→Arrigorriaga

Eñaut Barandiaran: “Egunerokotik urrundu eta fokua kirolean eta kirolariengan dugu”

arrigorriaga enaut barandiaran 2018 harmaila aldizkaria

Euskal Herriko lehen kirolezko aldizkaria jarri dute martxan Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterolak. Urtean bost ale kaleratuko dituzte.

Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran, Harmaila aldizkariko sortzaileak // Harmaila

Euskal Herriko lehen kirolezko aldizkaria jarri dute martxan Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterolak. Urtean bost ale kaleratuko dituzte. Lehena eta bigarrena badituzte kalean eta dagoeneko ehun harpidedunek eman dute izena

Prentsak gainbehera dagoen garaian, kirolarekin zerikusia duenak bizirik jarraitzen duela ematen du. Are gehiago, Panenka, Volata edo Libero bezalako aldizkari espezializatuak sortu dira azken urteetan. Eta Euskal Herrian? Galdera horri bueltaka hasi ziren orain bost urte Aitor Manterola (Zumaia, 1974) eta Eñaut Barandiaran (Zaratamo, 1982), eta geroago Iñaki Berastegi (Urdiain, 1994) gehitu zitzaien. Bakoitza hamarkada ezberdin batean jaiotakoa, bata nafarra, bestea gipuzkoarra eta hirugarrena bizkaitarra, bakoitza bere belaunaldiarekin lotuta. 0. zenbakiaren ondotik, badituzte kalean lehen eta bigarren ‘Harmaila’, Euskal Herriko kirol aldizkaria. Noski, euskaraz.

Iazko uztailean sortu zenuten Harmaila aldizkaria 0. zenbakia online ateraz. Nola jaio zen kirol aldizkari bat sortzearen ideia? Nola elkartu zineten Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran?
Egia esan, aspalditik datorren kontua da. 2012an Aitor Manterola eta biok ideia honen inguruan hasi ginen hizketan. Hasiera batean futbol aldizkari bat egiteaz hitz egin genuen, baina gerora, euskal prentsan kirolarekiko zegoen hutsunea ikusita planteamendu orokorrago bat behar genuela konturatu ginen. Hainbat saiakera antzuren ondoren, iaz Iñaki Berastegi batu zitzaigun, eta hiruron artean aurrera egitea erabaki genuen. Gure asmoa zen 0.zenbakia sarean jartzea jendearen harrera ikuste aldera. Egia esan, hasieratik nabaritu genuen kirolzale eta euskaltzale askok gure analisi bera egina zutela.

Aldizkaria euskara hutsean argitaratuko duzue. Zein da helburu nagusia? Uste duzue hori izango dela gazteak euskaraz irakurtzera eta kontsumitzera erakartzeko modua?
Helburu nagusia kirola, kirolariak eta euskara bera uztartuko dituen leiho bat irekitzea da. Euskara gailua izango da, jendeak kirolaz patxadaz irakurri eta gozatu ahal izateko. Gazteei arreta berezia eskaini nahi diegu, azken finean, euskarak hizkuntza normalizatua izatea badu helburu, garrantzitsua da oraina eta etorkizuna diren gazteak erakartzea, eta uste dugu kirola horretarako tresna ezin hobea izan daitekeela.

Zein eduki landuko dituzue aldizkarian?
Gure asmoa kirol guztiei arreta eskaintzea da, izan handi zein txiki. Argi dago gure herrian badaudela ia hegemonikoak izatera heldu diren kirolak, baina uste dugu garrantzitsua dela egunerokotasunik zertxobait urrundu eta fokua kirolean eta kirolariengan jartzea. Daramagun ibilbide laburrean zerbait ikasi badugu zera da, kontatzeke dauden milaka historia eta bizipen interesgarri daudela kirol txiki eta ezezagunean ere. Saiatuko gara, ahal dugun neurrian, horri tamaina hartzen.

Nabarmendu duzue lehenengo zenbakian emakumearen presentzia handia izan dela. Gaur egun oraindik ere nahiko ikusezina da emakume kirolarien presentzia hedabide kontsumituenetan. Zuen apustua izango al da egoera hori aldatzea?
Aldizkari parekidea izatea gure helburu nagusienetako bat da. Ez dugu nahi lehen zenbakian gertatu dena zerbait puntuala izatea, aitzitik, egiteko modu baten hasiera izatea bilatzen dugu. Emakumezkoen kirolari dagokion tokia eman nahi diogu, kirolariari eta mamiari lotuz, paternalismorik gabe.

Lehenengo zenbakia abenduan jarri zenuten salgai, Durangoko Azokan. Irakurleengandik zein erantzun jaso zenuten? Zein hausnarketa egin duzue Azokan lortutakoaz?
Oihan handia da azoka, eta gu oso txikiak, baina egia esan oso balorazio positiboa egiten dugu. Aldizkaria ezagutarazteko balio izan zigun, baita jendea ezagutzeko ere, eta handik hainbat ikasgai atera genituen.

harmaila 2 zenbakia 2018 martxoa

Harmailako 2. zenbakia martxoan kaleratu dute. Azala Dani Maiz ilustratzaileak (eta Geuriako kolaboratzaileak) egin du // Harmaila

Urtarrilean gainera, Argia Saria jaso duzue. Zer suposatu du horrek zuentzat?
Alde batetik sorpresa handia, eta bestetik poz izugarria. Azken finean, orain arte ibilbidea saritu izan da, egina, nolabait esatearren, eta gure kasuan ekina saritu dute, arriskatu izana. Bultzada handia suposatu du.

Harpidetza kanpainaren bitartez banatuko duzue Harmaila. Zenbat harpidedun dituzue gaur egun?
100 harpidedun inguru ditugu. Gehienak gizonak dira. Emakumeen kopurua %25etik gorakoa den arren, hor badago lanketa bat egiteko. Udal liburutegietan ere lanketa egiten ari gara, eta erantzuna ona ari da izaten.

Urtean bost ale kaleratuko dituzue. Zehazturik baduzue noiz argitaratuko dituzuen aleak?
Gure asmoa patxadaz lan egitea da. Argi daukagu epeak bete egin behar ditugula, baina astebete behera edo gora, horrek ez gaitu kezkatzen, baldin eta bost aldizkariak egiten baditugu.

Azken urteetan kolokan jarri dute hainbatek papera desagertu eta sarean dagoela kazetaritzaren etorkizuna. Nola ikusten duzue zuek ikuspuntu hori?
Egia esan, Harmaila egunkaria balitz apustua ezberdina litzateke, baina aldizkariaren filosofia ikusita, paperera eramatea eskatzen zigun. Irakurleak eskuan izatea, argazkiak eta artikuluak patxadaz begiratu ahal izatea… Hori paperak soilik ematen digu.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|