☉ Ugao
Hesian eta Skakeitan taldeak izango dira Ugaoko jaietan
Talde nafarra bozkatuena izan da inkestan, aldeko 80 botorekin (%39,2), Skakeitan taldeak 70 boto jaso ditu (%34,3) eta Itziarren Semeak 54 (%26,5).

Ugaoko Jai Batzordeak martxan jarri zuen apirilean inkesta Udiarraga jaietarako musika kontzertuak aukeratzeko. Irailaren 8rako, ostiralerako, aukera hauetatik gustukoena hautatu behar zuten herritarrek: Itziarren Semeak, Skakeitan ala Hesian.
Guztira 204 inkesta jaso dituzte astebetean: “Oso parte-hartzailea izan da prozesua” diote batzordetik: “Egia da 2017ko Jai Batzordean gazte talde bat dagoela eta mugitu egin dela Ugaoko gazteek bere iritzia eman dezaten”. Talde nafarra bozkatuena izan da inkestan, aldeko 80 botorekin (%39,2), Skakeitan taldeak 70 boto jaso ditu (%34,3) eta Itziarren Semeak 54 (%26,5). Gauzak horrela, Hesian eta Skakeitan arituko dira Ugaoko jaietan.
Ugaon egin bezala, Galdakaon ere herri bozketa bidez erabakitzen dute zeintzuk diren santakurtzeko jaietan joko duten musika talde nagusiak. Esaterako, iaz Su Ta Gar, Ken Zazpi eta Reincidentes aukeratu zituzten galdakoztarrek. 579 herritarrek eman zuten botoa.
☉ Ugao
Argazkiak | Jaietako indaba janak ugaotarrez bete du institutuko pista
Beste urte batez bertara gerturatu gara, indaben usain zoragarria eta festetako giro ezinhobeaz gozatzeko

Ugaoko jaiek azken txanpa hasi dute eta egun garrantzitsua da gaurkoa ugaotarrentzat, herri indaba jana egin dutelako institutuko kirol pistan. Beste urte batez bertara gerturatu gara, indaben usain zoragarria eta festetako giro ezinhobeaz gozatzeko.
Aurten 340 pertsonak hartu dute parte herri bazkarian. Urtez urte errezeta egiteko teknika alda daiteke, baina badago edizio bakoitzean mantendu egiten den ezaugarri bat: indabek ez dutela adinik ezta bereizketarik egiten: haurrak, gazteak, helduak… ikusten dira elkarren artean urtero, denok elkarrekin, giro zoragarrian.
Sukaldarien amantaletan ipintzen duen moduan: “Guztion artean, geurea zaintzen”.
☉ Ugao
Ugaoko udal bozeramaile batzordeak EAJko zinegotzi bati egindako azken erasoa gaitzetsi du
“Ez da gertaera isolatua. 2022az geroztik, zinegotzia iraindu, mehatxatu eta bere etxebizitzaren aurkako erasoak jasan ditu”, azaldu dute udal ordezkariek

Ugaoko gobernu taldeak “bere gaitzespenik sendoena” adierazi du EAJko zinegotzi batek jasandako azken erasoaren aurrean.
Izan ere, Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, joan den igande goizaldean, 01:00ak aldera, norbaitek trafiko-bolardo edo pibote bat jaurti zuen Ugaoko EAJko zinegotzi baten etxearen aurka, kalteak eraginez herritarraren pertsianan.
“Ez da gertaera isolatua. 2022az geroztik, zinegotzia iraindu, mehatxatu eta bere etxebizitzaren aurkako erasoak jasan ditu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Indarkeriazko ekintza horiek gure gizartea gidatu behar duten bizikidetza, errespetua eta printzipio demokratikoak larriki urratzen dituzte.”
Bozeramaileen Batzordeak elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi dizkio erasoa jasan duen ordezkariari eta bere familiari. “Aldi berean, irmo arbuiatzen dugu herritarrak zilegitasunez ordezkatzen dituztenen aurkako indarkeria, mehatxu edo jazarpen oro. Ugaon ez dute lekurik jokabide koldar eta onartezin hauek”.
“Ekintza onartezina, justifikaezina eta koldarra da”, azaldu du Iñigo Ansola Kareaga Bizkai Buru Batzarreko presidenteak bere sareetan, eta alderdi guztiek salatu beharreko ekintza dela gehitu du. Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak ere irmoki gaitzetsi du EAJko zinegotziak jasandako eraso berri hau: “Hirugarren erasoa da eta Udaletik guztiz gaitzesten dugu”. Hurrengo orduetan oharra plazaratuko du Udalak.
“Aniztasun politikoan oinarrituta, errespetuaren, bizikidetza baketsuaren eta balio demokratikoen defentsaren aldeko deia bateratua egiten dugu. Indar guztiekin lan egiten jarraituko dugu indarkeriarik gabeko Ugao baten alde, non inor ez den erasotua bere ideiengatik edo konpromiso instituzionalagatik”, gehitu dute udal ordezkariek.
Beste eraso bat
Ugaoko EAJko zinegotziak horrelako ekintza gehiago jasan ditu azken urteetan: arazoak 2022an hasi ziren, eta 2024an irainak eta mehatxuak egin zizkioten. Gainera, urte berean etxearen kontra objektuak bota zizkioten.
Azken erasoa iazko ekainean jasan zuen, GEURIAn iragarri lez, norbaitek etxeko fatxadaren aurka arrautzak bota zizkionean. Egoera honen aurrean, Ugaoko Udalak “aho bateko gaitzespena” erakutsi zuen, eta “Udalbatzako indar politiko guztiek gertutasuna eta babesa adierazi nahi izan zizkieten irainak eta bere etxeko leihoan objektuen jaurtiketak jasan behar izan dituen biktimari eta haren senideei”.
☉ Ugao
Ugaoko EAJko zinegotzi baten etxea erasotu dute asteburuan, pibote batekin
Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak irmoki gaitzetsi du EAJko zinegotziak jasandako eraso berri hau

Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, joan den igande goizaldean, 01:00ak aldera, norbaitek pibote bat jaurti zuen Ugaoko EAJko zinegotzi baten etxearen aurka, kalteak eraginez herritarraren pertsianan.
“Ekintza onartezina, justifikaezina eta koldarra da”, azaldu du Iñigo Ansola Kareaga Bizkai Buru Batzarreko presidenteak bere sareetan, eta alderdi guztiek salatu beharreko ekintza dela gehitu du.
Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak irmoki gaitzetsi du EAJko zinegotziak jasandako eraso berri hau: “Hirugarren erasoa da eta Udaletik guztiz gaitzesten dugu”. Hurrengo orduetan oharra plazaratuko du Udalak.

2024an bota zizkioten arrautzen arrastoak // Utzitakoa
Beste bat
Ugaoko EAJko zinegotziak horrelako ekintza gehiago jasan ditu azken urteetan: arazoak 2022an hasi ziren, eta 2024an irainak eta mehatxuak egin zizkioten. Gainera, urte berean etxearen kontra objektuak bota zizkioten.
Azken erasoa iazko ekainean jasan zuen, GEURIAn iragarri lez, norbaitek etxeko fatxadaren aurka arrautzak bota zizkionean. Egoera honen aurrean, Ugaoko Udalak “aho bateko gaitzespena” erakutsi zuen, eta “Udalbatzako indar politiko guztiek gertutasuna eta babesa adierazi nahi izan zizkieten irainak eta bere etxeko leihoan objektuen jaurtiketak jasan behar izan dituen biktimari eta haren senideei”.
☉ Ugao
Ugaoko txosnagunean emakume bat erasotua izan zela salatu du Emahots talde feministak

Emahots talde feministak bere sareetan jakitera eman du bart goizaldean emakume bat erasotua izan zela Ugaoko txosnagunean.
Modu berean, eraso honi eman zitzaion erantzuna ere gaitzetsi dute, “ egondako irain arrazista eta indarkeriagatik”.
Bukatzeko, “txosnagunea espazio segurua izatea denon ardura” dela aldarrikatu dute.
☉ Ugao
Ugaoko Txosnaguneak ez du Coca-Colaren produkturik salduko jaietan, Palestinari elkartasuna adieraziz
“Ezinbestekotzat ikusten dugu Palestinarren aldeko ekintzak eta dinamikak sustatzea. Beraz, eman babesa dinamikari!”, iragarri dute Txosnagunetik

“Txosnagune honetan zerbitzatzen diren produktuek ez diote kontribuziorik egiten Palestinaren kontrako genozidioari”, azaldu dute Ugaoko Txosnagunetik, eta ondorioz, aurreko urteetan ez bezala, jaietan ez dute Coca-Colako produkturik salduko jaietan.
Txosnagunetik elkartasuna adierazi nahi diote Palestinari, eta okupazioa sustatzen duten enpresei boikota egitearen aldeko kanpaina sustatu dute. Izan ere, Coca-Cola enpresak lantegi bat du Palestinako lurralde okupatuetan, eta Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat jo ditu behin baino gehiagotan kokaleku horiek.
“Ezinbestekotzat ikusten dugu Palestinarren aldeko ekintzak eta dinamikak sustatzea. Beraz, eman babesa dinamikari!”, azaldu dute Txosnagunetik. “Boikot Israel! Palestina askatu!”.