Uztailaren 19tik 23ra bitartean ospatuko dira Arrigorriagako jaiak. Oraindik egitaraua zehazteke dago, baina ADECKA Arrigorriagako Merkatari Elkartea lanean hasi da urtero antolatzen duen Playback lehiaketan. Uztailaren 22an, Madalena egunean, izango da aurten ere Playback lehiaketa 19:30etik aurrera udaletxeko plazan eta dagoeneko izena emateko epea zabaldu dute.
Playback lehiaketan izena emateko epea luzatu egin dute uztailaren 19ra arte. Interesdunek nievesalonsoatucha@hotmail.com helbide elektronikora idatziz edo bestela, Nieves Apaindegian bertan (Kurutzea kalea, 11) eman dezakete izena. Izena ematea doakoa da eta partaideak imitatuko duen abestiaren titulua eta abeslariaren izena jarri beharko ditu.
1.800 euro saritan
Epaimahaia batzorde antolatzaileak izendatutako bost pertsonak osatuko dute. Aukeratutako horiek artistak edo kulturaren munduarekin zerikusia dutenak izango dira. Lehiaketa egunean bertan irabazleen izenak emango dituzte jakitera. Hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sarituak 500 euro eta hirugarrenak 300 euro. Zenbateko horiek guztiak erosketa-txarteletan emango dituzte, eta udalerriko establezimenduetan gastatu beharko dituzte. Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez 8 taldek edo pertsonak parte hartu beharko dute.
