Sareak

☉ Ugao

Ugaok ez du txosnagunerik izango aurtengo herriko jaietan

Ugaoko Txosna Batzordearen proposamena Parke Berdean txosnagunea ezartzea izan da, baina ez dira Udalarekin adostasun batera heldu.

|

ugao txosna batzordea 2017 agerraldia
Abuztu hasieran agerraldi publikoa egin zuen Txosna Batzordeak Parke Berdean eta 120 lagun hurbildu ziren // Ugaoko Txosna Batzordea

Irailaren 7an hasiko dira Ugaoko jaiak, aurten polemika batekin: ez da txosnagunerik izango. Hori da Ugaoko Txosna Batzordeak hartu duen erabakia, “Udala gure proposamena negoziatzera prest agertu ez delako”, diote. Hain zuzen, Txosna Batzordearen proposamena izan da txosnagunea Parke Berdean jartzea, “herriaren erdigunean”. Txosnak herritik kanpo izan dira azken hiru urteetan eta batzordetik herriaren erdigunera itzultzeko apustua egin dugu, herriari eta herriko tabernei zein komertzioei gure babesa eta indarra emanez”, diote Ugaoko Txosna Batzordetik: “Guztion artean jai herrikoi partehartzaile eta jendetsuak eraikitzeko apustua egiten dugu, garai batean ziren bezalakoak izan daitezen. Baina, bide horretan, Udalaren kontrako jarrerarekin topo egin dugu, zarataren aitzakia baliatuz”, diote.

Jaiek 4 egun baino ez dute irauten eta ugaotar guztiok modu batean edo bestean jasan behar ditugu jaiek sorrarazitako zenbait aldaketa. Zarata barne, bai barraketatik datorrena, bai tabernek sortutakoa, bai enparantzan dauden kontzertuek sortutakoa”, diote.

Jai herrikoi partehartzailea eraikitzeko bide horretan Txosna Batzordea udalerriko tabernariekin elkartu da txosnagunearen kokalekuaren inguruan euren iritzia jakiteko: “Tabernarien %90ak baino gehiagok babesa helarazi digute txosnagunea Parke Berdean kokatzeari”, diote: “Leku ezberdinak frogatu ditugun arren, argi dago bai herriari, bai komertzioei eta txosnei, bai jaiari, aportaziorik onena egiten dion gunea Parke Berdea dela”.

Txosnagunea ez jartzearen erabakia hartu arren, Txosna Batzordetik adierazi dute jaietan parte hartuko dutela, “polemika honen inguruan sortu denaren gaineko informazioa herritarren artean zabaltzeko bada ere”, diote. Zentzu horretan, irailaren 8an 20:00etan kalejira egingo dute Parke Berdetik hasita eta udalerriko tabernetatik zehar.

Txosnen errotazioa, Udalaren proposamena

Polemika honen aurrean, Ugaoko Udalak honakoa adierazi du: “Jaietan txosnarik ez bada, ez da izango Udalak hala erabaki edo debekatu duelako; Txosna Batzordekoen ordezkarien erabaki unilaterala izan da“, diote udal ordezkariek: “Parke Berdea Txosna Batzordeari ez uztearen arrazoiak honakoak dira. Alde batetik, urteak dira txosnak, tabernak, herritarrak eta Udala akordio batera heldu ginela txosnagunea hiru leku ezberdinetan kokatzeko, 2 urte toki bakoitzean, errotazioak eginez. Bestetik, Parke Berdea etxebizitzetatik oso hurbil dago eta horrek eragozpenak ekar liezaieke herritarrei, batik bat, zaratagatik“.

Adostasun batera heltzeko helburuarekin Udala eta Txosna Batzordearen artean zenbait bilera egin dituzte. “Bilera horietan Udalaren jarrera malgua izan da eta beste aukera batzuk proposatu dizkiegu. Hala nola, azken hiru urteetan txosnagunea izan den aparkalekuan bertan kokatzea edo errotazioen akordioa kontuan hartuta, egokitzen zitzaien lekuan txosnagunea ipintzea. Kasu honetan aurten ez zegokien Parke Berdea, baina bai herri erdigunean dagoen toki bat“, diote udaletxetik.

Ugaoko Udalaren aldetik konpromisoa hartu dute 2018ko hasieran -otsailetik aurrera- bilera berriak egitea Txosna Batzordearekin, tabernekin eta herritarrekin, “denon artean denon onuradun izango den akordio berri bat bilatzeko“.

☉ Ugao

Gastronomia jardunaldiek Michelin izarrez beteko dute Ugao

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio

|

Iazko gastronomia jardunaldiak / Geuria

Goi mailako sukaldaritza eta elkartasuna batuko ditu datorren apirilaren 22an Ugaon (18:00etatik 20:15etara Jane Jauregian) ospatuko den Sukaldaritza eta Gastronomia lehiaketaren hirugarren edizioak. Jon Gil herriko sukaldakariak eta Ekaintz Mentxaka alkateak aurkezpen prentsaurrekoan adierazi dutenaren arabera, “sorpresaz betetako” edizioa izango da aurtengoa.

Iazkoak etorkizuna izan bazuen ardatz, Euskadiko sukaldari gazteentzat erakusleiho bikaina izan baitzen, aurten Mitxelin izarrek eta estatu mailako sukaldari ospetsuek dir-dir egingo dute Ugaon: María Amundarain (Arzakeko partidaburua, hiru Michelin Izar), Carito Lourenço (Valentziako Fierro jatetxekoa, Michelin izar bat), Mariana María Sánchez eta Gonzalo Baquedano (Logroñoko Ajo Negro jatetxea, Michelin izar bat), Marcos Mistry (Asturiasko Marcos Jatetxea, Michelín Izar bat), Alatz Bilbao (Mungiako Bakea jatetxea, Repsol eguzki bat) eta Víctor Decastro (Mungiako Leku-Ona gozotegia).

Gilek berak azaldu du sukaldariak ez direla protagonista bakarrak izango:”Garrantzitsua da Euskadiko eta Estatu mailako talentu gazteen potentziala ikusarazten jarraitzea eta herriarekin elkarrekintzarako loturak edo esperientziak bilatzea. Horregatik, aurten ere, sukaldariak, ekoizleak, enologoak, mahastizainak eta nekazaritzaren munduko pertsonak elkartuko gara herritarrentzat interesgarriak diren hainbat ideia eta kontzeptu balioesteko”. Ez da jardunaldi honen helburu bakarra, ordea: Mota honetako ekimenek” borobildu du sukaldari ugaotarrak, “sukaldaritza lehiaketetara hurbiltzeko aukerarik ez duten pertsonei gure sukaldaritzak, gure kulturak eta hemengo profesionalak nola eboluzionatzen ari diren ikusteko aukera eskaintzen die”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du “gastronomiak eta elkartasunak beti primeran uztartzen dutela”.

Lehiaketa plater-dastatze formatuan gauzatuko dute,  eta bertara hurbiltzen diren ugaotarrek, bere elaborazioaren sekretuak ezagutzeaz gain, prestatutako platerak dastatu ahal izango dituzte.

Hirugarren lehiaketa honetan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako ugaotarrak Jane Jauregira bertaratu beharko dira dagokion inskripzioa egiteko (ugaotarrek lehentasuna izango dute): 688 69 38 36.

Apirilaren 12an hasi eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik izena emateko epea. Presentzialki egin behar da, hurrengo ordutegian: goizez 10:00 14:00 eta arratsaldez 16:00 18:00.

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envases Universales enpresako langileek herri asanblada eta mobilizazioak deitu dituzte Ugaon

08:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriaren plazan, udaletxearen aurrean. 10:30ean, Bilboko Albia lorategietara abiatuko dira Ugaoko langileak

|

Envases Universaleseko Ugaoko langileak, lehen elkarretaratzean // Geuria

Martxoaren 26an herri asanblada deitu du Envases Universaleseko enpresesa batzordeak Ugaoko Jane jauregian, 19:00etan.

Data honek “garrantzi berezia” dauka Ugaoko langileentzat, egun horretan bukatzen baita batzordea eta zuzendaritza taldeko kontsultak egiteko epea.

Horren haritik, eta ikusita egun horretan bertan osoko bilkura egingo dutela Ugaoko udaletxean, 08:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriaren plazan, udaletxearen aurrean. 10:30ean, Bilboko Albia lorategietara abiatuko dira langileak, bertan egingo baitute kontsulta-epearen azken bilera.

19:00etan herri asanbladaren txanda izango da, Ugaoko jane jauregian. Multinazionaleko langileek beren egoeraren berri emango diete hitzorduan parte-hartuko duten herritarrei.

Apirilaren 8tik 19ra bitartean mobilizazioak deitu dituzte eta horien berri laster emango dutela aurreratu diote batzordetik GEURIAri.

Kronologia laburra

Otsailak 19: Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientearen iragarpena enpresa batzordeari
Otsailak 26: Enpresa batzordea eta zuzendaritzaren arteko bilera, Bilboko egoitzan, eta iragarpen ofiziala
Otsailak 28: Enpresa batzordearen asanblada Ugaoko lantegiko langileekin
Martxoak 7: Lehen mobilizazioak: langileen lehen lanuzteak eta elkarretaratzeak Ugaoko lantegian zein Bilboko egoitzan
Martxoak 16: Manifestazioa Ugaon
Martxoak 20: Elkarretaratzea Gernikako Juntetxean

Martxoak 26: Elkarretaratzeak eta herri asanblada Ugaon
Apirilak 8-19: Borroka-astea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak / Korrika Arrankudiagatik heldu eta Zeberiorantza abiatu da Ugaoko bazterrak arakatu ostean

13:00ak aldera iritsi da Korrika Ugaora, Arrankudiagatik. Trenbideen gaineko zubian harrapatu ditu korrikalariak GEURIAk.

|

13:00ak aldera iritsi da Korrika Ugaora, Arrankudiagatik. Trenbideen gaineko zubian harrapatu ditu korrikalariak GEURIAk. Horra hor gaurkoan Ugaon bizitako irudi batzuk.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugao / Korrika 23 / 2024

|

23. Korrika bigarren egunez igaro da Hego Uribe eskualdetik. Arrankudiagak lekukoa pasa dio Ugaori. Hauek AEKk furgonetatik egin dituen argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Ugao

Herri bazkaria antolatu dute apirilean Ugao ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko

“Sorpresez betetako eguna” izango da apirilaren 27a, antolakuntzakoek GEURIAri azaldu lez, eta txupina eta kale animazioa antolatu dituzte herrian. Gainera, omenaldi “berezia” egingo diete ikastolako guraso eta irakasleei

|

Ugaoko ikastolako protagonistak, Herriaren plazan // Ugaoko ikastola

Ugao ikastolako guraso eta ikasle ohiek ikastolaren sorrerako 50. urteurrena ospatuko dute apirilaren 27an. Mende erdia ospatzeko bazkaria prestatuko dute herriko frontoian herritar guztientzat eta bertan parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek martxoaren 25etik apirilaren 20ra Zelai, Felipe eta Lainoa tabernetan.

Bazkariaz gainera “sorpresez betetako eguna” izango da apirilaren 27a, antolakuntzakoek GEURIAri azaldu lez, eta txupina eta kale animazioa antolatu dituzte herrian eta omenaldi “berezia” egingo diete ikastolako guraso eta irakasleei, besteak beste.


GEURIAk ikastolaren inguruko erreportajea argitaratu zuen iazko urte amaieran, sorreraren garaiko uneak birgogoraziz eta Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar protagonisten berbak jasoz.

Osorik irakurri