→Arrigorriaga

Markel Hernandez: “Belakia bihurtzen naiz kalera irtetean: xurgatu eta xurgatu”

arrigorriaga markel hernandez 2018 antzerkia aktorea idazlea elkarrizketa

Salamancako Malhablada antzokian hilabetez antzeztu dute berak idatzi eta zuzendutako ‘Taboo, inoiz esan ez genituen gauzak’ antzezlana.

Markel Hernandez Arrigorriagakoa da eta antzerki aktorea eta idazlea // Markel Hernandez

Salamancako Malhablada antzokian hilabetez antzeztu dute berak idatzi eta zuzendutako ‘Taboo, inoiz esan ez genituen gauzak’ antzezlana

Arrigorriagakoa da Markel (Arrigorriaga, 1997), nahiz eta Salamancan bizi izan den azken urteetan. Filologia Hispanikoa ikasten du bertan. Aurten Granadara joan da denbora batez, SICUE mugikortasun programari esker. Arrigorriagan, Salamancan edo Granadan, berdin du, Markelek berarekin eramaten ditu beti boligrafoa eta koadernoa. Arnasa hartu eta ura edan eta gero, ez dugu esango idaztea dela bizirik irauteko Markelek behar duen hurrengo gauza, baina horrek egiten du zoriontsu. Literatura lehiaketa ugari irabazi du Euskal Herrian eta baita estatuko beste hainbat hiriburutan ere. Azkena, Salamancan, eta bere antzerki lana hilabetez antzeztu da bertako areto batean.

Antzerki gidoilaria zara, beraz.
Aktorea eta idazlea. Hainbat antzerki labur idatzi ditut. Azkenak ‘Taboo, inoiz esan ez genituen gauzak’ du izena. Salamancako Malhablada antzokiko antzerki lehiaketa irabazi eta bertan izan da antzeztua otsail osoan zehar, nire zuzendaritzapean. Istorioak barne barnean sentitzen ditugun gauza horien inguruan hitz egiten du. Nahiz eta bene-benetan pentsatu, azalaraztea ezinezkoa egiten zaigun gauza horien inguruan. Oraindik ez gara konturatu, tamalez,  gure gaitzen arrazoi nagusiena askotan horixe bera dela, gauza horiek gure barnean giltzaperatzea. Eta aldi berean, botikarik onena, gauza horiek kanporatzea.

Hori da zuk egiten duzuna? Barruan dituzunak atera?
Izan daiteke. Kalera irteten naizenean, belakia bihurtzen naizela esan daiteke. Hau da, inguruan dudan elikagaia xurgatzen hasten naiz: ezagutzen dudan jendea, hauek esaten dutena, egunero egiten dudan ibilbidea, ukitu ditudan objektuak, edan dudan kafea, ikusi ditudan jendarteko begiradak… Ez dut esango beti, baina askotan, etxera iristean, ezinegon sentsazio arraro bat sumatzen dut. Eta nola erantzuten diot horri? Zerbait idatziz. Xurgatutako guztia hitzetan jartzeko beharra sentitzen dut, eta orduan bai, lasaitasuna bueltatzen da nigana. Botaka egitea bezala da. Behin kanpoan ikusita, “Nire barnetik atera al da hau?”, galdetzen diot nire buruari.

Baina, idazten hasi baino lehen…
Idazteko, berdin da zer idatzi, irakurri egin behar da lehenago. Irakurriz ikasi dugu idazten, irakurtzen genuen hori imitatuz. Edozein liburu idatzi denean, aurretik idatzitako bat imitatuz egin da. Hori bai, imitatzea ez da kopiatzea. Gauza asko imitatu daitezke: estiloa, estruktura, hiztegia… baita ideiak ere. Gero zure barneko belakitik ateratzen duzun zuku horrek markatzen du ezberdintasuna.  Nik asko irakurtzen dut, hilean hiru edo bost liburu erraz. Batzuetan hiru liburu aldi berean irakurtzen ditut, zoramena da, baina halakoa naiz ni ere.

Antzerkia idazten duzu, baita poesia ere…
Idatzi eta errezitatu. Mikro irekietara joaten naiz idazten ditudan poemekin.

arrigorriaga markel hernandez 2018 poesia utzitakoa

Antzerkia idazteaz gain, poesia ere idatzi eta errezitzen du Markel Hernadez arrigorriagarrak // Makel Hernandez

Zer dira mikro irekiak?
Errezitatu, abestu, performance bat egin… Eskaintzeko duzun hori besteen aurrean ezagutzera emateko leku ederrak dira mikro irekiak. Tabernetan edota kafe-antzoki txikietan egiten dira normalean. Parte hartzaile edo entzule bezala joan zaitezke. Bilbon badago Slam Poetry izeneko leku bat eta hileko lehen asteazkenetan mikro irekiak egiten dituzte. Salamancan hainbat areto daude dinamika hori jarraitzen dutenak. Egia esan, gustatuko litzaidake Bilbon eta inguruetan aukera hori ematen duten leku gehiago egotea. Ederra izango litzateke Arrigorriagan, nire etxean, agertokira igotzea eta Salamancan egin ditudan lanak aurkeztea.

Zer nolako pertsonak joaten dira halako saioetara?
Gazteak gara gehienak. Gazteak, bai. Izan ere, gazteak-literatura binomioak duen ospe txarra ez da benetakoa. Bilbon, Madrilen, Salamancan, Granadan… Berdin du non, han gaude, entzuten, adi, irakurtzen, agertoki gainean, txalotzen… Poesia, antzerkia, eleberriak… Literatura azken finean, interesatzen zaigu eta hortik edatea beharrezkoa dugu.

Argi duzu.
Oso argi. Nork ez du abestiren bat behin eta berriz abestu, letra guztiz bere eginda, eta horren atzean lagun edo maitale baten izena jarrita, zuzenean berarentzat egina balego bezala? Eta baliteke horrela izatea, pertsonak horrek bere bihurtu duelako. Jendeak esaten dit: “Jo, hitzetan jarri duzu nik pentsatzen nuena”. Bi pertsonari galdetuta zer den sentitzen dutena, ez da erantzun bera izango. Baina haiei zuzendutako pieza dela uste dute, eta horrek lasaitasuna ematen die. Niri ere gertatzen zait. Horregatik esaten dut literatura, berdin du zein formatan, beharrezkoa dugula.

Kontsumitzeko eta, baita idazteko ere?
Gizakiok idazteko beharra daukagula argi dago ere: harrietan, hormetan, komuneko paretetan, paperetan… Eta orain baita Twiterren, Instragramen edo Facebooken ere.  Post zoragarriak aurki daitezke horietan. Twitter da agian gehien gustatzen zaidana, berez idazteko egina dagoelako… Hala ere, besteetan, testua eta irudia uztartuz, gauza politak egiten dira.

Zein poesia liburu gomendatuko zenuke?
Ez nuke idazle bat gomendatuko, bai ordea argitaletxe bat: La Bella Varsovia. Gustu ona du, edozein liburu hautatuta ere,  badakizu poesia ona irakurriko duzula, onargarria bai behintzat.

Eta zurea?
Cuaderno de tormentas poesia liburua idatzi nuen iaz. Oraindik ez dut lortu inork argitaratzea. Nahiko nuke, noski, baina bitartean bigarren liburu bat idazten ari naiz, ez dut helburu horrekin bakarrik idazten.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak