→Basauri

Iñaki Garcia: “Euskadiko Antzerki Eskola Basaurin izateko aukera izugarria galdu zen”

basauri-inaki-garcia-basauriko-antzerki-eskola-zuzendaria-elkarrizketa-2018-geuria-043-ale-berezia-berba-eta-irudia

2020an hogei urte beteko dira Basauriko Antzerki Eskolak ateak itxi zituenetik. Bi hamarkada luze igarotzear daude, baina Iñaki Garciak (Basauri, 1961) ondo gogoan ditu itxieraren ingurukoak.

Iñaki Garcia, Basauriko Antzerki Eskolako zuzendari izandakoa // Argazkia: Amaia Goikoetxea

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

2020an hogei urte beteko dira Basauriko Antzerki Eskolak ateak itxi zituenetik. Bi hamarkada luze igarotzear daude, baina Iñaki Garciak (Basauri, 1961) ondo gogoan ditu itxieraren ingurukoak. Hogei urtetik gora egin zituen martxan antzerki eskolak, eta 90. hamarkadan edonon aurki zitezkeen Basaurin antzerkiarekin harremanen bat zuten herritarrak. Udalak antzerki eskolarekiko urteetan izan zuen jarrera beti eskertuko dutela dio Iñakik, baina pena galanta izan zela hain bat-batean jarrera aldatu eta ixteko erabakia hartu izana, “aparteko aukera alferrik galdu baitzen itxierarekin”.

Berrogei urte pasatu dira Basauriko Antzerki Eskola jaio zenetik. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Eskola 1977ko udazkenean jaio zen. Garai hartan bazen Durangon beste antzerki eskola bat, baina hura urrun samar geratzen zen Bilbo Handitik. Bilbo inguruan eskola bat martxan jartzeko aukerak aztertzen hasita, basauriar batzuek herrian bertan egitea proposatu zuten. Kontuan hartu behar da militantzia handiko garaiak zirela haiek, aldaketa politiko handikoak, eta kultura zintzilik geratzen den ikasgai hori bezalakoa zen: gauzak esateko behar handia zeukan jendeak, kasu honetan agertoki baten gainean, eta horrela sortu zen eskola. Klaseak iluntzeko 20:00etatik gaueko 23:00etara izaten ziren, beraz, garai hartan tailer antzeko bat zela esan liteke. Unibertsitatetik diru-laguntza bat jaso genuela gogoratzen naiz, unibertsitatetik kanpoko ekintzei emandako laguntza moduan; hura izan zen lehenengo laguntza ekonomikoa. Kaleroko eskolan hasi ginen, jende gazte mordo bat, unibertsitateko ikasleak asko, eta irakasle onak ekartzen saiatzen ginen, baita Madrildik edo Bartzelonatik ere, garai hartan adituak zirenak. Horrek eskolako jendeari pentsarazten zion, “ba agian honetan lan egin dezaket…”. Ikasturte amaieran, ekainean, ikuskizun bat prestatzen genuen hurrengo kurtsorako dirua lortzeko. Jendea gogo izugarriz etortzen zen eskolara. Gogoratzen naiz tailer edo ikastaro baten berri emateko iragarkia jartzen genuenean berehala betetzen zirela plazak, eta orduan ez zegoen sare sozialik.

Zein ziren eskolaren finantziazio iturriak? Unibertsitatetik zetorren diru-laguntza hura aipatu duzu, ikasturte bukaerako ikuskizuna ere bai…
Ikasleen kuotetatik, unibertsitateko diru-laguntza hartatik eta udan egiten genituen funtzioetatik jasotzen genuen dirua. Baina gastu handirik ere ez genuen. Gure gastu handia izan zen 8x8ko moketa granate bat, garai hartan 80.000 pezeta kostatu zitzaiguna, eta toki guztietara eraman genuena urteetan zehar. Gure langunea zen, nolabait esateko. Udalak utzi zigun lokal bakoitzera eraman genuen. Udalak ez zuen inondik ere jarduera galarazi, beti pentsatu izan zuen modu egokian garatzen zen jarduera bat zela, arazorik sortzen ez zuena eta jendearen artean arrakasta zuena, eta ahal zuen neurrian lagundu egiten gintuen lokalak utziz. Zentzu horretan beti oso ondo tratatuak sentitu ginen garai hartan.

basauri-geuria-iñaki-garcia-2018-aipua-argazkia

Ilustrazioa: Alejandro Prieto // Argazkia: Amaia Goikoetxea

Udalak utzitako lokal askotatik pasatu zineten, beraz.
Kaleroko eskolatik hainbat tokitara joan ginen: Cervantes ikastetxera, Pozokoetxeko gimnasiora, Social Antzokira oraindik berritzeko zegoenean… Administrazioak antzokia berritzea erabaki zuenean, gure aholkularitza eskaini genien, eta gogoan dut ni neu Mikel Hurtadorekin elkarlanean aritu nintzela antzokiaren lehenengo bertsioa egiten. Berritze lanak egin bitartean Pozokoetxera joan ginen, eta amaitutakoan Socialera itzuli ginen.

Eskolaz gain, antzerkia herrira zabaltzea ere lortu zenutela esan liteke.
80. hamarkadan Basaurin Nazioarteko Antzerki Jaialdia antolatzen hasi ginen eta hamar edizio izan zituen. Antzerki asko ekarri genuen kalera, pilotalekuetara, kultur etxeetara… Arrakasta itzela zeukan jaialdiak. Eskolak, batetik, hezkuntzan parte hartzen zuen, zentro publiko guztietan antzerki tailerrak eskaintzen ziren; beraz, 90. hamarkadan zaila zen ume batek antzerki jaialdian antzerkiren bat ikusi ez izana edo bere ikastetxean antzerki tailerren batean parte hartu ez izana. Esan nahi dudana da Basauri mailan antzerkia oso oso sartuta zegoela, Basauri eta antzerkia eskutik helduta zihoazela.

Une batean, gaueko tailerrak eskaintzetik ordutegi ohikoagoa duen eskola izatera pasatu zineten.
Garai hartan antzekoak ginen hiru eskola geunden hemen inguruan: Getxokoa, Gasteizkoa eta Basaurikoa. Gure kasuan gaueko 20:00etatik 23:00etara eskaintzen ziren tailerrak izateari utzi eta ziklo profesional bihurtzea erabaki genuen: eskolak 9:00etan hasi eta 15:00etan amaitzen ziren, lanbide heziketako edozein institututan bezala bazegoen irakasleen klaustro bat… Institutu horiengandik bereizten gintuen bakarra zen ez genuela Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendurik, ez zegoela erregulatuta, nolabait esateko. “Egiten duzuena oso ondo dago, baina ez daukagu zuena erregularizatu dezakegun pentsatzeko astirik ere”, hitz horiekin esan ziguten. Gertatu zena zen eskola profesionalizatu egin zela, hau da, ikastera zetorren jendeak horretan lan egin nahi zuela, medikuntza ikastera doanak bezalaxe. Lau urteko ikasketak ziren. Eta ikasketak amaitutakoan guk ziurtagiri bat ematen genien ikasleei, egin zuten guztia ikasi zutela baieztatzen zuena. Eusko Jaurlaritzako teknikariek honela ikusten zuten kontua: “Utzi egingo diegu jarraitzen, hutsune bat betetzen baitute, eskaera garrantzitsu bati erantzuten baitiote”. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza txiki bat ematen zuen, baina ez zen nahikoa irakasleei ordaintzeko. Egin zen, gainontzeko bi eskolekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, ikasketak erregularizatzeko ahalegin bat, baina bertan behera geratu zen azkenean.

Eta gerora arazoak etorri ziren herrian bertan.
Administrazioak eta guk geuk egin genuen akatsetako bat antzerki eskola eta kultur etxeko bulegoak toki berean elkartzea izan zen. Gure ikasleek, dantza eskoletan zeudenean, esaterako, zarata ateratzen zuten, normala den bezala. Horregatik, ezin duzu dantzako gelaren azpian bulego bat jarri, eta horixe egin zen: eskola antzokian martxan zegoenean, kultur etxeko bulegoak bertara ekarri zituzten. Eskolak bere ordutegia zuen egunez, baina Arteari buruz hizketan ari gara, sormenari buruz, eta horri ordutegiak jartzea ez da erraza. Lerro gorri batzuk jar diezazkiokezu, noski, baina ezin duzu kultur etxeko bulego batzuen kasuan izan dezakezun zurruntasuna aplikatu. Antzokian jarduera asko zegoen, eta kultur etxeko bulegoetakoak sartu zirenean ez genuen asmatu lan protokolo bat ezartzen. Oso kontuan hartu behar da ez garela enpresa ikasketa batzuei buruz hizketan ari, antzerki eskola bati buruz ari garela.

Hortik etorri al zen eskola ixteko erabakia?
Gaur egun oraindik ezagutzen ez dudan arrazoiren batengatik, udaletxeko talde politiko guztien adostasuna lortu zuten eskola ixteko erabakia hartzeko. Trintxeretan bi gela utziko zizkigutela esan ziguten, eta orduan zera pentsatu nuen: “Edo ez duzue ezer ulertu edo ez dugu behar bezala azaltzen asmatu proiektu hau zer den”. Antzerki Jaialdia ere bertan behera geratu zen: jaialdi hartan egiten zena urtean zehar programatuko zutela erabaki zuten, eta hori akats handia izan zen, ez baitzuen lehen bezala funtzionatu. Baina uste dut harro esan dezakegula Basauriko antzerki ikusleak sortzen erru asko izan dugula: eskola eta jaialdia martxan ziren garai hartan zuk kafetegi batean norbaitek antzerkia egiten edo ikusten ote zuen galdetzen bazenuen, seguru asko hiruzpalauk baietz esango zizuten. Beraz, ikusleak hezteko geneukan proiektu hura guztia, musika, antzerkia, azken finean kultura kontsumi zezaten, bertan behera geratu zen. Eta Euskadiko Antzerki Eskola Basaurin izateko aukera izugarria galdu zen.

Eta behin erabakia hartuta, ez zen atzera egiteko inolako modurik egon, ezta?
Ez, eta egin ziren protesta ekitaldiak, baina ez zen modurik egon. Eskola desagertu egin zen eta kito. Eta hortik aurrera bakoitza bere motxila bizkarrean zuela geratu zen. Nik uste dut oso motxila garrantzitsu eta erakargarriarekin geratu naizela. Beti eskertuko diogu Basauriko Udalari urteetan zehar erakutsi zuen jarrera eta pena ematen digu jarrera hain bat-batean aldatu izanak. Gogoan dut udaletxeko pleno aretora deitu gintuztela, eta talde guztiak bertan zeudela, gertatutakoa guri azaltzeko. Uste dut horrek adierazten duela antzerki eskola garrantzitsua zela. Zerbait inportantea izan behar zuen, alderdi politiko guztiak hartara biltzeko.  Gu jabetzen gara arduraren zati bat geurea izan zela. Tarima antzerki konpainia osatzen genuenok nonbaitetik bizi beharra geneukan. Eskolan irakasle edo koordinatzaile ginen alde batetik. Horrez gain, antzezpenarekin lotutako beste aspektu batzuetan ere egiten genuen lan: pelikuletan, esaterako, edo antzokiak berritzen eta hornitzen laguntzen genuen, Basaurin, Santurtzin, Leioan edota Arrigorriagan egin genuen bezala. Errealitate hartatik jaiotako jarduera ekonomikoa zen hura, garai hartan ez baitzegoen inor antzokiak egiten eta hornitzen zekienik, ez zegoen antzokietako teknikaririk, eta guk horixe eskaintzen genuen. Beharbada ez genuen jarduera hura eskolatik behar bezala banatzen jakin. Edonola ere, hori iradoki genuen: “Gu bagoaz, baina jarrai ezazue eskolarekin, ez gaitzazue 25 metro karratuko gela batera bidali, mesedez”. Ez zuten etorkizunera begiratzen jakin.

Izan ere, aipatu duzun bezala, eskolaz arduratzeaz gain beste jarduera batzuk ere bazituen Tarima taldeak.
1983an hasi ginen, bai, eta antzerki asko egin genuen, ehunka, 98an geratu ginen arte. Geratu egin ginen dena aldatzen ari zelako. Antzokietako logistika, azpiegitura teknikoak, horretan gabiltza orain, eta horretan sartu ginen hori egiten zekien jendea falta zelako. Antzoki asko irekitzen hasi ziren momentu batean, eta orduan sortu zen behar hori. Horregatik sartu ginen horretan. Alderdi tekniko hori gero eta handiago egiten joan zen, eta baliteke hori izatea arrazoietako bat batzuek esateko gu dirua egiten ari ginela antzerki eskolarekin. Inondik inora ere ez, gu ez ginen eskolaren kontura aberasten ari, ezta gutxiago ere. Baina eskola martxan jarri genuen mutil jatorrak izanagatik ere guri beste edonori bezainbeste kostatzen zitzaigun eguneroko ogia erostea, hau da, jan egin behar genuen eta, beraz, jarduera ekonomiko bat behar genuen. Eta beharrezkoa izaten hasi zenean gauza bat eta bestea banatzen hasi ginen. Baina gero gauzak joan ziren bezala joan ziren.

Zuk zer egin zenuen itxieraren ostean?
Antzerkian, telebistan eta zineman jarraitu nuen, eta horrez gain aipatu ditudan zerbitzu tekniko horiek eskaintzen jarraitu genuen Tarimatik. Gaur egun operetako argiztapenak, hainbat antzokitako zerbitzu teknikoak, ferietakoak, kontzertuetakoak, ekitaldietakoak… eskaintzen ditugu. Gustatuko litzaidake berriz antzeztea, baina oraintxe bertan Tarimak, TRM Soluciones Técnias Creativas deiturikoak, oso egitura handia dauka: ikus-entzutekoak, produkzio handiak, eta jende askorekin ari gara elkarlanean. Baina esan dizudan bezala, nire familiako baserria antzerkia da, antzerki eskola. Garai hartan galdetzen zizuten: “Antzerkiaz aparte, zertan lan egiten duzu?”. Eta guk hori duindu egin nahi genuen: “Ez, nik antzerkian lan egiten dut”. Orduan oso arraroa zen hori.

Eta orain?
Orain ez hainbeste. Baina edonola ere, aktoreen profesionaltasuna normalizatua egotetik oso urrun dago. Edozein lanbidetan guztiz normala da urtean 1000 euroko 14 paga jasotzen dituen langileak aurkitzea. Aktoreen munduan, aldiz, esku bakarreko hatzekin konta ditzakezu egoera horretan daudenak.  Horregatik, beti esaten dut aktoreok beste jende asko baino pribilejiatuagoak garela: aktore lana gustatzen ez zaion inork ez du aktore bezala lan egiten, denek lan egiten dute gustatzen zaielako, kontrakoa erabat antagonikoa bailitzateke.  Barrearekin, negarrarekin, kontaktuarekin, lan egiten dugu, egungo bizimoduan gero eta zailagoa dena. Kultura hitza, hain prostituitua eta erabilia, apurtu egiten da gaur egungo zurruntasunarekin. Kultura da gizakiak printzipio eta balore bezala izan behar duen guztia bizitzan garatu ahal izateko. Hori  apurtzen baduzu, auto bat apurtzea axola ez zaion umea agertzen da, tu egitea axola ez zaiona, lehena izateagatik ikaskideari ostiko bat ematea axola ez zaiona… Ume horrek baloreak izango balitu, musikak, dantzak, antzerkiak, pinturak, literaturak ematen dituztenak, ez luke hori egingo. Hori da, nire ustez, Basauriko hainbatek sekula argi izan ez zuten proiektu kulturala, gu arte eszenikoei buruz ari ginenean buruan genuena. Ez zuten argi izan eta sekulako aukera alferrik galdu zen. 

Di-Da

Estimu handitan dut… Nire familia

Eguna libre dudanean… Brikolajea egiten dut

Zure bertute bat? Zintzotasuna

Zure akats bat? Nagikeria

Egin duzun azken bidaia? Almagrora

Eta egin nahi zenukeena? Argentinara

Irakurtzen ari zaren liburua. La huelga de Bandas, nire lagun basauriarrena. Nire senitartekoek parte hartu zuten bertan, gainera

Eta ikusten ari zaren telesaila. Merlí

Abesti bat? Nacha Popen Una décima de segundo eta Los Rodriguezen La copa rota

Pelikula bat? Los lunes al sol

Besteengan miresten duzun bertutea? Adiskidetasuna eta konpromisoa

Non eta noiz zara zoriontsu? Antzokian. Agertokiaren aurrean bakarrik. Imajinatzen eta sortzen

Miresten duzun pertsonaia. Tierno Galván

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak