→Ugao

#M26 | Kultur ekitaldiak bilduko dituen kultur-etxe berria eraiki nahi du Ugaoko EH Bilduk

Ugaoko EH Bilduk talde eta hautagai berria du maiatzaren 26an ospatuko diren udal hauteskundeei begira. Maider Gaztaka izango da ezker koalizioaren zerrendaburu eta “ilusioz eta eraberriturik” aurkeztuko dira bozetara.

Ugaoko EH Bilduren hautesleak / EH Bildu

Ugaoko EH Bilduk talde eta hautagai berria du maiatzaren 26an ospatuko diren udal hauteskundeei begira. Maider Gaztaka da ezker koalizioaren zerrendaburu eta “ilusioz eta eraberriturik” aurkeztuko dira bozetara, Espainiako hauteskundeetan egin bezala, egungo emaitzak hobetzea helburu dutela. Aurreko legealdian galdutako zinegotzia berreskuratzea da Ugaoko EH Bilduren hauteskundeetako erronka. Politika ildo nagusien artean, “Ugao auzotarren beharrizan berriei erantzuteko egokitzea, erdigunea eta auzoak kohesionatzea, ingurumena berreskuratzea, herriko merkataritza biziberritzea eta inor baztertzen ez duen herria eraikitzeko” konpromisoak nabarmendu ditu Gaztakak.

Proposamen zehatzagoei dagokienez, legealdi berriari begira, “era guztietako kultur ekitaldiak hartuko dituen” kultur-etxe berria eraikitzea da Ugaoko EH Bilduren proposamen nagusietako bat. Antzezlanak, hitzaldiak edo zinema emanaldiak egiteko gelekin hornitu nahi du eraikina ezker koalizioak, bai eta ikasleentzako ikasgelarekin eta haur eta helduentzako liburutegiarekin. Eraikin berria egiteko lurzuroa esleituko dutela dio Gaztakak. Kultur etxe berriaren helbururik behinenak “herriko kultur eskaintza eta jarduna erabilera anitzeko eraikin batean zentralizatzea” eta “ugaotarren kultur proiektuak, sormen lanak eta proposamenak babestea, euskaraz gauzatutako ekimenak lehenetsiz”.

Gernika plaza, herritarren elkargune

Bestelako proposamenen artean, frontoia eta Gernika plaza edo “parke berdea” berregokitzeko asmoa dutela jakinarazi du ezker koalizioak,  bertan “kirol anitzetarako erabilpena berreskuratu eta herritarren elkargune bilakatzeko”. Bestetik, udal kiroldegia berriztu, honen tasak merketu eta “gustu eta adin tarte guztientzako kirola” eskaintzeko konpromisoa azaldu du EH Bilduk. “Txiki-txikitatik kirol aukera aniztasuna sustatuko dugu, ugaotarrek etorkizunean gustukoen dituztenak aukera ditzaten”. Bestalde, adinekoei bideratutako jarduera fisiko eta talde dinamikak profesionalen gidaritzapean antolatzeko asmoa azaldu du ezker koalizioak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak