→Basauri

Ludi Viguera | Printzipioetan tinko

basauri ludi viguera 2016 elkarrizketa ale berezia

Basauriko ikastolan irakasle da. Euskaldun eta Euskararen militante bezala ikusten du bere burua. Euskarabila elkarteko kidea da.

Ludi Viguera argazkiaren ezkerraldean, Basaurin Be Bagara jaia San Migelen.

Nahiz eta Arrigorriagan bizi, Ludi Viguerak (Basauri, 1964) ordu asko ematen ditu bere jaioterrian. Arizko Ikastolan irakasle lanetan aritzeaz gain, Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkarteko kide ere bada. Horren harira, aurtengo Basaurin Be Bagara herri ekimeneko zenbait aurrerapen eman dizkigu.

Euskararen aldeko eragile zarela esan genezake, baina zuk zeuk nola de nitzen duzu zure burua?

Euskalduna eta euskararen militantea naiz, beste hainbat gizarte mugimendurekin ere guztiz identifikatuta sentitzen dena.

Basauriko Arizko Ikastolan irakasle zara…

Hala da. 21 urte nuela hasi nintzen Ikastolan, 1985. urtera aldera. Garai hartan Ikastola kooperatiba zen 1980tik, eta Baskonia lantegiko bulegoetan zegoen (1981etik). 1993an sare publikoan sartzea erabaki zuten eta 1996an Pozokoetxe ikastetxe publikoko komunitatea Arizko Ikastolan integrarazi zuen Administrazioak. Ikasle izandako asko orain guraso dira, pentsa!

Aldaketarik ba al dago irakasle hasi zinenetik gaur egunera arte?

Aldatu? Egokitu esango nuke nik, baina printzipioetan tinko mantenduz. Gizartearen ezaugarri eta beharrei erantzuten saiatzen den hezkuntza komunitatea izan nahi izan dugu beti. Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta.

Euskal Herriko hiru administrazioek batera egin duten inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza, erabilera eta babesaren gorakada egiaztatu dira azken 25 urteetan…

Inkesta hiru administrazioek egin dute, baina EAEko datuak baino ez dituzte jakitera eman oraindik. Prentsaren bidez emandako datu gutxi batzuk besterik ez ditut ezagutzen, beraz, ezin dut ezer askorik esan. Gainera, azken 25 urteetan gorakada izan dela esatea ez da asko esatea.

Basauriren kasuan, gorakada hori nabaria izan da.

Basaurin gorakada izan dela begi bistakoa da, baina beste kontu bat da igoera hori nolakoa den, datuen zer irakurketa egiten den eta zer neurri hartzen diren horren aurrean. Esate baterako, datu horien arabera gorakada handiena hirigunean -Basaurin, adibidez- nabari da eta batez ere gazteen artean: eskola edota euskaltegietan euskaldundua, beraz euskara bigarren hizkuntza duena eta erdaraz hobeto moldatzen dena.

Eta, nola egin dakioke aurre egoera horri?

Egoera horretatik abiatuta eta erabilera esparruek Basaurin nagusiki erdaldun izaten jarraitzen dutela kontuan izanik (kalea, aisialdia, lana, komunikabideak…), eutsiko diote euskarari? Transmitituko dute? Zer erabiliko dute gehiago euskara ala ingelesa? Horrek guztiak erronka berriak jartzen ditu mahai gainean, eta erabaki berriak hartu beharra eta fokua lekuz aldatzea dakar.

Aurten 20. urteurrena bete du Euskarabila Elkarteak.

Hala da. Euskarabilakidea ere banaiz eta aurten programa berezi bat prestatu dugu ospakizun urte honetan. Azpimarratuko nuke hilabete honetan martxan dagoen erronka dinamika. Basaurin Be Bagara herri ekimenaren aurtengo proposamena guztiz bat dator Euskal Herri mailan ‘Euskarak 365 egun’ kanpainak aldarrikatzen duenarekin. Pauso bat aurrera emateko gonbita egin diegu basauriarrei, norbanako eta eragileei. Euskararen alde egotetik euskaraz egitera jauzia emateko.

Baina, ekitaldi publikorik izango al da aurten ere?

Nola ez, bada? Kalea hartuko dugu abenduaren 2an, ‘Euskarak 365 egun’ kanpainarekin bat egingo dugulako, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala. Jai giroan egingo dugu ekimena, Nafarroa Kanta Taldeak lagunduta. Eta abenduaren 11n Social Antzokian egingo dugu ekitaldi jendetsua, hainbat eta hainbat sorpresa tarteko (18:30ean hasita). Esate baterako, Antzart Dantza Taldeak ‘Nortasunaren bila’ ikuskizuna aurkeztuko du. Bi hitzordu erakargarri dira euskaldun eta euskaltzale guztiontzat, zalantzarik gabe.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak