→Basauri

Basauriko jaien 50 urteak ospatzeko gala egingo dute urrian

Herriko Taldeak-ek sanfaustoen 50. urteurreneko batzordea eratu du. Basauriko jaiei buruzko liburua eta dokumentala argitaratuko dituzte irailean.

Kuadrilen bazkaria iazko sanfaustoetan // Geuria

Herriko Taldeak-ek sanfaustoen 50. urteurreneko batzordea eratu du. Basauriko jaiei buruzko liburua eta dokumentala argitaratuko dituzte irailean

Aurten 50 urte beteko dituzte Basauriko jaiek. Horren harira batzorde bat eratu du Herriko Taldeak-ek urteurrenaren inguruan ekimen bereziak egiteko. Horiek dira, hain zuzen, liburu bat eta dokumental bat argitaratzea, eta erakusketa bat egitea. “Basauriko jaien historia errepasatuko duen liburua argitaratuko dugu. 400 orrialde inguru izango ditu eta bertan belaunaldi ezberdinetako herritarrak agertuko dira euren bizipenak kontatuz. Gainera, hainbat eta hainbat argazki ere agertuko dira liburuan”, dio Aritz Urtiaga Herriko Taldeak-eko presidenteak. Liburuarekin batera DVD bat ere publikatuko dute, sanfaustoetako hasierako eta gaur eguneko irudiekin eta hainbat elkarrizketekin. 

Liburua eta dokumentala irailean kaleratuko dute. “Erakusketa bat antolatuko dugu Arizko Dorretxean eta bertan aurkeztuko ditugu liburua eta dokumentala”, dio Urtiagak. Erakusketa irailaren 7tik aurrera egongo da ikusgai eta aukera egongo da liburua eta dokumentala batera erosteko 10 euro ordainduta.

Era berean, urrian jaiak hasi aurretik 50. urteurrena ospatzeko gala bat antolatuko dute Social Antzokian: “Data hau ospatu behar da eta horri ekingo diogu urriaren 5ean, Social Antzokian, jaietako bezperan ospatuko dugun galan. Bertan omenaldi xume bat eskaini nahi diegu gure jaiei eta
ondoren ospakizunak jarraituko du San Fausto plazan erromeria batekin”, dio Urtiagak. Emanaldia 20:00etan izango da, sarrera doan.

Logo berezia

50. urteurrena islatzeko logo berria argitaratu du Herriko Taldeak-ek. Nerea Gonzalez basauriarra da haren egilea eta, “Basauriko jaien eta Herriko Taldeak-en indarra erakusten du”, dio Urtiagak. Logo hau 50. urteurrenarekin lotura duten ekimenak identifikatzeko erabiliko dute.

basauri jaiak 50 urte 2018 liburua dokumentala logoa aurkezpena

Txemi Mera, Aritz Urtiaga, Andoni Busquet, Itsaso Urionabarrenetxea, Igone Beloki eta Nerea Gonzalez // Geuria

Urteurrenaren ekitaldien aurkezpenean izan dira Aritz Urtiaga Herriko Taldeak-eko presidentea, Itsaso Urionabarrenetxea eta Txemi Mera 50. urteurreneko batzordeko kideak, Nerea Gonzalez logoaren egilea eta Andoni Busquet Basauriko alkatea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak