→Galdakao

Pregoilaria aukeratzeko bozketa eten du Galdakaoko Udalak, sistema “fidagarri eta demokratiko” bat erabiltzeko

galdakao jaiak 2017 pregoia txupinazoa argazkia ander arrieta
Iazko pregoiaren unea // Argazkia: Geuria

Galdakaoko jaietako pregoilaria aukeratzeko azken inkesta zabaldu du gaur bertan Udalak. Galdeketa abiatu eta gutxira, ordea, arazoak antzeman ditu Udalak, eta inkesta aldi baterako etetea erabaki du. “Inkestaren eta boto emaileen fidagarritasuna bermatze aldera, sistema demokratikoago bat erabiliko dugu Galdakaoko pregoilaria aukeratzeko azken inkestan”, diote udal ordezkariek. Arazoa “ahalik eta lasterren” konponduko dutela adierazi dute Udaletik.

Jaietako inkestak (kontzertuak edota pregoilariak aukeratzeko) parte-hartzaile gehien biltzen dituztenak direla dio Udalak. Azken inkestak -proposamenak egitearenak, alegia- 365 batu ditu. Hori dela eta, Galdakaoko pregoilaria hautatzeko inkesta “fidagarriagoa eta demokratikoagoa” izateko, bozkatzeko beste modu bat aztertu du Udalak: IP bakoitzeko boto bat eman ahal izango da. “Udaleko informatikariak lanean daude inkesta ahalik eta lasterren berriro martxan jartzeko”, diote.

Inkesta eten duten arren, pregoilari finalistak hauek berak izango dira: Galdakaoko Pentsionistak, Zuriñe Garcia, Igor Anton, Jon Llaguno eta Mozoilo Irratia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak