→Basauri

Kepa Aperribai: “Daukadan kafe-makinarik zaharrena Isabelinoa da, XVII. mendekoa”

basauri kepa aperribai 2016 erakusketa

Kepa Aperribai (Basauri, 1962) basauriarrak 250 kafe-makina baino gehiago ditu bere gain. Etxetik kanpoko lokal batean gordetzen ditu, San Migeletik kanpo

Kepa Aperribai (Basauri, 1962) basauriarrak 250 kafe-makina baino gehiago ditu bere gain. Etxetik kanpoko lokal batean gordetzen ditu, San Migeletik kanpo, eta munduko herrialde ezberdinetako jatorria dute. Hala nola, Errusia, Txina, Kanada, Italia eta Espainia.

Noiz erabaki zenuen kafe-makinen bilduma egitea?

Aintzinako gauzak eta artea oso gustuko izan ditut betidanik. 25 bat urte nituenean etxean zeramikazko kafe-joko bat aurkitu nuen eta oso interesantea iruditu zitzaidan. Momentu hartan zeramikarik ez zen ikusten eta harrezkero pixkanaka-pixkanaka bilduma osatzen jarraitzen dut.

Mundu osoan egin diren kafe-makinak bildu dituzu.

Bai. Batzuk opariak izan dira eta beste batzuk nik lortuak edo erosiak izan dira. Nire lagunek eta familiak lagundu egin didate bilduma hau geroz eta handiagoa egiten.

Bidaia asko egin behar izan dituzu horietako batzuk lortzeko…

Baten batzuk bai (kar, kar), baina lehen esan bezala, lagunen bat nik aurretiaz bisitatu ez dudan beste herrialde batera badoa, bertako kafe-makinaren bat ekartzen dit. Laguntza handia izan dut.

Zein jatorriko kafe-makinak dituzu?

Egia esan, askotariko jatorria dute. Batzuk aipatzearren: tailandiarrak, errusiarrak, poloniarrak, belgiarrak, frantziarrak, alemanak, txinatarrak, kanadarrak, italiarrak, espainiarrak, baita kubatarrak ere.

Jakingo duzu zein den bildumarako gorde zenuen lehendabiziko kafe-makina?

1920. urteko kafe-makina bat da, Espainiakoa.

Eta, daukazun kafe-makinarik zaharrena?

XVII. mendeko bat. Datu zehatzagoa emateko, 1690. urtekoa da. Isabelinoa.

Etxera, San Migelera itzuli zara erakusketa honekin…

Bai, hala da. Bigarren erakusketa izan da San Migelen egin dudana. Orain dela 18 urte inguru hasi nintzen bilduma hau azaleratzen eta oso gustura nago egin dudan ibilbidearekin.

Gogoratzen al duzu non izan zen lehendabiziko erakusketa hori?

Bai, noski. Hornillos de Cerrato (Palentzia) udalerrian egin nuen nire aurreneko erakusketa. Orain dela 18 bat urteko abuztuan izan zen hori eta handik hilabetera, irailean, San Migelen aurkeztu nuen kafe-makinen inguruko erakusketa.

Garai hartan, zenbat kafe-makina izango zenituen?

Gutxi gorabehera, 150 kafe-makina inguru izango nituela uste dut. Gaur egun azaltzen ditudanen erdia.

Beraz, 250 kafe-makina baino gehiago izango dituzu zure gain…

Kopuru zehatza ez dakit. Hainbeste kafe-makina ditut ezen ez dakidala zenbat ditudan zehatz-mehatz. Baina 250 baino gehiago baditudala konfirma dezaket. Izan ere, Taberna Nagusiko erakusketa honetan 250 kafe-makina ekarri ditut eta lokalean gehiago ditut.

Gainera, beste erakusketa batzuetan ere izan zara, ezta?

Bai. Garrantzitsuenen artean Barakaldoko BECekoa izan dela esango nuke. Hain zuzen ere, Expovacaciones eta Expoconsumo erakusketetan.

Erakusketan ere bisitaldi gidatuak egin dituzu…

Bai. Erakusketa ikustera etorri ziren pertsonei bisitaldi gidatua egiten nien eta kafe-makina bakoitzaren historia kontatzen saiatu nintzen. Hala nola, herrialde bakoitzean nola egiten zuten kafea, zein urtetakoak diren eta zein material erabiltzen zuten kafe-makinak egiteko.

Kafearen eta kafe-makinen historia luzea jakingo duzu orduan…

Bai. Noski, interesa jartzen dut eta eta kafe-makina bakoitzaren jatorria eta historia zein den ezagutzea oso interesgarria da niretzat.

Kafe-makinaren bat lortzeko, anekdotarik gogoratzen duzu?

Asko! Baina beti gogoratuko dudan bat kontatuko dizut: behin kafe-makina bat saldu zidaten, baina dendariak zukugailua zela uste zuen. Dendari hark ez zekien ezta zer saltzen ari zen. Eta horrelako dendari asko ere badago, aintzinatasun dendetako saltzaileak salbu, noski.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak