→Basauri

Javi Conde: “Gorputzaren eta buruaren arteko muga non dagoen ikusiko dugu”

basauri javi conde gaztelugatxe erronka 2018 aurkezpena argazkia felix sanchez

Maiatzaren 6an erronka berria hartuko du Javi Conde atleta basauriarrak: Gaztelugatxeko San Joan baselizan 42 kilometro egitea. Jon Salvador erandiotarrak lagunduko dio.

Javi Conde eta Jon Salvador Gaztelugatxen erronkarako prestatzen // Felix Sanchez

Maiatzaren 6an erronka berria hartuko du Javi Conde atleta basauriarrak: Gaztelugatxeko San Joan baselizan 42 kilometro egitea. Jon Salvador erandiotarrak lagunduko dio

Maratoi Solidarioak proiektuaren barruan hainbat erronka burutu ditu Javi Conde (Bilbo, 1964) basauriarrak. Maiatzean seigarrena egingo du Gaztelugatxen (EDP – Bermeoko Udala Maratoi Solidarioa), Jon Salvador atleta erandiotarra bidelagun duela. Aurretik izan dira: Bizkaiko Zubiko pasarela (2012), Athleticeko gabarra (2014), Deustuko Unibertsitateko Ur Partzuergoaren sifoia (2015), Pozalaguako haitzuloa (2016) eta Bartzelonako Kolonen monumentua (2017).

Laster beste erronka bat duzu egiteko.
Hala da. Maiatzaren 6an erronka berri bat burutuko dugu Maratoi Solidarioak ekimenaren barruan. Gaztelugatxeko San Juan baselizan izango da erronka 12:00etan. Gaztelugatxeko goiko aldean izango da erronka. Guztira 829 itzuli egingo dizkiogu baselizari: 50,88 metro itzuli bakoitzeko. Baselizako ate nagusitik sartuko gara, aldareraino joan eta aldamenean dagoen beste atetik aterako gara.

Gaztelugatxe, modan dagoen parajea.
Bai, hori argi dago, baina egia esan azkenaldian parajeak sufritu duen masifikazioak ezinegona sentiarazten digu. Erronka bertan egitea pentsatu dugu, batez ere Gaztelugatxe eta bere ingurua errespetatzen dugulako. Aurrekoetan egin ditugun erronketan beti errespetatu izan dugu ingurunea eta oraingoan ere berdin egingo dugu.

basauri javi conde jon salvador 2018 gaztelugatxe erronka aurkezpena argazkia felix sanchez

Javi Conde basauriarrak Jon Salvador erandioarraren laguntza izango du erronka betetzeko // Felix Sanchez

Eta jende asko badoa?
Jendeari tropelean igotzen utzi edo igoera kontrolatu. Azkenean erabaki dugu bigarren aukera hautatzea eta leku kopuru mugatua ezartzea. Ez dakit zehazki zenbatean jarriko dugun muga hori, baina gure asmoa da masifikaziorik ez egotea.

Aurreko erronketan bezala, entrenamendu berezirik egin duzue?
Bai. Artunduaga kiroldegiko korridorean entrenatu dut askotan, eguneko azken orduan, jende asko ez dagoenean. Era berean, etxeko garajean ere prestatzen ari naiz. Egia esan asko sufritzen ari naiz. Gainditze-erronka bat da honakoa, zure gorputzaren eta buruaren muga zein den ikustea. Eta are gehiago 53 urte eta 51 urte (Jon Salvador) ditugula kontuan hartuta. Eragozpen nagusia eguneroko lana da, entrenamendu luzeetarako denbora lortzea. Hau da, entrenamenduak lanarekin, familiarekin, entrenatzen dudan atletismo klubarekin eta Meeting Paralinpikoaren antolaketarekin bat egitea.

Diru-bilketa ere egingo duzue.
Bai. Dagoeneko 9.000 euro bildu ditugu eta 10.000 eurora heltzea aurreikusten dugu. Besteak beste, Basauriko Meetinga, Sahara herriaren garapena, Kirol Egokituko Euskal Federazioa, Kilkirtxu elkartea (Erandio) eta Saiatu Atletismo Kluba lagunduko ditugu bilduko dugun diruarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak