☉ Galdakao
Argazkiak / Kurtzeko plaza beteta, Soto, Lujanbio, Colina eta Enbeita bertsotan entzuteko
Julio Soto, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita aritu dira bertsotan Galdakaoko jaietan.
Santakurtze jaien lehenengo asteburua igaro da dagoeneko. Irailaren 15ean, igandez, Bertso jaialdia izan da Kurtzeko plazan: Julio Soto, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita aritu dira bertsotan. Plaza topera beteta egon da. Arkaitz Estiballes galdakoztarra gai-jartzaile lanetan ibili da.
☉ Galdakao
Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.
Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.
☉ Galdakao
Argazkiak / 1937ko bonbardaketetan hildako galdakoztarrak omendu dituzte gaur
87 urte bete dira Francoren aginduetara zeuden tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Urtero, maiatzaren 19an, oroimen ekitaldia antolatzen dute Plazakoetxen, babeslekua zegoen tokian.
Gutxienez 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok gerra garaian, eta 1937ko maiatzaren 19an 16 herritar hil zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek.
Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre omendu dituzte. Gainera, Edu Madina ere gogorarazi dute aurtengo ekitadian: Galdakao Gogorako kidea otsailean hil zen. Eta gaurkoan ere Palestina izan dute herritarrek gogoan.
☉ Galdakao
Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon
Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.
“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.
Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.
Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.
Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak
Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.
Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.
“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.
Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.
Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.
☉ Galdakao
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan
Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.
“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.
Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.