→Basauri

Iraia Parra eta Oier Ardila: “Beharrezkoa da jaiak aniztasunean disfrutatzea, eta hori posible da”

basauri jaiak 2016 alkate txikiak

Aurten Basajaunak kuadrillari dagokio Eskarabilera eramatearen ardura, baita aurtengo Alkate Txikiak bere kuadrilako umeren artean aukeratzea ere.

Aurten Basajaunak kuadrillari dagokio jai hasierako jaitsieran lehenengo postuan Eskarabilerarekin ateratzea, baita aurtengo Alkate Txikiak bere kuadrilako umeren artean aukeratzea ere: Iraia Parrarekin, Uribarri Institutuan hasi berri den gazte irribarretsu baina lotsatiarekin, eta Oier Ardilarekin, Gaztelu Ikastetxera doan 9 urteko mutil alai eta bromazalearekin elkartzeko aukera izan dugu.

Txikitako desioa izan al da zuentzat Alkate Txiki izatea?

Aurreko urteetako Alkate Txikien aurpegiek poza eta zirrara handia erakusten zuten eta guk inbidiaz begiratzen genituen. Orain, sinestezina dirudien arren, gure txanda heldu da eta gu gara herritarrentzat eredu izan behar garenak. Aurreko urteekin alderatuta, aurten asko disfrutatuko ditugu jaiak egunez egun ia etxetik pasatu gabe

Basauriko Jaiak hastear daude. Urduritasuna sumatzen al da?

Bai, urduri gaude oso. Badakigu bizitzan behin suertatzen den aukera dela jaiak beste ikuspuntu batetik ikusi eta bizitzeko eta honek guztiak ardura handia dakarrela. Oso harro gaude Basajaunakek gure herriko Alkate Txikiak izateko parada eman izanagatik eta jakizue segundo bakoitza aprobetxatuko dugula.

Zer esan dizuete zuen ingurukoek?

Zorte handia daukagula Basaurin hainbeste biztanle egonda gu aukeratu gaituztelako eta haiei ere gustatuko litzaiekeela esperientzia hau bizi ahal izatea. Eta zer esanik ez, etorriko direla txupinazora gu ikustera eta animatzera!

Basauriko jaietan behar adina jendek parte hartzen duela esango al zenukete?

Ez. Egia da Herriko Taldeakek lan eskerga egiten duela Basauriko jaiak aurrera eramateko; baina oso zaila da asunto guztietara heltzea. Horregatik animatu nahi ditugu basauritarrak kalera ateratzera, geure herriko jaietan parte hartzera, kuadriletan izena ematera eta barrutik jaiak bizitzera! Edozein laguntza mota, txikia bada ere, lagungarria da-eta.

Aurreratuko al diguzue agurrean herritarroi esango diguzuena?

Gozamena eta errespetua. Badakigu Sanfaustoak ezagunak direla eta kanpoko jende asko datorrela. Bistan da gure artean aniztasuna dagoela; besteak beste, generoa dela, arraza dela, sexu-joera dela. Baina pertsonak gara eta lehenengo eta behin, errespetua zor diogu elkarri. Beharrezkoa da aniztasunean jaiak disfrutatzea, eta hori posible da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak