→Basauri

Basauritik Cannesera

basauri nagore mieres 2016 elkarrizketa berezia

Madrilen bizi da egun Nagore Mieres basauriarra. Cannes Lions Kreatibitatea jaialdian izan da aurten eta bigarren postua eskuratu du.

Nagore Mieres (Basauri, 1991) Madrilen bizi da gaur egun. Argazkian ezkerrean dugu. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Marketing espezializazioan, eta ikasteko zenbait programetan parte hartu ondoren, Madrilera joan zen lan egitera. Aurten, bigarren aldiz, Nazioarteko Cannes Lions Kreatibitate jaialdiko astean izan da lankide batekin batera eta Munduko herrialdeen artean, zilarrezko domina lortu du.

Zer egiten du Madrilen zu bezalako basauriar batek?

Oso istorio luzea da, baina egia esateko, nolabait patuaren kontua dela esango nuke. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza EHUn ikasi nuen. Ikasketak Bruselan bukatu nituen Erasmus programaren barruan, eta Belgikatik bueltatu bezain laster, SEPI Fundazioaren beka bat jaso nuen Espainiako beste 50 gazterekin batera eta Madrilera lan bila etorri nintzen.

Hain zuzen ere, Madrilen aurkitu duzu lana…

Hala da. Interpublic Publizitate Taldeko IPG Mediabrands nazioarteko komunikabide-agentzian lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta ez nuen inolako zalantzarik izan. Bertan hasi nintzenetik, orain dela bi urte baino gehiago, ikerketa taldearen parte izan naiz, Johnson & Johnson, Amazon, Warner Bros, Tous, Pascual, Mapfre edo Famosa bezalako bezeroek euren kontsumitzaileak hobeto ezagutu ditzaten laguntzen.

Lanaren bitartez, Cannes Young Lions lehiaketan parte hartu duzu. Zertan datza horrek?

Nazioarteko Cannes Lions Kreatibitate Jaialdiko astean zehar talentu gazteentzat antolaturiko lehiaketa bat da, zeinetara herrialde bakoitzak nazio-mailan txapelketa bidez aukeraturiko bikote bat bidaltzen duen. Behin Cannesen, gobernuz kanpoko erakunde batek proposaturiko ariketari erantzuna emateko hogeita lau ordu eta bost minutuko aurkezpena dute bikoteek. Epaimahai aditu bat lanak ebaluatzeaz eta sariak banatzeaz arduratzen da.

Aurten, gainera, bigarren postua lortu duzue…

Bai! Cannes Lions munduko publizitate jaialdirik ospetsuena da, beraz, imajina ezazu zer nolako poza horren guztiaren parte izatea! Lehia eta eskakizun maila izugarri altuak dira bertan eta horregatik, beste 30 herrialderen artean bigarren postua eskuratzea oso lorpen garrantzitsua izan da guretzat.

Zein izan da aurkeztu duzuen lana?

Gure bezeroa Nazio Batuen Erakundea izan da eta ariketa, Milurtekoko 17 Garapen Helburuen arteko laugarren helburuari buruzkoa: hezkuntza. Aurkezturiko proposamena, ‘leku eta momentu egokian egotean’ oinarrituta zegoen. Gure ideiak, zelan munduko herrialde batean edo bestean jaiotzeak zure bizitza osoa eta pertsona bezala nor izango zaren baldintzatzen duen azaltzea du helburu.

Iaz ere Cannesen izan zinen. Aldaketarik sumatu al duzu lehen eta bigarren edizioen artean?

Bai, noski, batik bat gure jarreran esango nuke. Aurten gauzak lasaitasun gehiagorekin hartu ditugula uste dut. Urduri jartzea saihetsezina da, baina aurrez aurre geneukan erronka nolabait ezagutzen genuen eta lehenbiziko aldian egindako akatsen jakitun izanda, hauek zuzentzen saiatu gara bigarren edizio honetan. Eta zera, ez dirudi txarto atera denik.

Ikasketen harira, Becas Europa delakoan ere parte hartu zenuen…

Hala da. Becas Europa, Madrilgo Francisco de Vitoria Unibertsitateak Estatu osoan zehar banaturiko berrogeita hamar ikasleei eskainitako bekak dira. Goi-mailako ikasketak hasi baino lehenagoko udan, hau da, Batxilergoa behin bukatuta, Europako unibertsitaterik prestigiotsuenak bisitatzean datza bekak. Besteak beste, Bolonia, Ox- ford, Heidelberg edo La Sorbona ezagutzeko aukera izan nuen. Erakunde horien hastapenak eta esentzia ezagutzeko helburua du programa honek.

Basaurira inoiz bueltatzeko intentziorik ba al duzu?

Oraingoz ez. Basaurik milaka gauza eskaintzen dizkit, haien artean nire lagunak eta familia, eta hori konpara ezina da, baina haiek ezagutzen naute eta beren laguntza daukat edozertarako, badakite pertsona bezala handitu, esploratu, mundua eta kultura desberdinak ezagutu nahi ditudala, eta uneren batean, zergatik ez?, etxera bueltatu. Baina oraingoz ez dago nire planen artean, agian aurrerago bai, auskalo!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak