→Basauri

Agus Barandiaran: “Joan zirenek niri erakutsi zidatena besteei erakustea baino hoberik ez da”

basauri agus barandiaran korrontzi 2017 elkarrizketa

6 urte daramatza Basaurin trikitia irakasten Agus Barandiaranek. Korrontzin, ostera, 13 urte dagoeneko, eta 30 bat urte trikitia jotzen hasi zela.

Sei urte daramatza Basaurin trikitia irakasten Agus Barandiaranek. Korrontzin, ostera, hamahiru urte dagoeneko, eta hogeita hamar bat urte trikitia jotzen hasi zela

Korrontzi musika taldeko trikitilaria eta burua da Agus Barandiaran (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1975). Maruri-Jataben etorri zen mundura orain 42 urte, baina azken sei urteetan Basauriri lotuta bizi izan da, herriko Musika Eskolan irakasle baita.

Nondik datorkizu trikitiarenganako grina?

Txikitan nire nahia familian beti presente egon den trikitiari hautsa kentzea zen. Aita eta aitona trikiti zaleak ziren. Are gehiago, aitonak trikitia erosi eta guzti egin zuen, jotzen ez bazekien ere. Beti etxean nabaritu izan dudan zaletasun horri erantzuna eman nahi nion.

Nola hasi zinen trikitia jotzen ikasten?

13 urte inguru izango nituen. Nire aita soinu txikia jotzen zuen 80 urteko agure ba- ten tabernara joaten zen eta igandetan eramaten ninduen. Orduantxe ikusi nuen nik trikiti bat lehenengo aldiz. Hark Rufino Arrola, Andrakaseko Errementaria, zuen izena eta berarengandik nire lehenengo eskolak jasotzen hasi nintzen. Errespetu handia nion, asko baitzekien.

Geroztik zenbat taldetan edo proiektutan ibili zara?

Hau erantzutea luzea litzateke. Trikiti txapelketekin hasi nintzen. Irabazitako txapelekin jendea deika hasi zitzaidan eta kalejirak, ezkontzak eta horrelakoekin hasi nintzen. Honek nire lehen taldea ekarri zuen, Urgabe alegia. Hamar urtetan zehar mila emanaldi inguru eskaini genituen talde honekin.

Ondoren, Korrontzirekin hasi eta munduan barrena emanaldiak eman genituen: Kabo Berde, AEB, Brasil, Rumania, Azores irlak, Frantzia, Alemania, Sardinia, Sizilia, Maroko, Irlanda, Ingalaterra, Holanda, Malasia, Belgika, Grezia, Txipre, Espainia, Portugal, Italia, Eslobenia, Kroazia… Nazioarteko Orkestra batean ere egon nintzen eta beraiekin disko bat kaleratu nuen. Hau laburpena baino ez da.

Euskal Herritik kanpo zein kontzertu gogoratzen duzu hoberen?

Malasiako jende jatorra, Kabo Berdeko natura, Estatu Batuetan Washington-eko kapitolioaren aurreran jotzea… Maletak galtzea, lagunak egitea, ikuslegoaren txaloak… momentu ahaztezinak denak.

Euskal talde batek nolatan izan dezake hainbesteko oihartzuna eta eragina hemendik kanpo?

Nik beti esaten dut gure aurrekoek erakutsitakoa mantentzea dela gure nahia. Horrela izanik, kanpoan eskaintzen dugun kontzertu bakoitzean Euskal Herriaren erakusleiho bihurtzen gara. Gure kultura, musika, dantza eta hizkuntza erakutsiz eta defendatuz, kontzertuaren egunean gu gara bertako ikuslegoaren aurrean Euskal Herriko enbaxadoreak. Hori erantzukizun handia da, baina baita guretzat ohore bat ere. Beraz, nire ustez, gure oihartzuna, gure herriaren oihartzuna dela esango nuke.

Entzun dugu hirurogei bat soinu txiki dituzula. Egia al da hori?

Kar, kar, bai, badakizu batek bestea dakar… Lehenengoa nire aitak maisuari, Rufinori, erosi zion 30.000 pezetaren truke eta sitsez beteriko trikitia zen hura. Eta munduan barna ibiltzeak bertan ikusitakoak erostea ere badakar… Azkenean hirurogei bat, bai, horrela da.

Trikitia jotzeaz gain kantatzen ere ikusten zaitugu. Kanten letrak zuk konposatzen al dituzu?

Bai, noski. Konposaketa lanetan ibiltzea tokatu izan zait beti. Nire lehen doinuak 1998. urtean konposatuko nituen, nire lehen diskoa kaleratu aurretik. Ordutik hona hamabi bat disko kaleratu ditut talde desberdinekin. Kolaborazioak ere egin izan ditut beste hainbat talde eta ekimen batzuekin. Musikak sortu, letrak idatzi eta egokitu… hori da gure saltsa!

Kanta guztiak euskaraz al dira?

Bai, kanta gehienak euskaraz dira. Baditugu ere kantak edo zatitxoak beste hizkuntza batzuetan, gehien bat gure disketan abeslari gonbidatu mordoa izan dugulako eta bakoitzak bere jaioterriko hizkuntzan abestu izan duelako.

Nola definituko zenuke egiten duzun musika-estiloa?

Musika tradizionaletik hasi eta garaikidera doan estiloan kokatuko nuke nire musika. Hori da, behintzat, nire nahia.

Korrontzi Dantzan emanaldia eskaintzen ari zarete orain. Nola sortu zen hau egiteko ideia?

Gure seigarren lana da hau. Beti ibili gara Euskal Herrian zein mundu mailan dantzariekin lanean. Gure lana interesatzen zitzaien, eta gure musikarako bereziki sortutako koreografriak ikasi nahi zituzten. Honi nolabaiteko irtenbidea emateko asmoz, guk zuzenean dantzari horiei erakustea pentsatu genuen.

Nola definituko zenuke ikuskizuna?

Gure herriaren ohitura, musika eta dantzen bilduma bat da. Tradiziotik garaikidetasunera doan zubi baten muturren arteko hizketaldia. Bertan, Korrontziren erritmoa, kolorea, bizitasuna eta nortasuna bi orduko ikuskizunean laburbildurik daude.

Gustura al zaude lanbide honekin?

Bai, noski! Oso gustura nago. Tradiziozko pertsona bat naiz, tradizioa ikasi dut eta honetan sinesten dut. Beraz, ez dago ezer hoberik joan zirenek niri erakutsi zidatena belaunaldi berriei erakustea baino.

Gora