→Galdakao

Galdakaoko jaietako pregoilaria proposatzeko epea, zabalik

Lehenengo fasean, herritarrek euren proposamenak helarazi ahal izango dituzte uztailaren 17ra bitartean.

Erabide Elkartea eta Julen Diez izan ziren iaz pregoilari eta txupinero // Argazkia: Geuria

Santakurtzetako pregoilaria eta txupineroa proposatzeko epea zabaldu du dagoeneko Galdakaoko Udalak. Lehenengo fasean, herritarrek euren proposamenak helarazi ahal izango dituzte uztailaren 17ra bitartean. Jasotako proposamenetatik hiru hautatuko dituzte: boto gehien duen gizonezkoa, boto gehien duen emakumezkoa eta boto gehien lortzen duen elkartea. Era berean, Jai Batzordeak beste hiru hautagai proposatuko ditu, irizpide berak erabiliz (gizonezko bat, emakumezko bat eta elkarte bat).

Botoak zenbatu eta pertsona eta elkarte hautagaiak izendatu ostean, bideragarritasuna aztertuko dute, eurekin zuzenean harremanetan jarrita. “Inork aukerari uko egingo balio, zerrenda bereko hurrengo hautagaiak hartuko luke bere lekua”, diote udal ordezkariek.

Ondoren, bigarren fase bati ekingo diote eta berriro bozkatzeko prozesua zabalduko du Udalak uztailaren 19tik abuztuaren 5era bitartean. Sei proposamenetatik aurtengo jaietako pregoilaria eta txupineroa aukeratuko dituzte herritarrek. Boto gehien lortzen duen pertsona pregoilaria izango da, eta beste sexuko pertsona bozkatuena txupineroa. Udalak erabakitako irizpideen arabera, irabazlea elkarte misto bat bada (bi sexuetako kideak dituena), bi figurak bere gain hartu ahal izango ditu, baina bermatu beharko da pregoia irakurtzeko eta txupina botatzeko ekitaldian gizonezko bat eta emakumezko bat daudela.

Iaz Erabide Emakumeen Elkarteak irakurri zuen pregoia eta Julen Diez triatletak txupinazoa bota zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak