→Hego Uribe

Aritz Galarza: “Kalitatezkoak diren eta merezi duten produktuak gurera ekartzeko asmoz lanean jarraitzea da nire helburua”

arrankudiaga aritz galarza 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia

ETBko Programazio eta erosketa buru da Aritz Galarza (Arrankudiaga, 1976), eta testuinguru global batean Euskal Telebista bezalako telebista batentzat lan egiteak zer suposatzen duen kontatu digu.

Aritz Galarza, ETBko erosketa eta programazio burua // Argazkia: Aritz Galarza

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Hogei urte pasatu dira albiste zerbitzuetako produkzio saileko beka batekin lehenengoz EITBn sartu zenetik. Besteak beste, La noche de… saioan aritu zen lanean, ETBn ikusten genituen pelikulak berak programatzen zituen gerora eta EITB kultura saioaren sortzaileetako bat izan zen. Orain urtebetez geroztik ETBko Programazio eta erosketa buru da Aritz Galarza (Arrankudiaga, 1976), eta testuinguru global batean Euskal Telebista bezalako telebista batentzat lan egiteak zer suposatzen duen kontatu digu. Bide batez, ETB1eko programazioari ezker-eskuma egurra ematea hain modan dagoen garaiotan, horri buruz galdetzeko ere aprobetxatu dugu berarekin izan dugun hizketaldia.

Produkzio eragile eta programatzaile lanei lotua ageri da askotan zure izena. Mundu horretan adituak ez garenontzat, zer da zehazki batak eta besteak egiten dutena?
Produkzio eragilea proiektuaren hasieratik dago bertan, bilatu, sortu eta egokitu egiten du; sarri proiektuaren zuzendaria bera baino lehenagotik dago, gaur egun Estatu Batuetan show runner delakoen antzera. Horrez gain, eduki, aurrekontu eta talentuaren gestioa egiten du nahiz eta hori eguneroko lana ez izan, gehiago baita kontzeptuaren lanketari, taldearen aukeraketari eta medioen asignazioari lotutako zerbait. Proiektuko taldearen gainetik dagoen figura da, ikuspen estrategiko globala duena.

Programazio lana oso bestelakoa da, erositako produktuak zein bertan egindakoak kokatzen aritzen da programatzailea: konpetentzia aztertu, iragarki-tarteen kokapena erabaki, urteko sasoi egokia zehaztu…, eta beste hainbat gauza kontuan hartuta produktuari ahalik eta etekinik handiena ateratzean datza programazio lana.

Nola hasi zinen ogibide honetan?
1998an EITBko albiste zerbitzuetako produkzio saileko beka batekin hasi nintzen. Urtebetez izan nuen albistegietan bekadun egoteko aukera, ekoizpen lanetan. Gero, beka bukatzean zenbait ordezkapen egin nituen albistegietan eta hortik gutxira programen ekoizpenean lanean hasteko aukera izan nuen. Hortxe, La noche de… programan hasi nuen nire ibilbidea, eta gerora zinema programatzera eraman ninduen.

arrankudiaga geuria aritz galarza 2018 aipua argazkia

Ilustrazioa: Alejandro Prieto

2005ean EITB kultura programaren sortzaileetako bat izan zinen: zeri erantzuteko sortu zenuten saioa? Halako tarte baten beharra ikusi al zenuten ETBn?
Esan bezala, zenbait programetako produkzio laguntzaile nintzen, eta Pello Sarasolaren deia jaso nuen kultura magazine bat egiteko enkarguarekin. Horretarako ekoizle zein zuzendari bezala nigan pentsatu zuela esan zidan. Ekoizle eragilearen figuratik oso gertu, lan taldea aukeratzen hasi nintzen, kontzeptua lantzen, eta gaur egungo EITB kultura sortu genuen.

Programaren helburu nagusia zen telebistako profesionalen ezagupenak kulturaren dibulgaziora bideratzea. Ordura arte hainbat programa egon ziren, kalitate handikoak, kultura munduko jendeak eginak eta kulturaz aritzen zirenak. Gure kasuan, telebistako jendeak egindako saio bat burutu genuen, medioa telebista izanik, kultura telebistaren bidez ahalik eta erarik egokienean plazaratzeko. Oso esperientzia polita izan zen, nahiz eta hasiera batean kultur sektoreko zenbait agentek errezeloz ikusi euren mundukoa ez zen jendea horretan aritzea.

Orain, perspektibarekin, badakit gehienek enfoke horren onurak argi ikusten dituztela. Gure lema honakoa zen: “Lagunduko dizugu ahalik eta jende gehienarengana heltzen telebistaren bitartez, zure ekimenak difusio ahalik eta handiena izan dezan. Baina horretarako gu gara adituak telebistan”.

ETBri askotan egiten zaion kritika da, euskarazko kateari bereziki, kirolak eta haur eta gaztetxoentzako saioak ikusteko baino ez duela balio. Errazegi egindako kritika dela uste al duzu? Ala badu oinarriren bat?
Inpresioek badute beti egiazko oinarri bat; arazoa da horrek egiten diren beste hainbat programa eta saio ezkutatzen dituela.

Kirol emanaldietatik hasita, ETB1i audientzia datuak eskatzera jokatzen badugu, kirol emanaldiak bertan ematea arrazoizkoa da. Alde batetik, euskaldunek bereziki jarraitzen dituzten kirol emanaldi horiek, pilota, arrauna eta txirrindularitza esaterako, ETB2n ipiniz gero ordu berean ETB1eko audientziak kaltetuko lituzke eta, bestalde, euskara ulermen bajua duen ikuslegoa bertara joatera behartuko genuke. Beraz, nire iritziz behintzat, horiek guztiak ETB1en ematea da egokiena.

Gaztetxoen tarteari begiratzen badiogu, eurena da gaur egun, globalki hitz eginda, eskaintza gehien duen adin tartea da, jakinda, gainera, edozein hizkuntzatan edozein medio kontsumitzeko gai direla: ingelesez, batik bat, eta tableta, mugikorra… Bestalde, euskaldun komunitatearen oraina eta geroa ere badira, beraz, estrategikoa ikusten dut ETBrekiko lotura hori mantendu eta zaintzen saiatzea. Argi gelditu da Goazen bezalako produktuekin ETBk adin tarte horrentzat naturaz kanpokoa den medio batetik, hau da, telebista tradizionaletik, eduki interesgarri bat eskaintzeko gaitasuna izan duela, eta arrakasta itzelarekin, gainera. Hortaz, hori ere egokia ikusten dut.

Baina horiez gain, eta iritziak iritzi, ETB1ek, Herri txiki infernu handi, Ur handitan, Gailurra extreme, Ahoz aho, Tumatxak, Aitaren etxea edota Aulki jokoa bezalako saioak ere eskaini eta eskaintzen ditu.

Zer gertatu da ETBn bertako fikzioarekin? Orain urte batzuk bertako telesailen eskaintza zabala eta oso ona zen; orain, badirudi asko jaitsi dela ekoizpena…
Ekoizteko garestienak diren generoek sufritzen dute beti gehien krisi garaietan, eta fikzioaren kasua garestienetakoa da; horrek, beraz, seguru asko eragin handia izan du azken urteetako eskaintzan. Hala ere, azken hiruzpalau urteetan ETB1en Goenkale amaitu zenetik Aitaren etxea (denboraldi bat) eta Goazeneko hiru denboraldi egin dira, eta hori ere fikzioa dela ahazten zaigu batzuetan. Bestalde, duela urte batzuk eskaintza zabalagoa zenaren pertzepzioa gehiago da oroimen metatuaren kontu bat denboraldi berean fikzio asko zegoela pentsarazten diguna, egon baitira garaiak egun baino fikzio gutxiago egiten zena. Dena den, neuk ikusle bezala, esperantza dut datozen urteetan fikzio gehiago egotea, gertuko fikzioek beti ematen baitizute kanpokoekin konpetitzeko abantaila.

Zein asmo dituzu aurrera begira?
Duela urtebete hartutako lan berrian, Programazio eta erosketa buru bezala, jaiotzea eta sektorean ematen diren etengabeko modelo aldaketen aurrean nire enpresarako aukerak identifikatu eta profitatzea. Oso esperientzia polita da gurea bezalako telebista batentzako lan egitea testuinguru global batean. Izatez, oso enpresa txikia gara mundu mailako merkatuan eta horrek askotan saltzaile bihurtzen gaitu erosketa bat lortzeko. Honela izanda, harreman pertsonalen lanketa oso garrantzitsua bihurtzen da bai mundu osoko saltzaileekin eta baita bestelako telebistekin ere, autonomikoak zein nazionalak. Izan ere, elkarlana eta akordio estrategikoak funtsezkoak dira gure egoeran. Etengabeko ikasketa izan da azken urte honetakoa, izatez, duela urtebeteko eskemak zenbait kasutan ez baitira egun erabilgarri. Beraz, kalitatezkoak diren eta merezi duten produktuak gurera ekartzeko asmoz honetan jarraitzea da nire helburua.

Di-Da

Gordeta duzun objektu preziatu bat? Nire aititek idatzitako liburua

Egun libre bat duzunean zer egiten duzu? Umeekin egon

Zure bertute bat? Malgutasuna

Zure akats bat? Orden falta, baina konsziente naizenez, dena denboraz antolatzen dut

Zein da egin duzun azken bidaia? Los Angelesera

Eta egin nahi zenukeena? Japoniara

Irakurtzen ari zaren liburua? Freakonomics

Eta ikusten ari zaren telesaila? Lanean, asko. Etxean, Doraemon

Abesti bat? Neil Youngen Rockin’ in the free world

Pelikula bat? Mystic River

Besteengan miresten duzun bertutea? Leialtasuna

Non eta noiz zara zoriontsu? Arrankudiagan lagunekin eta familiarekin

Miresten duzun pertsonaia historiko bat? Iribar

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|