→Arrigorriaga

#M26 | Auzoetarako bi zinegotzigo sortu gura ditu EAJk Arrigorriagan: erdigunean eta Abusun

Maiatzaren 26ko bozetan goranzko joerari eutsi eta hauteskunde orokorretan herrian edukitako emaitza onei jarraipena emateko helburuarekin aurkeztuko da alderdi jeltzalea.

Arrigorriagako EAJren hautesleak / EAJ Arrigorriaga

Asier Albizuarekin batera euskara eta komunikazio zinegotzia izandako Sonia Rodríguez jeltzalea da Arrigorriagako alkatetzarako EAJko hautagai berria. Azken udal hauteskundeetan, 2015ean, aurreko emaitzak hobetzea lortu zuen EAJk, zinegotzi bat irabazita, eta zazpi ordezkari izan ditu azken agintaldian, gehiengotik bi zinegotzira. Maiatzaren 26ko bozetan goranzko joerari eutsi eta hauteskunde orokorretan herrian edukitako emaitza onei jarraipena emateko helburuarekin aurkeztu da alderdi jeltzalea.

Legealdi berriari begira, “Arrigorriaga osatzen duten auzo guztien ongizatea eta parte hartze aktiboa” bilatu gura du alderdi jeltzaleak, eta horretarako auzoetarako zinegotzigoak sortzeko asmoa adierazi du Rodriguezek. Hain zuzen ere, Arrigorriagan bi zinegotzigo berri sortzea proposatzen du EAJk: Abusukoa eta Erdigunekoa. Hauen bidez, “Udala auzo guztietara iristea” bermatu gura dute jeltzaleek, “zonalde ezberdinetako herritarren partaidetza zuzena bultzatuz eta hauetan Udalaren kudeaketa gardenagoa eginaraziz”. Zinegotzigo berri hauen helbururik behinena, auzo ezberdinen hobekuntza jarraituariekitea eta hauen irisgarritasuna hobetzea. Rodriguezen esanetan, “hirigintza jarduketa eta neurri berritzaileak” jarriko dituzte martxan irisgarritasuna hobetzeko, eta herri inguruko auzoak erdigunearekin lotzeko neurriak aztertuko dituzte ere.

350 aparkaleku berri

Aparkakeluei ere garrantzia eman nahi izan die EAJk. Horregatik herriko zonalde estrategikoetan 350 aparkaleku berri baino gehiago sortzeko asmoa adierazi du Rodriguezek, “gaur egun dauden aparkatzeko zailtasunak desagerrarazteko”. Mugikortasunari dagokionez, Arrigorriaga Ugaorekin lotuko duen bidegorriaren obrak abian jarriko dituztela agindu du hautagai jeltzaleak, “mugikortasun jasangarria eta inguru naturalen gozamena sustatzeko helburuarekin”.  Honi lotuta, Hego Uribe eskualdeko herriak lotzeko eraikiko duten lehen bidegorria Arrigorriaga eta Ugao artekoa izango dela esan berri du Basaurin Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusirako EAJko hautagaiak.

Bestelako proposamenen artean, kiroldegia eraberritzeko obrak nabarmendu ditu hautagai jeltzaleak. Rodriguezentzat oinarrizkoa da kirol azpiegiturak sustatzea eta eguneratzea, eta horregatik “gaur egungo beharretara egokitzeko obrak” bideratuko dituztela jakinarazi du, “kirola praktikatzeko gune berriak sortuz eta herritarrei instalazio integratzaile, irisgarri eta modernoak eskainiz”. Besteak beste, skate-park bat egiteko asmoa adierazi du, Lonbo eremuan, kirol-pisten amaieran.

Herriko segurtasuna

Etxe barruko lapurretak direla eta ez direla, eztabaida sortu da azken hilabeteetan herrian. EAJk herrira sartzen diren ibilgailuen matrikulak identifikatzeko kamarak jartzea proposatu du, sarrera guztietan. Horrez gain, herrigunea eta Makua ingurua lotzen dituzten igarobideen inguruan zaintza kameren presentzia handitu eta hobetuko dutela iragarri dute ere, baita leku estrategikoetan Udaltzaingoaren presentzia areagotu ere. Azkenik, bide-babeserako taldeak sortuko dituztela dio Rodriguezek, “boluntariotza eta langabetuen kontratazioa sustatuz”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak