→Basauri

Hesian taldeak ordezkatuko du Skakeitan Basauriko jaietan

hesian taldea 2018 facebook

Skakeitanek Basauriko jaietan eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu da, Pello Armendariz abeslariaren osasun arazoengatik.

Urriaren 6an izango da Hesianen kontzertua // Argazkia: Hesian Taldea (Facebook)

Skakeitan taldeak Basauriko jaietan eman behar zuen kontzertua urriaren 6an, baina komunikatu baten bitartez zabaldu dutenez, Galera Summer Tour bira eten behar izan dute Pello Armendariz abeslariaren osasun arazoengatik.

“Batzuek jakingo duzuenez, duela aste eta erdi, ospitaletik atera nintzen eztarriko gaitz baten konplikazioa dela eta. Hau, urtean zehar behin eta berriz errepikatu diren egoeren jarraipena izan da, berrerortze dexente tartean egonda urtarriletik. Maiatzean, antzeko kasu batengatik, ebakuntza baterako zerrendan sartzea adostu nuen medikuekin, eta ikusita aurretik genuen bira, ebakuntza urria aldera luzatzea aproposago ikusi genuen taldekideok. Baina abuztuko hilabetea osasun aldetik nahiko nahasia izan da eta bira erdia tratamenduan nengoela abestera behartu dut nire burua”, dio Armendarizek zabaldutako komunikatuan: “Lekeition eskaini genuen kontzertua eta gero, gaitza eztarriko beste zonalde batera zabaldu zait, kantatzea eragozten didana. Honekin batera ebakuntza irailean egiteko deia pasa didate eta 10 egun barru kirofanora sartuko naiz”, dio. Modu honetan, bertan behera utzi dituzte birako azken hiru kontzertuak: Freixorock (irailak 15), Bidart (irailak 21) eta Basauri (urriak 6).

Egoera horren aurrean, Herriko Taldeak-ek beste kontzertu bat programatzera ikusi du bere burua. Sare sozialetan zabaldu dutenez, Hesian taldea igoko da Arizgoiti plazako eszenatokira. Talde nafarra 2013ean eskaini zuen kontzertua Basauriko jaietan eta aurten Zaratamo eta Zeberioko jaietan izan dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak