzan hobekuntzak aldarrikatzea; eta kulturari eta kirolari ahotsa ematea.

Desanexioaren inguruan, joan den apirilean Usansoloko muga geografikoak zehazteko kontsulta deitu zuen Galdakaoko Udalak. Kontsulta Usansolo inguruko zazpi auzoetako 927 herritarrei egon zen zuzenduta, eta horietatik bozka eman zuten 507k (% 55eko parte-hartzea). ‘Zure auzoa, Usansoloko segregazio-prozesuaren testuinguruan, bereizi nahi den lurraldeko parte izan behar dela uste duzu?‘ galderari erantzun zioten 507 herritarretik baiezkoa eman zuten 381k, hau da, % 75ak.

Desanexioko batzordean Usansolori hiru ordezkari dagozkio, eta gaur egun UHko bi eta EAJko bakarra daude batzorde horretan. Usansolo Herriaren helburua udal hauteskundeetan izango da UHko hiru ordezkari lortzea: “Hirurak geureak izan behar dira”, aldarrikatu dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak