→Basauri

Mikelats Kultur Elkartea: “Mikelats horizontala da; lauron artean hartzen ditugu erabakiak”

basauri mikelats kultur elkartea 2016 elkarrizketa

Mariangeles Monedero, Aintzane Rojo, Irune Larrea eta Irina Garcia laukoteak osatzen du Mikelats Kultur Elkartea eta San Migelgo jaiak antolatzen dituzte.

Irina Garcia, Aintzane Rojo, Irune Larrea eta Maria Angeles Monedero sanmigeldarrek osatzen dute Mikelats Kultur Elkartea. 2012tik elkarteko kideak dira; lautik hiru adin berekoak dira (26 urte) eta laugarrena taldekoen “ama” da, euren hitzetan. Kultur Elkarteak 2005ean izan zuen sorrera eta helburua kultur eta gizarte jarduerak sustatzea da. Jai egitaraua antolatzeaz gain, bestelako jarduerak prestatzen dituzte Basauriko San Migel auzoan.

Laster, San Migelgo jaiak! Egitaraua prestatzen noiztik izan zarete lanean?

Urte hasieran hasten gara dagoeneko ekintzak lotzen, urtarrila eta otsaila artean. Ekitaldi txikiak zehazten saiatzen gara aurrena eta gero kontzertuetan sakontzen dugu.

Jai egitarauako ekintzarik potoloenak, alegia.

Erabat. Horregatik saiatzen gara mota guztietako musika ekartzen. Eta hori lortzeko zera da gure buruari egiten diogu galdera: ‘Zein musika mota gustatzen zaie sanmigeldarrei?’. Erantzunaren harira, gure irizpideak konkretuak dira: esate baterako, orain dela gutxi rumba estiloko talderen bat ekarri badugu, ziur epe laburrean ez dugula musika estilo hori berriro ekarriko.

Zerbait aurreratuko al zenukete aurtengo jai egitarauari dagokionez?

Aurten Herri Kirolen erakusketaldia egongo da jaietan eta San Migel egunean (irailak 29) jendeak oso gustuko izango duen sorpresatxo bat prestatu dugu, baina oraingoz ez dugo gehiagorik esango. Jakingura piztu nahi dugu auzotarrengan… (kar, kar)

Basauriko Udalak ematen dizuen aurrekontua nola bideratzen duzue?

Udalak ematen digun aurrekontua 104.276,48 eurokoa da. Diru kopuru hori jasotzen dugunean, lehendabizi urteko ekitaldi txikienak antolatzen ditugu eta gainontzekoa jai egitaraua prestatzeko erabiltzen dugu. Aurrekontuaren gehiengoa bertara doa, jaietara.

Hain zuzen ere, jai egitaraua prestatzeaz gain, urtean zehar ere bestelako ekintzak antolatzen dituzue…

Hala da. Urtarriletik abendura arte kultur ekintza pilo bat egiten ditugu San Migelen. Hala nola, inauteriak, Gabonak, txokolatada, kirol jarduerak, parrillada… Erabakitzen ditugun gauzak, lauron artean egiten dugu. Esan dezakegu elkartearen lidergo maila horizontala dela, hau da, elkarrekin erabakitzen ditugu gauzak.

Ekintza guztietan aniztasuna lantzea da gure helburua, hau da, auzoko denak hartzen ditugu kontuan eta horren arabera ekintza ezberdinak prestatzen ditugu.

Batik bat adin txikikoei zuzendutakoak, ezta?

Bai. Azken finean San Migelgo biztanleen zati haundi bat umeak dira. Eurek ematen diote bizia auzoari euren parte hartzearekin. Hala ere, nagusientzako jarduerak ere antolatzen ditugu, noski.

Ekintza solidarioak ere errotu egin dira auzoan Mikelatsi esker…

Elkarte moduan daukagun potentziarekin ere ekintza solidarioak antolatzen ditugu. San Migelgo jendeak izan ditzakeen arazoei aurre egiteko dirua biltzeko jarduerak egiten ditugu. Urtero erabakitzen dugu zein auzokideri edo elkarteri lagundu eta horretan jartzen dugu arreta dirua jasotzeko. Besteak beste, Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura, Haur minbizia eta Espina bifidoa.

Guztira, zenbat diru bildu duzue?

Zehazki ez dakigu zenbat diru jaso dugun. Iaz, adibidez, 4.000 euro bildu genituen eta aurten dagoeneko 3.000 euro inguru bildu ditugu.

Elkartean gaur egun lau emakume zaudete. Zaila da zuek bakarrik aurrera egitea?

2012tik elkarrekin lan egiten dugu laurok. Baina esan beharra dago 10 lagun inguru hasi ginela eta urteak joan ahala jendeak Elkartearen barruan parte hartzeari utzi diola. Musutruk egiten dugu lan eta jendeak beste eginbehar batzuk ditu. Hala ere, gu indartsu gaude aurrera egiteko eta besoak zabalik jasoko ditugu San Migelen alde gurekin lan egin nahi dutenak.

Mikelatsen zaudetenetik, ezer berririk txertatu al duzue Kultur Elkartean?

Aurreko Mikelats osatzen zutenek ere sanmigeldarron alde egiten zuten lan. Gaur egun egiten duguna eurek egiten zutenaren antzekoa da. Noski, aldaketa batzuk egin ditugu, adibidez, jaietan kuadrilen jaitsierako puntuazioen prozeduran, iruzurrik gerta ez dadin.

Uda honetan puri-purian izan ditugu eraso sexistak gurean… Horiek ekiditeko protokolorik aktibatuko al duzue?

Marienearekin harremanetan gaude eta horien bidez Beldur Barik protokoloa aktibatzen dugu. Esate baterako, Mikelats Kultur Elkartearen txosnaren barran protokoloaren dekalogoa jarrita dago eta abestien artean kuñak sartzen ditugu. Protokoloa goitik behera jarraitzen dugu: zerbait gertatzekotan prest gaude erasoak ekiditeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak