→Basauri

Ibrahim Alla: “Jendeak herrikoa banintz bezala tratatzen nau, etxean sentitzen naiz”

basauri ibrahim alla 2018 kakarraldo taberna elkarrizketa

Basaurin 14 urte daramatzan sahararra da Ibra. Lagun baten bidez heldu zen gurera eta hemen bere negozioa eraiki eta familia osatu du.

Ibrahim Alla sahararra Kakarraldo tabernako ardurduna da // Sara Lavado

Bere herrialdeari agur esan eta hutsetik abiatu zen Euskal Herrian Ibrahim Alla (Sahara, 1980), Ibra izenez ezagunagoa herrian. Bilbon eta Laudio inguruan, lehenengo, Basaurira heldu eta hemen kokatu zen arte. Familia eta basamortua faltan botatzen dituela aitortzen duen arren, herri erdiak baino gehiagok ezagutzen du, guztiz integratuta dago eta pozik bizi da. Kakarraldoko tabernaria izan da azken urteotan, baina haren proiektu berriak laster zabalduko ditu ateak.

Noiz eta nola heldu zinen Basaurira?
2004. urtearen amaieran heldu nintzen, lagun batek pisu bat partekatzeko eskaintza egin zidanean. Herria gustatu zitzaidan eta ez naiz hemendik mugitu. Aurretik, Bilbon eta Laudio inguruan baino ez nintzen egon.

Zer dela eta? Zerk bultzatu zintuen zure bizitza atzean utzi eta erabat ezberdina den beste toki batean zerotik hastera?
Batez ere lanak eta jaio nintzen herritik at zegoen mundua ezagutzeko jakin-minak. Bertan, Saharan, benetan nahi izanez gero, lana topatzea ez da zaila, baina gehiago nahi eta behar nuen. Giroz aldatzeak motibatu ninduen.

Aurreneko hilabeteak gogorrak izango zirela imajinatzen dut…
Bai, ez nuen jendea ezagutzen eta lagun gutxi nituen. Hizkuntza ez menperatzeak, gainera, ez zuen batere lagundu eta familia faltan botatzen nuen. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka herria eta biztanleak ezagutzen hasi eta bertakotu nintzen.

Nola hartu zintuen Basaurik?
Ondo. Jendea maitekorra da eta izan da beti nirekin eta hemen etxean bezala sentitzen naiz, beste basauriar bat.

Kostatu al zitzaizun herrira egitea? Eta emazteari?
Lehen aipatu dudan bezala hasieran bai, baina gaur egun herri erdiak baino gehiagok ezagutzen nau eta eroso bizi naiz. Nire emaztea ere gustura dago baina denbora gutxiago darama eta familiaren falta sentitzen du. Orain, gainera, bi seme-alaba izanda, hutsune hori areagotu egin da. Saiatuko gara senideren bat Basaurira ekartzen, umeak eta Euskal Herria ezagutu ditzan.

Zure emaztea ere sahararra da eta zurekin etortzea erabaki zuen.
Bai, familia bisitatzeko egiten nituen bidaia batean ezagutu nuen. Behin, birritan eta hirutan itzuli nintzen, baina, laugarrenean, ezkontzea eta bera hona etortzea erabaki genuen. Saharan ezkondu ginen.

Zurekiko edo zure familiarekiko jarrera xenofoborik sumatu al duzu inoiz?
Ez nirekiko ezta nire familiarekiko ere. Guztiz kontrakoa esango nuke, jendea abegitsua da gurekin eta nirekin egin zuen bezala, nire emaztea ere beso-zabalik hartu du.

Nolakoak gara edo nola ikusten gaituzu?
Basauriarrak, eta euskaldunak oro har, pertsona zintzoak zarete, bihotz onekoak. Oraingoz kexarik ez daukat.

Nola uste duzu ikusten zaitugula guk?
Hasteko, basauriarra, ezta? Kanpotarra naizen arren, jendeak hemengoa banintz bezala tratatzen nau. Urteak daramatzat hemen, merezi dudala uste dut…

Bi seme-alaba dituzu. Zaila al da nondik datozen transmititu eta azaltzea eta, aldi berean, bertara egitea nahi izatea?
Oraindik txikiak dira, baina gauzak konprenitzen hasten direnean luze eta zabal azalduko diegu euren jatorria zein den. Guretzat garrantzitsua da azalpen hori ondo ulertzea eta familia, basamortua eta gure herria ezagutzea. Saharara bidaia bat baino gehiago egingo dugu, ziur. Aldi berean, basauriarrak direnez, hemengo historia eta ohiturak zailtasun barik barneratuko dituzte.

Zure seme-alabek euskara ikastea gustatuko litzaizuke?
Noski! D ereduan matrikulatuko ditugu. Hizkuntzarena oso inportantea da, argi daukagu.

Zeure burua Basaurin zahartzen ikusten duzu? Hala izatea nahi duzu?
Bai, urteek guk nahiko genukeena baino askoz azkarrago egiten dute aurrera. Familia, etxebizitza eta lana Basaurin daude, beraz, irtenbiderik ez daukat (barreak). Etorkizunean hemen baino ez dut neure burua ikusten.

Saharara itzuliko zinateke?
Bizitzera ez, egoera ez da batere ona, politikak dena birrindu du. Familiari bisita egitera bai, ordea. Bi edo hiru urtean behin Saharara joatea da gure asmoa, ikusiko dugu.

Zer botatzen duzu faltan?
Nire ama eta anaiak (zortzi gara, denak gizonezkoak) batik bat, baina basamortua eta dunak ere bai.

Zer da hemendik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Lau gauza nabarmenduko nituzke: jendearen hurbileko tratua, klima, janaria eta jaiak. Gutxien gustatzen zaidana aldapak dira, kostata igotzen ditut (barreak).

Udan Saharako 400 bat haur hartuko ditu Euskal Herriak. Zer da hemen eskaini beharko geniekeena?
Alde batetik, umeei aholku eman behar zaie eta argi eta garbi azaldu hauxe ez dela bertan saltzen duten paradisua, hemengo bizitza Saharakoa baino zailagoa izan daitekeelako. Bestalde, euren herrialdean dituzten gauzak, eta hemen ez daudenak, aintzat hartzekoak direla gogoaraztea: isiltasuna, kutsadurarik gabeko aire garbia, izarrez betetako zerua, izar iheskorrak, hau da, diruarekin ordain ezin daitezkeen gauzak.

Nolakoa uste duzu izango dela ume horien esperientzia?
Paregabea! Jende, kultura eta paisaia ezberdinak ezagutzeko parada izango dute, helduak direnean, bisa eskuratzeko zailtasunak direla eta, gozatzeko zail izango dutena. Eskertzekoa da hemen ematen zaien aukera.

Kakarraldo tabernako arduraduna izan zara azkenengo urteotan, baina laster giroz aldatuko duzu…
Bai, alokairuari agur esango diot eta jabe bihurtuko naiz, hortaz, aldaketa onerako izango delakoan nago. Norabide ezberdin bat hartu nahi dut eta eguneko taberna eraiki. Gaua oso gogorra da eta aita izanda askoz gehiago. Hazi egingo dira eta, agian, ez naute ezagutuko. Ekainerako prest egotea espero dut, lanak oso aurreratuta daude eta. Aiarako haranean bizi izan naizenez, Aiara izena jartzea gustatuko litzaidake. Nire alabari jarri nahi izan nion, baina emaztearen ezezkoa jaso nuenez, tabernari behintzat…

Saharan tipikoa den plater edo pintxoren bat dastatzeko aukera izango dugu?
Bai, pintxo bereziren bat eskaini nahiko nuke, baina apurka joan nahi dut, estutasunik gabe. Hori bai, orain arte Kakarraldon eman izan dugun pintxopotea ez da faltako.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|