→Basauri

Basauriko jaiak urriaren 11n, ostiralez, hasiko dira aurten

Jaietarako lau hilabate falta direla, Herriko Taldeakek eta Basauriko Udalak sanfaustoak iragartzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan.

Kuadrilen jaitsiera ostiralean izango da aurten // Argazkia: Geuria

Urriaren 11tik 20ra bitartean ospatuko dira Basauriko sanfaustoak. Aurten, beraz, ostiralean hasiko dira Basauriko jaiak, San Fausto eguna -urriak 13- igandea baita.

Jaietarako lau hilabate falta direla, Herriko Taldeakek eta Basauriko Udalak sanfaustoak iragartzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan. Guztira, lau sari banatuko dituzte: kartel irabazlea, lokala, gaztea eta txikia. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago ekainaren 11tik abuztuaren 30era arte. Lanak udaletxeko Herritarrentzako Informazio eta Arreta Bulegoan (HIAB) entregatu behar dituzte partaideek, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara. Kartel txikiaren kasuan, parte-hartzaileek nahi izatekotan euren ikastetxean entregatu ditzakete euren lanak eta Zoroak kuadrilako kideek jasoko dituzte (Zoroak kuadrilla da kartel txiki eta gazte lehiaketen arduraduna).

1.950 EURO SARITAN

Kartel lehiaketako sariei dagokienez, kartel irabazlearen egileak 1.500 euro jasoko ditu eta irabazle lokalak 300 euro. Kartel txikien kasuan, Gazteak kategoriako irabazleak (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Bigarren Hezkuntzako 1. mailara arteko ikasleak) 100 euroko bonua -Basauriko dendetan gastatzekoa- eta Basauriko igerilekuetan ordu bateko txartela, ondorengo merendola 15 lagunentzako eta lau sarrera Basauriko Indoor Multiabentura parkerako (2 ordu) eskuratuko ditu.

Txikiak kategorian (LHko 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleak) 50 euroko bonua emango diote irabazleari eta zortzi sarrera Social Antzokirako (lau zinemarako eta beste lau ikuskizunetarako).

Lehiaketaren oinarriak hemen irakurgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak