→Basauri

Naiara Amor: “Kanpoan bizitzeak ematen dizun anonimatua dut gustuko”

basauri naiara amor 2017 elkarrizketa

Azkenengo bi urteak Toronton (Kanada) eman ditu Naiara Amor basauriarrak. Esperientzia ‘zoragarria eta aberasgarria’ izan dela aitortu digu.

Naiara Amor basauriarrak Toronton eman ditu azken bi urteak // Naiara Amor

Azkenengo bi urteak Toronton (Kanada) eman ditu Naiara Amor basauriarrak. Esperientzia ‘zoragarria eta aberasgarria’ izan dela aitortu digu. ‘Halako bizipena opari bat da’

Gehiegi pentsatu barik abiatu zen Naiara Amor (Basauri, 1984), bere bikotearekin batera, Kanadako Toronto hirira. Sentsazio eta egoera berri askori aurre egin behar izan die eta horri esker bere burua hobeto ezagutzen du orain. Motxilan gauza positiboak baino ez ditu ekarri eta, nahitaez, buruan eta bihotzean betirako izango du Toronto, bertan bere altxorrik preziatuena jaio baitzen.

Zergatik joan zinen Torontora?
Nire bikoteari bertan lan egiteko eskaintza egin zioten eta bi aste alde onak eta txarrak aztertzen eman eta gero, baiezkoa eman genuen. Nire enpresa enplegu-erregulazioko espediente batean murgilduta zegoen eta eskaintza, beraz, unerik egokienean iritsi zen. Giroz aldatzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko abagunetzat hartu genuen.

Zaila izan zen erabakia hartzea?
Familia, lagunak eta herria atzean uztea beti da zaila, baina behin-behineko agurra zen. Bi urterako eskaintza izatea izan zen gehien motibatu gintuena. Beharrezko guztia eskura jarri ziguten, zaila zen ezetz esatea.

Nola baloratuko zenuke esperientzia?
Zoragarria. Aberasgarria da benetan zurea ez den beste hiri batean bizitzea, ohitura berriak ezagutzea eta barneratzen saiatzea. Leku ezberdinetako lagunak egin ditugu, lagun onak, eta despedida gogorra izan zen. Hala ere, halako bizipena opari bat da. Mundu guztiari gomendatuko nioke denboraldi batez kanpoan bizitzea, denbora laburrez bada ere, esperientzia abesgarria da oso.

Nolakoak dira kanadarrak, hemengoekin alderatuta?
Gu hiriaren erdigunean bizi ginen eta bertan zaila da jatorriz kanadarrak diren lagunak topatzea. Gehienak europarrak, hegoamerikarrak eta asiarrak dira. Gu, batez ere, portugaldar eta hegoamerikarrekin egon gara harremanetan. Benetako kanadarrak serioak eta ongi hezitakoak dira, eta barkatu eta eskerrik asko hitzak behin eta berriro errepikatzen dituzte.

Zeintzuk dira euren ohiturak?
Usadioak eguraldiarekin lotuta daude. Elurretara joatea dute gustuko eta Gabonak eta Halloween eguna modu berezian bizi dituzte. Tenperatura baxuen ondorioz denbora pilo bat ematen dute merkataritza-zentroetan, erosketak egiten edo egun-pasan. Negu gorrian desatsegina da kalean egotea eta, horregatik, Toronto erdigunea leku batetik bestera ia kalera atera gabe joateko prestatuta dago.

Gu baino hobeto bizi dira? Gu baino zoriontsuagoak ote dira?
Guk baino eskubide gehiago dituzte eta horrek askeago bihurtzen ditu. Familiaz eta aisiaz guk baino gehiago disfrutatzen dute, beraz, bai, zoriontsuagoak direla esatera ausartuko nintzateke. Bizi kalitatea altuagoa da, zalantza barik.

basauri naiara amor 2017 simpson familia

Naiara Amor basauriarra Simpson familiarekin // Naiara Amor

Ba al dakite Euskal Herria non dagoen edota euskara zer den?
Ez, Toronton behintzat ez. Aurpegi arraroa jartzen ziguten Bilbokoak ginela esaten genuen bakoitzean. Bartzelona eta Madril hitzak, ordea, ezagunak egiten zaizkie, futbol taldeengatik batez ere.

Familiaz aparte, zer bota zenuen faltan?
Hemengo giroa batik bat. Kalean lagunekin geratzea, pintxoak jatea, poteatzea… eta baita hemen eskura ditugun hainbat elikagai ere. Oliba olioa, esaterako, nahiko zaila da Kanadan topatzea. Dietan ahalik eta aldaketa gutxien egitea zen gure helburua eta bertan bizi diren portugaldarrei esker lortu genuen. Guretzat hain ohikoak diren produktuak eurek sartzen dituzte Kanadan.

Zer zailtasun topatu zenituen?
Abantailaz jokatu nuen, nire mutila ni baino lehenago heldu zelako Torontora eta horrek gauzak erraztu zituelako. Heldu nintzenerako ia dena prest zegoen. Dena den, aurreneko traba, eta garrantzitsuena, hizkuntza izan zen. Gure ingeles maila ez zen oso ona eta, hasieran, medikuarekin edota bankuko langilearekin elkar ulertzea kostatu egin zitzaigun. Hilabeteek aurrera egin ahala, berriz, hasierako lotsa hori galdu eta beharrezkoak dituzun hitzak konturatu barik ateratzen dira. Bestalde, eguraldia ere astun egin zitzaigun denborarekin. Aurreneko hilabeteetan nobedadea izan zen hainbeste elur ikustea eta muturreko hotzari aurre egiteko arropa janztea, baina berehala aspertu ginen.

Zer da gehien gustatu zaizuna? Eta gutxien?
Gutxien negua, sei hilabete inguruko negu hotza luzeegia egiten delako. Ezin duzu terraza batean ezer hartu, parkean paseo lasai bat eman, hots, hotzak aisia mugatzen dizu eta nekagarri bihurtzen da. Bueltan ekarri ditudan gauza positiboak, ordea, asko dira: zure herritik kanpo bizitzeak ematen dizun anonimatua, ohitura ezberdinak dituen jendea ezagutzea, Kanadan eta AEBetan bidaiatzeko izan dugun aukera eta, batez ere, neure burua hobeto ulertu eta ezagutzea.

Zerk harritu zintuen?
Supermerkatura joan nintzen aurrenekoan arraroa egin zitzaidan janariarekin batera garagardoak edota ardoa erosi ezin izatea. Alkohola likore-dendan baino ez dute saltzen. Orain atzera begiratu eta barre egiten dut, baina momentuan horrek asko harritu ninduen.

Bidaiatzearena aipatu duzu. Non ibili zarete bueltaka?
Toronto inguruan gehien bisitatzen den lekua Niagara ur-jauziak dira, autoz ordu eta erdira dagoelako. Kanadako hainbat hiritan ere egon gara eta Las Vegas, Chicago, Washington, Philadelphia, New York, Kuba eta Mexiko bisitatu ditugu. Nire bizitza osoan baino gehiago mugitu naiz azkenengo bi urteetan.

Zure ingeles maila hobetzeko baliatu duzu?
Bai, erabat. Bizirauteko ingeles maila nuen eta hasieran mugikorreko itzultzailea izan nuen lagunik onena. Nire mailak hobera egin du nabarmenki eta egun elkarrizketa bat arazo barik ulertu eta izateko gai naiz. Ingelesa ikasteko beharra nuen, ez zegoen aitzakiarik ezta beste irtenbiderik ere.

Ama izan zinen bertan. Gogorra da etxetik urrun halako esperientzia bat bizitzea?
Ez, erraza eta ederra izan zen. Nire gurasoak jaiotzaren egunean eta ondorengo asteetan bertan egon ziren, eta ondoren nire aita-amaginarrebak etorri ziren, beraz, ez ginen une zail eta hunkigarrienetan bakarrik egon. Nire ginekologoa, gainera, argentinarra zen eta horrek bidea erraztu zuen. Haurdunaldian zehar zalantza pilo bat sortzen da eta hormonak dantzan ibiltzen dira. Gure arteko harremana gaztelaniaz izateak lasaitasuna eman zidan.

Aukera izatekotan, Toronton biziko zinateke betirako?
Betirako ez, baina bolada batez berriro itzultzeko asmoa dugu, nire alabak bere jaioterria ezagutu dezan.

Toronto edo Basauri?
Basauri nire herria da, hazi eta hezi naizen herria, eta Toronto urrunegi dago. Aukeratu beharko banu Basauri esango nuke.

Basaurira itzuliko zara?
Ez dakit noiz, baina bueltatuko gara. Bitartean, unea heldu arte, munduan barrena jarraituko dugu. Behin bidaiatzen hasten zarenean zaila da amaiera jartzea.

Gora