→Basauri

Oihane Lopez: “Ahalduntzeko, lagunak egiteko edo parte hartzeko lekua da Marienea”

basauri oihane lopez 2017 marienea

Berdintasun eragile masterra eta feminismoari buruzko beste bat egin ditu Lopezek. Gaur egun, Equitrukeko koordinatzailea da.

Berdintasun eragile masterra eta feminismoari buruzko beste bat egin ditu Lopezek. Gaur egun, Equitrukeko koordinatzailea da

Oihane Lopezek (Basauri, 1986) Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen unibertsitatean. Gero Feminismoari buruzko master bat egin zuen eta bitartean Marieneako proiektu batzuetako partaide izan da. Gaztetatik feminista zela bazekien, “baina esango nuke nire buruan ez zegoela feminismo hitza idatzita”.

Noiz izan zenuen zure lehenengo harremana Marienearekin?
19 urterekin hasi nintzen Jabekuntza Eskolako ikastaroetara joaten. Unibertsitatean nengoela, “Jendaurrean hitz egiteko teknikak” ikastaroa Marienean emango zutela jakin nuen. Izena eman nuen eta hortik aurrera nire ikuspuntua zabaldu eta feministatzat hartu dut. Feminismoaren aldeko aktibista izan nahi nuela argi ikusi nuen eta Marienean ikasi eta lan egin dut harrez geroztik.

Ordutik hamar urte baino gehiago igaro dira…
Bai! Hasieran tailerretara etortzen nintzen. Ez dakit zenbat ikastarotara etorri naizen ere! Gero, unibertsitate ikasketak bukatu nituen eta Feminismoari buruzko masterra egin nuen. Tarte horretan Marieneako hainbat proiektutan hartu nuen parte. Eta iaztik lanean nabil Marienean.

Esate baterako, zein proiektutan hartu duzu parte?
1era 2kain ekimenean hezitzaile moduan aritu naiz (gaur egun ere proiektuan laguntzen dut), baita Equitruken ere. Aldi berean, master amaierako tesina ari nintzen prestatzen: Basauriko 11 emakumeri egindako epaiketak abortuaren inguruan 1976 eta 1985 urteen artean. Gai interesgarria, are gehiago Basaurikoa izanda. Pena da bertako gazteek horren berri ez izatea. Istorio hori jakitea oso garrantzitsua da.

Azaldu zertan datzan lan horrek.
1976ko irailaren 9an, goizaldean, Basauriko 11 emakume atxilotu zituzten abortatzeko praktikak burutzea leporatuta. Emakume-elkarteek Bilboko kaleak hartu zituzten beren absoluzioa eskatzeko: eraikinak hartu zituzten, adierazpenak idatzi zituzten, mobilizatu ziren eta gelditu gabe lan egin zuten.

Tesina egiteko Marienean laguntza jaso al zenuen?
Bai. Anabelen eskutik jaso nuen laguntza. Emakumeen Informazio Zentroan hiru hilabete eman nituen dokumentazioa biltzen eta emaitza txosten potente bat izan zen. Gero, “Emakumeen Aztarnen Mapa Basaurin” jardunaldietan aurkeztu nuen.

Zure ustez, zer da Marieneak herritarrei eskaintzen diena?
Gauzarik garrantzitsuena niretzat Jabekuntza Eskola da. Aukera asko ematen ditu ahalduntze prozesu horretan aurrera egiteko. Bestetik, lagunak egiten dituzu Marienean, adin guztietakoak. Hainbat ekintza eskaintzen ditu, denak parte-hartzaileak eta aberasgarriak. Pertsona bezala burua irekitzen laguntzen dizu.

Puntu beltz bezala, emakumeenganako indarkeria oraindik ere errealitate bat da…
Hala da. Marienean baliabide asko eskaintzen dizkiegu indarkeria matxista jasan edo jasaten duten emakumeei. Aholkularitza judiziala eta psikologikoa ematen diegu bertatik. Era berean, dinamizatzaile moduan saiatzen gara emakume horri ‘biktima’ hitza aldatu eta ‘aktbista’ bihurtzen. Hala ere, uste dugu baliabide gehiago jarri behar direla instituzioen aldetik.

Amaitzeko, hitz gutxitan nola definituko zenuke Marienea?
Feminismoa aldarrikatzeko gune nagusia. Kontuan hartuta feminismoa ez dela hitz bat soilik, baizik eta bizitzeko modu bat. Mundua beste prisma batetik ikusten duzu.

Gora