→Basauri

Agare Lopez: “Urtebete lanik egin gabe pasatzen baduzu, beharbada ez duzu gero bueltatzeko aukerarik”

basauri agare lopez elkarrizketa 2018 geuria ale berezia berba eta irudia

Agare Lopez basauriarra Soinujolearen semea filmean produkzio laguntzaile lanetan aritu da, eta aurretik Errementarin eta Handian ere ibili da, besteak beste.

Agare Lopez basauriarra 'Soinujolearen semea' filmean (2019) produkzio laguntzaile lanetan aritu da // Argazkia: Amaia Goikoetxea

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Oso ikasle ona izaki, unibertsitateari muzin egin eta Andoaingo Zine eta Bideo eskolara joatea erabaki zuenean askok galdetu omen zioten goi mailako ziklo batean sartu behar ote zuen. Baina Agare Lopezek (Basauri, 1988) oso garbi zeukan hura zela bere tokia. Soinujolearen semea filmean produkzio laguntzaile lanetan aritu da ekainaren amaierara arte, eta aurretik Errementarin eta Handian ere ibili da, besteak beste. Oporrak hartzea langabezian geratzea da beretzat, edo lan bati uko egitea. Baina momentuz merezi duela dio.

Soinujolearen semea filmaren grabaketan ari zara lanean, amaitzear zaudete. Zein lan egin duzu bertan?
Azkenaldian produkzio laguntzaile moduan nabil lanean. Lokalizazio askoko pelikula da Soinujolearen semea, beraz, aktoreak non jantzi eta makilatu antolatzea, taldeko kideentzat bazkaltzeko tokiak aurkitzea… Talde teknikoa zein artistikoa ondo egoteko erosotasun guztiak bilatzea izan da nire lana.

Handiako lan-taldeko kide ere izan zinen. Zorionak, beraz, dagokizunagatik! Espero zenuten halakorik?
Ez! Gainera, Handia nire lehenengo produkzio lana izan zen. Nik kamera izateko ikasi nuen baina pelikula horretan hasi nintzen produkzio lanetan, eta izugarria izan da niretzat. Ate asko ireki dizkit, hortik aurrera produkzio lanetan ibili bainaiz beti. Eta gero Goyetakoa etorri zen gainera… negar eta negar aritu nintzen etxean ikusten nuen bitartean. Hamahiru izendapen izanda, zazpi-edo jaso zitzakeela pentsatzen nuen, baina hamaika!

Nola sartu zinen Handian?
Laguntza apur bat izan nuen, mundu honetan sartzea oso zaila baita. Itziar Ituñok, Loreaken lan egin zuenez, nire curriculuma pasatu zien Handiako lan-taldekoei, eta zortea izan nuen. Itziarri esker jada mundu honetan nago: honetatik bizi ahal izateko uste dut bera izan dela nire talismana.

Errementari pelikulan ere aritu zara lanean… Azkenaldiko estreinu guztietan zaude!
Zorte handia izaten ari naiz, bai! Errementarin produkzio laguntzaile moduan egon nintzen, nire lehenengo pelikula izan zen lan horretan. Oso gogorra izan zen film hura. Abenduan eta urtarrilean Gasteizen egon ginen, sekulako hotza egiten zuen, lokatz pilo bat zegoen… Gero emaitza ikusi eta gratifikantea da, baina momentuan oso gogorra izan zen.

Gogoan dut Eneko Sagardoyk ere antzeko zerbait esan zuela…
Bai. Eneko gizarajoak sekulako hotza pasatzen zuen, askotan bere alboan egoten nintzen berogailu batekin. Barneko grabaketa tokatzen zenean Muskizeko burdindegi batean egoten ginen; barruan sekulako hezetasuna zegoen, hotz handia egiten zuen, eta urtarrilean uholdeak eta guzti izan genituen. Gogorra izan zen, bai. Eta zortea izan genuela esan behar dut, gainera! Izan ere, ibaiak gauez egin zuen gora, material asko busti zitzaigun baina ez gintuen errodaje momentuan harrapatu, eskerrak! Gero dena lehorgailuekin sikatzen  ibili ginen, baina behintzat ez zen errodaje momentuan izan.

basauri geuria agare lopez 2018 aipua argazkia 1000600

Ilustrazioa: Alejandro Prieto

Euskal Herrian ba al dago aukerarik gaur egun filmetan lan egiteko?
Kostatzen da sartzea, baina gero eta proiektu gehiago daude. Apirilean Koldo Serraren pelikula grabatu zuten Bilbon, maiatzean Donostian Moriartiren beste bat grabatu dute, Mundakan neguan Antena 3eko Presunto culpable egon da, Allí abajo Donostian hasiko da berriz ere… Proiektuak badaude, baina egia da kosta egiten dela sartzea. Ez da enpresa batean moduan: curriculuma eman eta gustatzen bazaie, barrura zoaz. Hemen ez da horrela, curriculumak bidal ditzakezu baina… Nik pila bat bidali ditut, eta azkenean ahoz ahokoari esker sartu naiz, horrek funtzionatzen du: norbaiti zure lana gustatu eta aurrera egitea.

Esan al liteke orain euskal zinema loraldian dagoela?
Orain loratzen hasi dela esango nuke, bai. Irailean beste hiru film jarri ziren martxan: Donostian bat, Portugalete inguruan beste bat, Durangaldean beste bat… Goraka hasi dela esango nuke, behintzat ni mundu honetan hasi naizenetik badut sentsazio hori, gertatu izan baitzait film batera joan nahi izan eta ezin izatea beste batean nagoelako.

Telesailekin kontrakoa gertatu dela esan al liteke?
Bai. Orain ETBn dagoen telesail bakarra Goazen da, gaztetxoentzat. Ez dakit oso ondo zergatik gertatu den hori. Nik uste krisialdiaren aitzakia aprobetxatu dutela neurri batean halako beherakada egiteko. EITBk badu bere platoa, alegia, gauza asko erraztuta ditu… Beharbada izango da telesailak ez direla ikusten? Goenkale modukorik ez dago egon hura bukatu zenetik, eta haren aurretik gauza asko egiten zen.

Allí abajo telesailean jarraituko al duzu?
Ez, beste pelikula bat baitaukat une berean. Baina oso esperientzia ona izan zen, kameren sailean egon nintzen eta oso gustura aritu nintzen. Donostian bertan grabatzen genuen, gainera, ez nuen asko mugitu beharrik izan. Azkenean, gutxi gorabehera urte erdia Donostian pasatzen dut, Zinemaldian ere aritzen naiz eta…

Urte asko daramazu, gainera, bertan lanean montadore bezala.
Hamar urte, bai. Oraindik pelikula batzuk 35 mm-tan etortzen dira, lata txiki batzuetan, eta egiten dudana da dakarren kola babeslea kendu eta montatu pelikula rollo handi batean, proiektatzeko. Eta gero alderantziz, berriro filmoteketara eramateko jaso.

Mundu hori ezagutzen ez dugunontzat, ordu askotako lana al da pelikula batekin hori egitea?
Montatzea izan liteke 20 minutuko kontua. Desmontatzea beharbada zailagoa da, zelo bat ipini behar baitiozu aurretik eta gero desmontatzean zelo hori aurkitu behar duzu. Oso labur eta oso modu sinplean azalduz, montatzea erraza da, aitzinako VHSetan bezala errebobinatzean baitatza, baina desmontatzerakoan erneago ibili behar duzu, zelo hori bilatu behar baituzu. Mundu bat da. Gainera, oraindik argazkilariak-eta etortzen dira 35 mm-ko argazkiak egitera etab., eta hori ez da egungo Zinemaldia. Orain disko gogorren Zinemaldian gaude.

Arraroa egiten da gaur egungo munduan halako lanak oraindik egin behar direla ikustea…
Bai, baina gero eta gutxiago. Hasi nintzenean hiru montadore geunden eta orain bakarra naiz. Gainera, lan gehiago ere egiten ditut horrez gain. Pelikulak txekeatzen ditut, azpitituluak ondo dauden ikusteko, formatua ondo dagoen… Ezin da akats txikiena ere egon, tilde bat txarto ipinita badago, detektatu egin behar da. Oso erne egon behar duzu, zu bakarrik sala batean pelikula ikusten.

Ardura handiko lana da hori…
Bai, batez ere sail ofizialeko pelikulak direnean. Dena dela, niri ardura gehien ematen didan lana da aretoz areto soinua igotzea edo jaistea da. Zinemaldiak dirauen egunetan, goizetan aretoz areto ibiltzen naiz Principe zinemetan, eta egun horretan areto horretan proiektatuko diren pelikulak pixkanaka entzuten ditut, oso altu edo oso baxu dauden jakiteko eta horren arabera soinua egokitzeko. Niretzat horrek dakar ardurarik handiena, apur bat gustu kontua ere bai baita hori. Hori egiten zait zailena. Zinema komertzialetan badute estandar bat, baina Zinemaldian finagoa izan behar duzu, eta tokatzen den pelikula motaren arabera ere aldatu egiten da.

Telesail baten eta pelikula baten artean, batean zein bestean lan mota bera eginagatik ere egongo da aldea erritmoan, ezta?
Bai, baita ordutegietan ere. Zineman askotan izaten da 10 orduko grabaketa eta ordubeteko geldialdia. Baina 10 ordu horiek “acción” eta “corten” esaten den bitarteko denbora da, aurretik makilatu eta beste mila gauza egin behar dira. Beraz, pelikula batean askotan 14-15 orduko lanegunak izan ditzakegu. Telesailetan, normalean, zortzi ordukoak izaten dira, eta larunbatak libre. Zineman larunbatetan lanegun erdia egiten da: zortzi ordu. Dena dela, zuzendariaren arabera ere badago erritmoa. Antena 3ko Presunto culpable telesailean, adibidez, oso erritmo geldoa zen batzuetan eta oso azkarra besteetan. Izan ere, telesaileko kapitulu bakoitzak zuzendari ezberdin bat dauka; hortaz, egun bakarrean posible da hiru zuzendari ezberdinekin lan egitea tokatzea, lokalizazio berdinean kapitulu ezberdinetako zatiak grabatu behar baitira, eta hor nabaritzen da gehienbat erritmoarena.

Andoaingo Zine eta Bideo eskolan egin zenituen ikasketak, eta gero Bartzelonan. Betidaniko zaletasuna izan al duzu hau?
Bai. Ikasketetan oso ona izan nintzen baina unibertsitateko aukerak begiratzen hasi eta ikusten nuen, adibidez, Kazetaritza ez nuela nahi, kamera aurrean ezin bainaiz egon oso lotsatia naizelako. Andoaingo aukeraren berri izan nuen, aurrematrikula egin eta gurasoekin joan nintzen behin. Heldu nintzenean jakin nuen huraxe zela nire tokia. Jende askok galdetzen zidan ikasketetan hain ona izanda goi mailako ziklo batera sartu behar ote nuen, baina nik oso garbi neukan hura zela nirea. Gero Bartzelonan egon nintzen bi urtez. Han Andoainen baino gutxiago ikasi nuen baina beste mundu bat ikusi nuen. Andoainen taldean asko ibilitzen ginen, irakasleek hasieratik esaten ziguten zine mundua talde lana zela, eta lehenengo momentutik afari bat egiteko aholkatzen ziguten, lagunak egin eta taldea osatzeko. Bartzelonan kontrakoa zen: “Nik nabarmendu behar dut mundu honetan lan gutxi dagoelako”. Askoz lehiakorragoa zen. Beste zine mundu bat ikusi nuen, askotan orain errealitatean ikusten dudana.

Badaukazu proiekturen bat, zuzendariren bat, talderen bat… oraindik ezagutu ez duzuna eta gustatuko litzaizukeena?
Gertatu izan zait pelikula bat ikusi eta pentsatzea aktore horrekin lan egin nahiko nukeela ikusteko benetan nolakoa den. Miguel Angel Muñozekin gertatu zitzaidan hori, “típico chulito guaperas” bezala ikusten nuen, baina oso jatorra da. Sekulako feeling-a izan genuen. Beraz, horren ostean, aktoreak telebistan ikusten ditudanean kuriositatea sentitzen dut benetan nolakoak izango ote diren jakiteko.

Muñozena ezusteko atsegina izan zen, beraz. Kontrakorik gertatu al zaizu?
Zinemaldian, oraindik Andoainen ikasten ari nintzela, ‘doble de luces’ delakoa egiten genuen: galen entseguak aktoreekin egin ordez Andoaingo ikasleekin egiten ziren. Cayetana Guillén Cuervo etorri zen egun horietako batean eta jasanezina iruditu zitzaidan, oso diva zen. Guk 18 urte genituen, flipatzen ari ginen Zinemaldiaren barruan geundelako, eta halako batean Cayetana etorri zen eta… Beharbada izango zen aste txarra zuela edo… Baina goitik begiratzen zuen: soinekoko zerbait txarto zeukalako laguntzera joan eta zuk ez laguntzeko esaten zizun, jantzitegikoak etorri behar zuela… Apur bat berezitxua zen.

Oso ezegonkorra izatearen fama du zuen lanbideak.
Halaxe da. Behin baino gehiagotan pasa izan zait burutik uztea, ez baituzu uda edo oporrak planifikatzeko aukerarik ere: izan ere, oporrak prestatzea lanen bati ezetz esatea da sarri. Plana egina baduzu eta garai bererako lana ateratzen bazaizu, planaren eta lanaren artean aukeratu behar duzu. Telebista saio batean ari bazara lanean, urte osokoa dena, egonkorxeagoa da. Baina nire kasuan, telesailak, programa laburrak, filmak… Oporrak ere ez dira opor ordainduak, langabezian baitzaude momentu horretan, eta egun guztian mugikorrari begira, inork deitzen ote duen… Batekin eta bestearekin hitz egin behar duzu, proiektuan sartuko diren edo ez eta erne egon behar duzun edo ez jakiteko. Eta askotan ez zaude lanei ezetz esateko moduan. Aurten bi pelikulari esan diet ezetz Zinemaldiagatik, eta gero zalantza asko izan ditut ondo egin ote dudan…

Orain zu zorteko zaude, behintzat.
Bai! Aurten gutxiago, bi hilabeteko geldialdia izan baitut. 2016ko irailetik 2017ko irailera gelditu barik aritu naiz, eta iazko irailetik orain arte bi hilabeteko geldialdia izan dut. Basauriko jaien inguruan bat, baina axolarik ez, gozatu ahal izan bainituen! Urtarrilean izan dut bigarren geldialdia. Orain, berriz, zorteko nabil. Baina, momentuz, merezi du. Gerora, ama izan nahi badut, hasi beharko dut planteatzen mundu honetan zer egingo dudan… Batzuek utzi egin dute, beste batzuetan haurra izan eta aita izan da umeaz arduratu dena, eta amak umea ikusi ere ez ia… Erabaki asko hartu beharreko lanbidea da. Gainera, apur bat desagertzen bazara… oso lanpostu gutxi daude eta jende asko. Oso ona izan zaitezke, baina beste bat ere oso ona baldin bada, eta zuk urtebete desagertuta pasatzen baduzu, beharbada ez duzu gero bueltatzeko aukerarik.

Di-Da

Asko estimatzen duzun objektu bat. Mickey Mousen pelutxe bat

Egun libre bat duzunean, zer egiten duzu? Sofan etzanda egon

Zure bertute bat. Txandapasa

Zure akats bat. Ez dakidala nire bertuteak ikusten

Egin duzun azken bidaia. Nantesera

Eta egin nahi zenukeena? Kubara

Ikusten ari zaren telesaila. The Good Doctor

Abesti bat. Gatiburen edozein

Pelikula bat. Handia

Besteengan miresten duzun bertutea. Gustura egotea, traturako erraza izatea

Non eta noiz zara zoriontsu. Basaurin, kuadrilla eta mutilarekin

Miresten duzun pertsonaia historiko bat. Sufragistak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak