→Zaratamo

#M26 | Zaratamoztarren parte hartzea herri proiektuaren erdigunean jarri gura du EH Bilduk

Zaratamoko EH Bilduk taldea berritu du eta ilusio berriz ekin dio lehiari: Alberto Ugarriza herritarra izango da alkatetzarako hautagaia.

Zaratamoko EH Bilduren hautesleak / EH Bildu

Zaratamoko EH Bilduk taldea berritu du eta ilusio berriz ekin dio lehiari: Alberto Ugarriza herritarra izango da alkatetzarako hautagaia. “Herritarren bizitza erdigunean jarriko duen herri proiektua” gauzatu gura du udalean Ugarrizak. Horretarako, herritarren parte hartzea bultzatu nahi du hurrengo legegintzaldian, “zaratamoztarrak eta herriko mugimendu kultural eta sozialak izango baitira gure etorkizuneko Zaratamoren ardatza”.

Parte hartzea sustatzeko, udal plenoetan eta udal batzordeetan hitz egiteko aukera herritar guztiei zabalduko diela dio EH Bilduk. Aurrekontuetan ere udalaren diru baliabideak zertan erabili behar diren herritarrek erabaki dezatela gura du ezker koalizioak: “Denon artean erabakiko dugu inbertsioak non egin, dirua non gastatu”, dio Ugarrizak.

Bestelako proposamenen artean, 2 urteko gelarako eta Batxilergoko ikasleentzako garraio zerbitzua jarri gura du EH Bilduk. Zaratamoko auzoak elkarlotuta egoteko autobus zerbitzua indartzeko asmoa azaldu dute ere, “Arrigorriaga-Elexalde-Arkotxa eta Usansoloko ospitalea lotuko duena eta maiztasun handiagoa izango duena”.

Enpleguari dagokionez, “enpleguaren mahaia” eratu nahi du ezker koalizioak: “Herriko enpresekin, sindikatuekin eta Lanbiderekin elkarlanean osatuko dugu mahai hori. Helburua Zaratamori egokitutako lanpoltsa propioak osatzea da eta kontratazio publikoetan klausulak sozialak ezartzea, bertako lan hitzarmenak, berdintasun planak eta hizkuntza irizpideak lehenetsiz”, dio Ugarrizak.

Gurutzaldeko etxebizitzak

Pasa den urtarrilean Gurutzalden 62 etxebizitza berri egiteko lehiaketa publikora eraikuntza enpresarik aurkeztu ez bazen ere, EH Bilduk dio Gurutzaldeko etxebizitza berriak “egin egingo dituztela lehenbailehen”. Horietako asko alokariuan jarriko dituztela dio Ugarrizak,  “gazteak herrian bizitzen gera daitezen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak