→Basauri

Kepa Larrea: “Xabier Minaz ahaztu eta Simon Bolivar goraipatu dugu euskaldunok”

basauri kepa larrea 2017 elkarrizketa

Kepa Larrea basauriarrak bi liburu eskaini dizkio Xabier Mina gerrillari nafarrari. ‘Mina edo libertatea!’ lanean Minaren biografia jaso du; eta ‘Biba Mina! kontuak eta kantuak’ izenekoan askatzaile honen inguruko istorio, kopla eta abestiak bildu ditu. Pamiela etxearekin plazaratu berri ditu.

Kepa Larrea idazlea eta historialaria da // Amaia Goikoetxea

Kepa Larrea basauriarrak bi liburu eskaini dizkio Xabier Mina gerrillari nafarrari. ‘Mina edo libertatea!’ lanean Minaren biografia jaso du; eta ‘Biba Mina! kontuak eta kantuak’ izenekoan askatzaile honen inguruko istorio, kopla eta abestiak bildu ditu. Pamiela etxearekin plazaratu berri ditu

Bi etsai nagusi izan zituen Xabier Minak: Jose Bonaparte eta Fernando VII.a. Biei aurre egin zien. Biak saiatu ziren Mina erosten, eta biak bidali zituen bueltan etxera. Gazte nafar askorentzat heroia zen Xabier Mina, ‘Ir a Mina!’ zioten. Mexikoren independentzian parte-hartze erabakigarria izan zuen. Eta euskalduna zen, baina euskaldunok ez dugu ia ezagutu ere egiten. Kepa Larreak (Basauri, Lapatza, 1956) Xabier Minari buruz kaleratu berri dituen bi liburuak aukera bikaina dira aparteko gerrillari hau ezagutzeko; baina Minaren historia nafarra, euskalduna egiteko dagoela dio, eta beharrezkoa dela.

Azaroaren 11n 200 urte bete dira Xabier Mina hil zutela. Euskaldunok zergatik dakigu hain gutxi halako pertsonaia bati buruz?
Pertsonaia ahaztua eta ahantzarazia izan da. Duela 200 urte bere ideiak ez ziren hainbaten gustukoak, boterean zeuden hainbaten gustukoak, eta gaur egun ere ez dira. Nahita saiatu dira pertsonaia hau ezkutatzen. Oso garrantzitsua izan zen Frantzestadan –Iberiar Penintsulako Gerra edo Espainiako Independentzia Gerra bezala ere ezagutua–. Berak sortu zuen Nafarroako ‘Corso terrestre’ (Lehorreko Korsoa) delakoa, Nafarroako gerrillari talderik handiena, eta bera izan zen horko komandante nagusia. Bai orduan eta bai geroago, Ameriketara joan zenean edo Europan egon zenean, beti bere ideiak defendatu zituen: Errepublika, Independentzia eta Askatasuna.

Gaur egun oraindik ere Xabier Minaren ideiak hainbaten oso gustukoak ez direla aipatu duzu.
200 urte ez dira alferrik pasatu, eta beste testuinguru batean gaude. Baina gaur egun Minaren ideiak definitzen dituzten hiru hitz horiek batzuentzat ez dira batere atseginak: Errepublika bera; Askatasuna, egotekotan oso debaluatua; eta Independentzia, zer esanik ez. Beraz, 200 urtetan gauzak aldatu dira, baina oinarri filosofiko eta politiko askok bere horretan jarraitzen dute.

Gaur egun ere hainbatentzat ez dira batere gustukoak Minaren ideiak: Errepublika, Askatasuna eta Independentzia

Simon Bolivarren eta Xabier Minaren borroken artean ez dago alderik; baina guk lehena goraipatu dugu eta bigarrena, ahaztu”

Xabier Mina Ameriketara joan zenean Simon Bolivarrekin elkartu zen. Libertatearen alde borrokatzea erabaki zuten biek, batak Venezuelan eta besteak Mexikon. Simon Bolivar oso ezaguna da guretzat; ez, ordea, Xabier Mina. Zergatik gertatu da hori?
Bolivarri buruz gauza asko entzun ditugu. Bera ez zen Bolibarkoa, bere birraitona-edo omen zen hangoa; baina gurean goraipatua izan da, museoa ere badu. Xabier Mina, berriz, hemen jaioa zen, euskalduna zen, bere ama hizkuntza euskara zuen, lagunartean ere hala egiten zuen, frantsesa, ingelesa eta gaztelania ere bazekizkien arren. Oso pertsona ilustratua zen, baserri bateko semea izan arren. Bolivarren borrokaren eta Minaren borrokaren artean ez dago alderik: borroka bera zen, libertatearen alde. Beraz, oso galdera interesgarria da egin didazun hori: zergatik guk, euskaldunok, goraipatu dugu hainbeste Simon Bolivar eta ez Xabier Mina? Nik uste dut, neurri handi batean gure kalterako, espainiarren historiografia geure egin dugula, eta Espainiako historiografiaren hainbat mito, beldur eta gezur neurri handi batean geure egin ditugula; batez ere XIX. eta XX. mendeetako gertakarien ingurukoak. Uste dut hori gure kalterako dela, ez baitugu ezagutzen gure historia. Xabier Mina pertsonaia nafarra da jaiotzez, baina pertsonaia unibertsala da, bere borroka Europan eta Ameriketan eraman baitzuen aurrera. Hortaz, nafarra eta unibertsala den neurrian, beharko luke historia nafarra eta unibertsala, eta hori momentu honetan egin gabe dago. Saiatu naiz, baina gauza askoz gehiago egin behar dira.

Zerk eraman zintuen pertsonaia honengana?
Ameriketan egondako euskaldunei buruzko erreferentziak bilatzen hasi nintzen, eta halako batean honekin egin nuen topo, baina hasiera batean ez nion garrantzirik eman. Gainera, ez zen ezaguna. Gero Espoz y Mina izenaz gogoratu nintzen, eta konturatu nintzen datuak ez zetozela bat: esaterako, Espoz ez zen sekula Ameriketan egon eta Xabier Mina, bai. Hasi nintzen ikertzen eta topatu nuen, batez ere Mexiko aldean, material ugari; eta, egia esan, espero ez nuen pertsonaia bat topatu nuen, oso erakargarria, eta zenbat gehiago ezagutu are eta gehiago erakartzen ninduena.

Zein izan dira zure informazio iturriak?
Mexikokoak izan ziren hasieran eta gero, hemengoak ere bai. Alde batetik, Manuel Ortuñoren tesia aipatu eta goraipatu behar da, tesiarekin batera beste gauza batzuk publikatu baitzituen, tartean Minaren eskutitz asko, baita bere inguruan egondako beste dokumentu batzuk eta berari buruz XIX. mendeko hainbat pertsonaiek idatzitako hainbat testu ere. Horiek oso lagungarriak izan ziren.
Gero, badira hainbat dokumentu, Mexikoko unibertsitatean batez ere baina baita Espainiako artxibategietan ere, Mexikon bere kontra egindako borrokaz, alegia, Espainiako erregezaleek –Apodaca erregeordeak– aurrera eramandako borrokaz bera preso hartzeko eta hiltzeko.
Horrez gain, XIX. mendeko eta aurreko urteetako egunkari gehienak digitalizatuta daude, eta Mexikoko unibertsitatean zein Espainiakoa artxibategietan berreskura daitezke. Eta, egian esan, Xabier Minaren izena oso goiz hasten da agertzen: gerrilletan hasi eta handik gutxira agertzen da, bai josefinoen prentsan –Jose Bonaparteren aldekoan, alegia–, bai aurkakoenean, eta baita Caracas eta Mexikoko prentsan ere, egiten zituen balentriekin etab.
Dena dela, datu horiek ez dira oso fidagarriak, prentsa politikoa baita, eta badakizu Fermin Irigaraik zer zioen: Gerla urte, gezur urte. Badakigu zer gertatzen den prentsan, eta zentzu horretan ere errepika dezakegu gauzak ez direla aldatu 200 urtetan. Egoerak desberdinak dira, baina jokaerek oso antzekoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da azkeneko 2000 urteetan gizakiok oso gutxi eboluzionatu dugula oinarrizko jokabideetan. Teknologian eta beste hainbat arlotan aurrerapauso itzelak eman dira, baina pertsonetan, izaeran eta jokatzeko moldeetan, oso gutxi.

Nire iritzia da azkeneko 2000 urteetan gizakiok oso gutxi eboluzionatu dugula oinarrizko jokabideetan”

Xabier Minak erabat markatu zuen Mexikoko independentzia

Espoz y Mina aipatu duzu lehentxeago. Liburua irakurtzen duenak ikusiko duen moduan, Espozek Xabier Minaren bizkar eratu zuen bere irudia.
Espoz y Mina lurperatuta dago Iruñeko katedralean, eta Xabier Minak kale bat baino ez dauka Noain herrian, kale berri bat, azken urteotan jarritakoa. Espoz Xabier Minaren hirugarren graduko osaba zen, eta ez zeukan Mina abizenik: Francisco Espoz Ilundain zen, baina lapurtu egin zion Mina abizena eta haren lepotik egin zuen karrera. Xabier Minaren guztiz kontrakoa zen: apenas zekien irakurtzen eta idazten, bere biografo guztiek aipatzen dute krudela zela gerretan, eta krudelkeria horretan oinarrituta lortu zuen agintea, ez besterik. Xabier Mina espetxean sartu zutenean Espozek gerrillen buru izatea lortu zuen inguruko guztiak garbitu zituelako, edo preso hartu. Jarrera mafiosoa zuen. Xabier Mina ikasia zen, unibertsitatean ibilitakoa, eta Parisen preso egon bitartean Napoleonen sagar usteldu guztiekin egon zen, hau da, goi mailako militarrekin, golpistekin, beste estilo bateko liberalekin eta militarrekin, eta lau urte haietan asko ikasi zuen. Gainera, gerra egiteko bere moduak gutxi zuen krudelke- riatik.

Hain zuzen ere, gerrilletan aritu zenean bere etsaien artean izen ona lortu omen zuen gerra egiteko zeukan moduagatik. Nolakoa zen modu hori?
Gerrilletan saiatu zen gerra beste modu batez egiten. Garai hartan oso krudelak ziren gerrak; tira, gerra guztiak dira krudelak, oraingoak ez baitira gutxiago. Xabier Mina beste modu batez gerra egiten saiatu zen, gizatasunez jokatzen. Presoak ez zituen fusilatzen, baizik eta Leridako biltegira, espetxe moduko batera eramaten zituen, eta zaurituak artatu ondoren Iruñera bidaltzen zituen. Onartzen zuen batzuek ohorez borrokatzen zutela eta bizirik uztea merezi zutela. Horrek, halabeharrez, etsaien artean izen ona eman zion, eta horrela aitortzen dute frantsesek. Mexikon ere berdin jokatu zuen kasu bakar batean izan ezik. El Sombreroko fuertea insurjenteen esku zegoen errealistak sartu zirenean eta den-denak fusilatu zituzten: emakumeak, umeak, zaurituak. Handik gutxira, nik uste erantzun moduan, Xabier Minak bere menpe eroritako hainbat soldadu fusilarazi zituen. Baina hori da kasu bakarra.
Hilketek ez daukate justifikaziorik, baina testuinguru horretan nik uste dut aztertu behar dela.

Mexikora joan zenean erraz onartu al zioten buru edo lider izaera hori?
Bai, baina ez guztiek. Hor ere batzuek mesfidantzaz ikusten zuten, eta hori gero islatu da garai hartako historiagileetan ere. Onartu dute heroia zela, baina beti esaten zuten Mina Mexikora joan zela Espainiako konstituzioaren alde borrokatzera. Noski, baieztapen horrek ez du funtsik, behin ere ez baitu aipatzen aldarrikapen hori. Errebindikatzen duena libertatea da. Baina ulertzen dut mexikarrentzat oso gogorra dela askatasuna, euren independentzia lortzea neurri batean penintsular bati esker. Horregatik, mugak jarri dizkiote heroi figura horri. Bestetik, insurjenteen artean baziren apaizak, militarrak…, eta horiek mesfidantzaz ikusten zuten Xabier Mina, pertsona prestua eta gerra egiten zekiena izaki, boterea kenduko zietela pentsatzen baitzuten.

Baina esan al liteke Xabier Minari esker lortu zuela Mexikok independentzia?
Ez, ezin da; baina markatu zuela, bai. Mexikoko independentziak hiru une ditu: hasierakoa 1810. urtea da eta amaierakoa 1821ekoa, independentzia lortzen dutenean. Azken zati horretan sortu zen El Ejército Trigarante bezala ezagutzen dena. Hasierako eta amaierako zati horien artean hutsune bat dago, eta hutsune hori Xabier Minak bete zuen, harekin borrokan aritutako batzuk, bizirik geratu ziren apurrak, El Ejército Trigarante deituriko horretan sartu baitziren. Une biak lotu zituen zubia izan zela esan liteke, nolabait. Beraz, erabateko errekonozimendua zor zaio, noski, berari esker jarraitu ahal izan baitzuen independentziaren aldeko borrokak; bestela, seguru asko desagertu egingo zatekeen. Bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat, gure historiografian gutxi aipatzen dena. Mexikoko Independentzia Gerra 1810ean hasi zen, baina aurretik egon ziren mugimendu batzuk, eta horietan Hidalgo apaiza eta harekin batera egondako militar batzuk ageri zaizkigu; militar horien artean garrantzitsuenak jatorri euskaldunekoak ziren, Mexikon jaioak baina guraso euskaldunak zituztenak, lehenengo belaunaldiko mexikarrak.
Ignacio Allenderen aita Gordexolakoa zen, Juan Aldamarena Okondokoa. Beraz, pentsatu behar dugu zer nolako harremanak zeuden jatorri euskalduneko mexikarren eta euskaldunen artean.

Izan ere, halakorik ez balitz, baten batek pentsa lezake Xabier Minak zer motibazio zeukan Mexikora gerra egitera joateko.
Noski. Mexikora joandako familiak ziren, baina Euskal Herriarekiko lokarria apurtu ez zutenak. Horien artean aipagarriena Fagoaga familia da, Errenteriakoa; fagoagatarrek diruz finantzatu zuen Minaren espedizioa. Beraz, pentsatzekoa da Xabier Mina Mexikora joan aurretik bazegoela hartu-emana. Nik uste dut –eta sentitzen dut mexikarrek kontrakoa esaten badute– Mina Ingalaterrara joan zenean oso garbi zeukala handik Ameriketara joan behar zuela. Izan ere, 1815eko maiatzean heldu zen Mina Ingalaterrara, eta handik hilabetera badira informeak Mina Ameriketarako espedizioa prestatzen ari zela diotenak. Mexikarren bertsioa da Fray Servando apaizak konbentzitu zuela Xabier Mina Mexikora joateko. Beste gauza batzuetarako akaso konbentzituko zuen, baina horretan ez dut uste.

Libertadoretzat jo genezake Xabier Mina, ezta?
Dudarik gabe. Zenbaiten artean mesfidantza sortzen bazuen ere, Xabier Mina heroia da Mexikon. Hango kongresuan bere izena urrezko letretan idatzita dago, hainbat monumentu ditu, hainbat herrik bere izena daramate, eta bere errautsak beste askatzaile batzuenekin batera lurperatuta daude Independentziaren Monumentuan. Libertadore bat zen, bai. Pablo Nerudak ‘Los libertadores’ poema idatzi zuen, eta Xabier Mina aipatzen du bertan.

Gora