→Galdakao

Goitibeherak izango dira aurten ere Galdakaoko jaietan

galdakao jaiak 2015 goitibeherak bengoetxe

Polemika izan da aurten Galdakaon Santakurtze jaietan Goitibeheren proba dela eta, baina Udaletik jakinarazi dutenez proba ospatu egingo da.

Goitibeheren jaitsiera 2015ean, Bengoetxe auzoan // Argazkia: Geuria

Polemika izan da aurten Galdakaon Santakurtze jaietan Goitibeheren proba dela eta. Udala eta Patakon Kultur Elkartearen artean (orain arte probaren antolatzailea) desadostasunak izan dira eta aurten Goitibeheren jaitsiera kolokan izan da. Hala ere, aurten ere Galdakaoko jaietan goitibeherak izango direla jakinarazi du Udalak, festen programa ofizialaren barruan.

Hain zuzen ere, Udaleko Kultura Sailak antolatuko du aurten proba, Legazpiko Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkartearen laguntzarekin. Gotibeheren proba irailaren 9an, igandez, ospatuko da (16:30) eta iazko bide berbera izango du, Elexalde auzotik behera.

Gutxieneko akordiorik ez

Gotibeheren proba oso arrakastatsua da Galdakaoko jaietan eta tradizio bihurtu da herritarren artean. Orain arte Patakon Kultur Elkarteak antolatu du goitibeheren jaitsiera, baina aurten, “elkarteak uko egin dio kirol-proba honetako segurtasun-alderdiak handitzea xede zuen lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari”, diote udal ordezkariek.

“Hasiera-hasieratik, gure konpromisoa izan da goitibeheren jaitsiera programa ofizialaren barruan egotea. Hainbat saio egin ditugun arren, ezinezkoa izan da Patakonek segurtasun-alderdi batzuk hobetzeko xedea zuen gutxieneko akordio bat sinatzeari baiezkoa ematea, eta horren ondorioz beste antolatzaile bat bilatu behar izan dugu. Uste dugu aurtengo probak ere arrakasta handia izango duela, goitibeheren jaitsiera zeharo errotuta baitago Galdakaon”, dio Ainhoa Agirregoikoa Kultura zinegotziak. Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkio Patakon Elkarteari, “aurreko edizioetan egindako lanagatik”.

Izena emateko epea, zabalik

Joan den abuztuaren 20tik irekita dago herriko jaietan Goitibeheren proban parte hartzeko izena emateko epea, eta irailaren 6ra arte egongo da zabalik. Proban parte hartu nahi duenak izena emateko eskabidea bete beharko du www.fotomotor.es webgunean. Gehienez ere 60 ibilgailu onartuko dira, eta izen-emate gehiago badago, antolakuntza arduratuko da parte-hartzaileak hautatzeaz.

Parte-hartzaile guztiek aseguru bat izango dute; “eguneko asegurua”, alegia. Bakoitzak 10 euro ordainduko ditu, eta proba amaitu ondoren, itzuliko zaizkie. Era berean, Sputnik goitibehera alokatzeko aukera ere egongo da. Kasu horretan, 12 euro ordaindu beharko dira. Boluntario izan nahi dutenek antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak