→Galdakao

Eraso sexisten aurka gune bat zabalduko dute lehen aldiz Galdakaoko jaietan

galdakao jaiak 2016 eraso sexistak flashmob 7

Galdakaoko jaiak hastear dira eta aurten ere eraso sexisten aurkako kanpaina martxan jarriko dute. Nobedadea da aurten erasoen kontrako gunea zabalduko dutela.

2016ko santakurtzetan eraso sexisten kontrako flashmoba egin zuten 500 galdakoztarrek // Argazkia: Geuria

Galdakaoko jaiak hastear dira eta aurten ere eraso sexisten aurkako kanpaina martxan jarriko dute. Nobedade bezala, aurten erasoen kontrako gune bat zabalduko dute txosnagunearen ondoan, Iturriondo plazan. “Eraso sexistei zein sexualei aurre egiteko baliabideak, sentsibilizazio-materialak, udalerriko puntu beltzak edo gune arriskutsuak izan daitezkeenak edota biktimei arreta emateko zerbitzua eskainiko dute gune berri horretan”, dio Begoña Ormaetxe Berdintasun arloko zinegotziak. Era berean, autodefentsa feminista tailerra egingo dute jaietan gune horretan.

Eraso sexisten aurkako gunea zabalik egongo da irailaren 11n, 13an, 14an eta 15ean. Hain zuzen ere, hauek izango dira ordutegiak eta eskainiko dituzten zerbitzuak: irailaren 11n autodefentsa feminista tailerra izango da 18:00etatik 21:00etara, hilaren 13an puntu beltzen edo arriskutsuen identifikazio-tailerra izango da 18:00etatik 21:00etara, eta irailaren 14an eta 15ean biktimei arreta emateko zerbitzua izango da 22:00etatik 06:00etara. Gainera, sentsibilizazio-materialak banatuko dituzte gunea zabalik egongo den ordutegian.

“Jaiak denonak dira, gizonenak zein emakumeonak, gazte zein helduenak. Errespetuan oinarritu behar dira beti herriko festak, goizez zein gauez”, dio Ormaetxek: “Jaiak eta alkohola ez dira aitzakia eraso sexistak gertatzeko. Eta gogoratu, erasoa ez dela beti biolentziari lotutakoa; ferekak, baimendu gabeko musuak, begiradak, komentarioak edota behin eta berriz ekitea ere erasoa da. Hori guztia salatu egin behar da. Ez beti da ez eta soilik baietza da bai. Eta ulertu, erantzunik ere ez balego ezezkoa dela”, adierazi du Ormaetxek.

Iaz bezala, Galdakaoko Txosna Batzordeak eraso sexisten kontrako protokoloa izango du, Galdakaoko Udalarekin lankidetzan. Besteak beste, erasoren bat gertatzekotan, 688 719 304 telefonoa jarriko dute herritarren eskura eguneko 24 ordutan, baita larrialdietarako 112 telefono zenbakia ere. Hau da aurten kaleratu duten protokoloa (word dokumentua).

‘Denok zu’, lerrokako dantza

Hirugarren urtez jarraian, aurten ere eraso sexisten kontrako adierazpen artistikoa egingo dute Galdakaoko jaietan. Oraingo honetan lerrokako dantza bat egingo dute irailaren 9an, igandez, 19:30ean Ardanza parkean. Areto dantza taldeak eta Erabide elkarteak antolatu dute beste urte batez eraso sexisten aurkako dantza eta 700 herritar inguru batzea aurreikusten dute. Aurten Goazen taldearen ‘Denok zu’ abestia izango da dantzatuko dutena.

Orain dela bi urte Esne Beltza taldearen ‘Ez da ezetz’ abestia lagun flashmob bat antolatu zuten eta iaz Mannequin challenge erraldoi bat egin zuten Yoguninha Borova abeslariaren ‘Eraso sexistarik ez’ kantarekin. Ekitaldi bakoitzean 500 herritarrek hartu zuten parte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak