→Zaratamo

#M26 | Euskotren geltokia eta Arkotxako eraberritzea, Zaratamoko Gure Herriaren proposamenak

Zaratamo “bizitzeko toki atsegina” izaten jarraitzeko konpromisoa azaldu du Jon Ajuriak eta horregatik bere burua aurkeztu du berriz Gure Herria plataformako zerrendaburu gisa.

Marimar Lopez eta Jon Ajuria, Gure Herria plataformako hautesleak / Gure Herria

“Zaratamoztarrez osatutako eta Zaratamorentzat pentsatutako” herri-hautagaitzaren zerrendaburua da Jon Ajuria Fisure. Aurreko bi legealdietan Gure Herriaren lehentasuna Zaratamo osatzen duten auzo guztien ongizatea bermatzea izan dela dio Ajuriak, “beti ere bizilagunen bizi kalitatea hobetzea helburu”. Legealdi berriari begira, Zaratamo “bizitzeko toki atsegina” izaten jarraitzeko konpromisoa azaldu du Ajuriak eta horregatik bere burua aurkeztuko du berriz.

Gure Herriak Zaratamoko gobernua lortu zuenetik, 2011n, bi helburu nagusi izan dituela dio Ajuriak. Lehena, aurreko agintariek utzitako “egoera ekonomiko larriari” buelta ematea: “2011n milioi erdiko udal-zorra zuen Zaratamok eta guk, lau urtetan, buelta eman genion egoera horri. 8 urtetarako aurreikusita zegoen berreskuratze plana denbora erdian egiteak lasaitasuna eman digu azken legealdi honetan auzo ezberdinetan auzotarrek aspalditik eskatzen zituzten hobekuntzak egiteko. Zaratamoko auzo guztietan igarri ahal izan dira legealdi honetako inbertsioak”, dio alkategaiak.

Hurrengo legegintzaldiari begira, Arkotxako erdigunea “bizilagunentzako atseginagoa izan dadin”,  auzoa eraberritzeko plan integralaren bigarren fasea bukatu eta hirugarrenari ekitea du helburu Gure Herriak. Plaza zabaldu, eskailerak ezabatu, umeentzako parke berria eta aintzira sortu eta barrakak jartzen diren tokian parkinga sortu gura du herri plataformak, “erdigunetik trafikoa ezabatzeko”. Herritarrentzako Udal Arreta Zerbitzuaren buelegoa ireki nahi dute bertan, “bertako bizilagunen udal tramiteak arintzeko”. Halaber, Etxerretik Arkotxarako sarbidean biribilgunea egiteko konpromisoa azaldu du Ajuriak: “Zubia zabaldu eta bertan oinezkoentzako igarobidea eraikitzeako asmoa dugu ere”.

Euskotren geltokia

Olaganeko pasabidearen parean EuskoTren geltokia eraikitzeko negoziaketei ekiteko asmoa agertu du ere Gure Herriak. Horretarako Hirigintza Plan Orokorrean egin beharreko aladaketak egingo dituztela eta Eusko Trenbideak-en ateak joko dituztela dio Ajuriak.

Zaratamori dagokion Santa Barbara auzoko zatia kudeatzeko eskumenak eskuratuta, auzo honen eraberritzeari ere ekin nahi dio herri plataformako alkategaiak: “Auzokideekin batu gara dagoeneko aurreproiektua lantzeko. Helbururik behinena Santa Barbara eta Olaganeko pasabidea pasarela berri batekin lotzea da, auzotarrek konexio zuzena izan dezaten bertako autobus geltokiarekin. Aurrerago Santa Barbara erdiguneko eskailerak eta irisgarritasun oztopoak ezabatzeko proiektua onartzea da helburua”.

Azkenik, Moiordinen, kale nagusiko errepidea berrasfaltatau eta oinezkoei eman nahi diete lehentasuna.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak