→Basauri

Lorena Fernandez: “Zientzian eta teknologian diharduten emakumeak erreferente bihurtzea bilatzen dugu Inspira proiektuarekin”

Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria da. Era berean, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen ditu Inspira Steam proiektuaren bitartez.

Lorena Fernandez (ezkerrean) Europako Parlamentuan // Argazkia: Lorena Fernandez

Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria da. Era berean, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen ditu Inspira Steam proiektuaren bitartez

“Talentu berdina, onarpen berdina”. Hori izan da Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako WomenBi erakusketaren lema. Erakusketan partaide izan da Lorena Fernandez Alvarez (Basauri, 1982). Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria da eta Inspira Steam proiektuan aholkulari dabil. Azken honekin Europako Parlamentuan plazaratu zuen neska gazteak ahaldundu eta euren artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko beharra.

Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria zara.
Hala da. Deustuko Unibertsitateko komunikazio digitaleko estrategia zehazteaz, inplementatzeaz, exekutatzeaz eta neurtzeaz arduratzen naiz. Bertan nire bi pasio uztartzea lortu dut: teknologia eta komunikazioa, alegia. Beti diodan bezala, makina deterministekin lan egitearen ideiak ingeniari izateko grina piztu zidan; baina ingeniaritza ikasketak bukatuta, ohartu nintzen makina baten atzean beti dagoela pertsona bat… Eta hori askoz gehiago gustatzen zitzaidan.

Zein izan da zuzendari izan aurretiko zure ibilbidea ingeniaritza munduan?
Unibertsitate ikasketak bukatu nituenean nire lehen lanbidea sistema administrari moduan izan zen. Labur azalduta: zerbitzariekin, sare-kableekin eta pantaila beltzen gaineko komando-lerroekin lan egiten nuela. Hau da, estereotipo anitzekin eta imaginario femeninotik oso aldendutako lanbidea nuen. Egia esan, emakume bakarra (eta lehena) nintzen postu horretan enpresa hartan.

WomenBi erakusketako partaide izan da Lorena Fernandez // Bizkaiko Foru Aldundia

Estereotipoekin apurtzeko unea, orduan.
Postu horretan emakume bakarra nintzela benetan konturatu nintzen sare-armairu bateko hartuneak ikuskatu behar nituenean. Hainbatetan egin izan nuen lan hori, baina oraingo horretan sare-armairuaren kokapenak harritu ninduen: enpresako gizonezkoen komunean zegoen, ustez emakume bat ez zelako sekula bertan sartuko! Lankide batekin joan nintzen sare-armairu horretako hartuneak ikuskatzera eta hutsik zegoenean gure lana burutu genuen. Eta anekdota ondoren etorri zen, nire familiari gertatutakoa azaldu nionean. “Goiza nire lankidearekin pasa dut gizonezkoen komunean” erantzuna ez zuten inola ere espero!

Noiz heldu zinen Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendari izatera?
Denborarekin web sozialaz interesatzen hasi nintzen eta autoikaskuntzari ekin nion oraindik esparru hori garatu gabe zegoenean. Behin Unibertsitatetik arlo hori zehazteko ardura eman zidaten, nik lidergoa hartu behar nuela. Zentzu horretan ere, esan daiteke lehenengo emakumea naizela Identitate Digitaleko zuzendari bezala. 2012an hartu nuen kargua.

Destuko Unibertsitatetko IDko zuzendaria izateaz gain, Inspira Steam-eko aholkularia ere bazara.
Bai. Unibertsitateko genero plataforman ere parte hartzen dut. Plataforma horrek neskatila eta neska gazteak ahaldundu eta euren artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea du helburu, baita Adimen Artifizialean inpaktua analizatzea ere. Inspira Steam Euskadin sortutako proiektua da xede bera duena (gaur egun Espainian ere ezarri dute), eta horretarako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean taldekako aholkularitza ematen dugu eskola orduetan, sei saiotan. Bizkaian 133 aholkulari inguru gaude.

Zientzian emakumeak ere badaudela erakusten diezue ikasleei?
Noski. Inspira Steam proiektuaren asmoa da zientzian eta teknologian diharduten gertuko emakumeak erreferente bihurtzea eurentzat. Benetako emakumeak gara eta ikasleek aukera dute gure lanbideaz eta gure egunerokoaz guri zuzenean galdetzeko. Azken finean, neskatila eta neska gazteek benetan nahi dutena izan daitezen bilatzen dugu, askatasun osoarekin. Aurten Basauriko Urbi Institutuan izan naiz aholkulari. Ikasle ohia izanik, ilusioa bikoitza izan da: alde batetik nire hezkuntza zentroa izandakoari zerbait bueltatzea, eta bestetik neskek konfiantza irabazten dutela eta ogibideen inguruan estereotipoak apurtu ditzaketela ikustea. Esate baterako, ikasle batek honako esaldi hau idatzi zuen: “Neskek mutilek egin ditzaketen gauza berak ere egin ditzakegula ikasi dut”.

Inspira Steam-eko zure profilak zera dio: Kristalezko sabaia apurtzeko borrokan zaudela.
Matxismoak ez du ideologiaz edo erlijioaz ulertzen; guztiz estrukturala da: katolikoa, ateoa, liberala, komunista, intelektuala, femeninoa eta maskulinoa da, besteak beste. Horregatik ikusten eta sentitzen dugu edozein esparrutan eta horregatik da hain zaila erauztea. Doce Miradas proiektuaren konpromisoa honakoa da: diskurtso berri bat osatzea eta aldaketan eragin nabariagoa izatea. Jakin badakigu oso zaila dela eta ditugun baliabideak eskasak direla, baina helburu batzuk gure eskura daude, eta horretan aurrera egin behar dugu. Helen Keller idazle eta aktibistaren esaldi hau ekarri nahi dut gogora: “Ez naiz bakarra, baina hala ere norbait naiz. Ezin dut dena egin, baina hala ere zerbait egin dezaket. Eta hain zuzen, dena ezin dezakedalako egin, ez diot uko egingo egin dezakedanari”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak