☉ Basauri
Patricia Lopez: “Ibaiondon ezagutu ditut abandonua, gabeziak eta tratu txarrak”
Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa.

Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa
Sakonean ezagutzen ditu Patricia Lopezek (Bilbo, 1974) Ibaiondora heltzen diren neska-mutikoen beldurrak, gabeziak eta beharrak, eta buru eta bihotz ekin dio eurei laguntzeari. Argi dauka arazoaren sorburua zein den baina, hainbat arrazoiengatik, konponbidea aurkitzea askotan zaila dela aitortu digu. Bilbotarra jaiotzez, baina hogei urte dira Basaurin bizi dela. Bere lana izugarri maite duen arren, ez du bere burua Zumarragan denbora luzez ikusten.
Nola heldu zinen Ibaiondora?
Duela hamabi urte baino gehiago heldu nintzen, oso modu bitxian. Aurretik San Frantziskoko (Bilbo) haurreskola batean egin nuen lan, baina nire bokazioa eta pasioa gizarte hezkuntza zela argi neukan eta, ondorioz, lana utzi eta karrera ikasten hasi nintzen. Ikasketak bukatutakoan, lan mundura bueltatzeko Basaurik martxan jarritako proiektuan hartu nuen parte. Egun batean deia jaso nuen, baietz esan eta bertan jarraitzen dut. Ez nuen gazte-justizia batere menperatzen baina nik uste baino gehiago ezagutzen nituen bertako neska-mutikoen bizi baldintzak.
Zein da zure eginkizuna?
Hezitzailea naiz. Egunerokotasunean, bertan dauden adin txikikoei etengabe laguntzea da nire zeregina. Nire lana ikusten dena baino harago joatea da, beren jokaeraren zergatia ulertzea eta hazkuntza prozesuan lagungarri izatea. Heziketaren bidez birgizarteratzea da xedea, baina hori lortzeko lan gogorra egin beharra dago. Ibaiondora eraman dituzten motibo guztiak aztertzea, lantzea eta, ahal den neurrian, irtenbideak aurkitzea.
Zer nolako gazteak heltzen dira bertara?
Hezitzaileaz gain traumaterapeuta ere banaiz eta argi daukat bertara gazte minduenak eta zaindu gabeenak heltzen direla, hots, bizi baldintza gogorrenak bizi izan dituztenak, inoren umeak ez direnak. Delinkuentzia bizipen horien guztien emaitza dela uste dut.
Zer behar dute?
Batez ere maitasuna behar duten neska-mutilak dira, ez dute euren bizitza konplikatuetan inoren laztanik zein arretarik jaso eta estimua behar-beharrezkoa dute. Eguneroko ohikeriaren premia ere badute. Ordenarik gabekoa da euren bizitza eta ohiturak ezartzea onuragarria izaten da; hazi eta loditu egiten dira. Segurtasuna eskuratu eta beste ikuspuntu bat eskaintzen dieten helduen presentzia onartzen dutenean, geldirik zegoen garapen fisiko eta psikologikoa berpiztu egiten da.
Nolakoa da euren egun arrunt bat?
Aste barruan 08:30ean altxatu, ohea egin eta gosaria hartzen dute. Ondoren talde osoko bilera dago eta, koordinatzailearen aurrean, denek dute edozein gauza esan edo azaltzeko aukera. 10:30etik 14:00etara klasera doaz eta bazkaldu ondoren, aisialdirako tartetxoa dute. Segidan klasera bueltatzen dira, 17:30ak arte, eta askaria hartu eta gero, hezitzaileekin egoteko unea da. Mota askotako tailerrak daude: osasun heziketa, kirola, igerilekua udan, mahai-ingurua eta abar. Dutxa, afaria eta lotara joan baino lehen aisialdirako beste tartetxo bat. Une hori aprobetxatu ohi dugu egunean zehar jazotakoa eurekin komentatzeko. Asteburuan betebeharrak antzekoak dira, baina tarte libreak, gehiago.
Zer portzentajetan lortzen da gazte horiek birgizarteratzea edo euren etorkizuna bideratzea?
Ez dakit kopuru zehatza zein den, baina joaten direnak bueltatzen direnak baino askoz gehiago dira eta hori ehuneko ona da. Egia da askok kartzelan bukatzen dutela, egoerak heldutasunean ere delitu egitera behartzen dituela. Halere, birgizarteratze portzentajea ona dela uste dut. Orain dela gutxi nire ‘mutikoetako’ bat ikusi nuen saltoki-gune batean lanean, pozik zegoen eta etxebizitza bat erosteko asmoa zuen. Izugarrizko ilusioa egin zidan!
Familia desegituratuari errua botako diote askok. Zein da zure iritzia?
Sorburua da. Pozten nau galdera egiteak, gehienek ez dutelako gertaeratik harago ikusten. Ibaiondoko neska-mutilekin ezagutu ditut nik abandonua, gabezia eta tratu txarrak. Askok jasotako tratu txarrak sekulakoak izan dira eta, gehienetan, gertukoenengandik gainera. Horrek ez du esan nahi senideak gaiztoak direnik, ziur asko, baldintza bertsuetan hazi dira eta. Esperientzia traumatikoek ondorengoetan izan ohi dute jarraipena. Nire ustez familia desegituratua da eraginik handiena duena, halako egoera batean hazteak infernua izan behar du. Ez dut haurtzaro zoriontsua bizi izan duen gaztetxorik ezagutu.
Ez dut uste guztiek aurrera egiteko jarrera agertuko dutenik.
Heltzen direnean harrapatuta eta giltzaperatuta sentitzen dira eta gurekiko jarrera negatiboa izan ohi da. Modu kautelarrean 9 bat hilabete eman ditzakete bertan eta denbora horretan zaila da eurekin sakontzea eta lantzen hastea. Abokatuak atzetik ibiltzen dira, logikoa denez, eta gurekin ez hitz egiteko eskatzen diete. Horri buelta bat eman beharko genioke, egoera konplikatua delako guztiontzat. Alde batetik ukapenean murgilduta daude, baina bestalde sufritzen ikusten dituzu, asko gainera. Barruan duten guztia ateratzeko premia nagusitzen den kasuetan prozesu judiziala eta heziketa bide ezberdinetatik joaten dira.
Zeintzuk dira bertako langileek hartu beharreko segurtasun neurriak (hartu behar badituzue)?
Bai, segurtasunean espezializatua dagoen taldea dago. Guk bilatzaile eta walkie-talkie batekin egiten dugu lan, baina ez dugu euste fisikorik egiten. Bertan dauden gazte batzuk ez dira bere indarra neurtzeko gai izaten eta, irtenbiderik ez dagoenean, segurtasunekoei deitzen diegu. Nik ez dut askotan erabili, baina oso desatsegina da.
Zure segurtasuna kolokan ikusi duzu noizbait?
Batzuetan bai, kikildu egin naiz. Lanean dugun arazo nagusienetako bat da. Euren onetik aterata daudenean erasoak gertatzen dira eta une horretan gauza asko birplanteatzen dituzu, hausnarketa egin ohi dugu. Egia da taldearen erantzuna ona izaten dela eta guztiak lasaitzen saiatzen dela. Beldurra hasieran sentitu nuen batez ere, egoeraren nondik norakoak ezagutzen eta ulertzen ez nituenean. Belaunek huts egiten zidaten hasieran, sentsazio hori buruan grabatuta daukat. Eskarmentuak, ordea, lasaitasuna ematen dizu, baina adi-adi egon behar duzu beti.
Hori guztia ondo ordainduta dago?
Ibaiondo zentro gaztea da eta orain hasi gara gure erantzukizunaren garrantziaz ohartzen. Nire lana izugarri gustatzen zait baina egia da, psikologikoki batez ere, motxila pisutsuegia dela. Erritmoa frenetikoa da sarri eta desegituratuta dauden bizitzetan murgilduta egoteak desegiturara zaramatza. Ekonomikoki nahiko ondo ordainduta dagoela esango nuke, baina bertako langileak askoz gehiago zaindu eta mimatu beharko lirateke. Nahitaezkoa da horrek guztiak sortzen duen zama deskargatzea. Ibaiondo fisikoki bakartuta dago gainera, gutxi dira errealitatearekin dituen zubiak eta gogorra da. 12 orduko lanaldiak egiten ditugu, mugikorretan seinalerik ez dugu, herritik urrun gaude… bertatik irten beharra dago berriro ere energia hartu ahal izateko.
Zeintzuk dira bertako langileek eskatzen dituzuen hobekuntzak?
Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara eta erantzukizun handiagoa aitortzea lortu dugu, baita hainbat lan-hobekuntza ere: lana eta familia bateratzeko, txanden ergonomia eta abar. Negoziazioak ondo doaz eta etorkizunean erretiroarena negoziatu beharko dugu, ez baitut 65 urterekin neure burua Ibaiondon jo ta ke lanean ikusten.
Laneko kontuak eta arazoak etxera eramango dituzu maiz. Zaila izango da zure egunerokotasunean bertako istorioak burutik kentzea.
Niretzat oso zaila da, haurreskolan ere gertatzen zitzaidan. Pertsonak dira, nire etxera joan eta Malen edo Igor burutik kentzea ezinezkoa da, beti daude nirekin. Nire bizitzan eragina dute, baina modu negatibo zein positiboan. Kasua oso konplikatua denean, zail egiten zait deskonektatzea.
Ama zara. Horrek sentiberago egiten zaitu? Edo bihotza hotz mantentzen saiatzen zara?
Nire alaba nagusia nerabea da eta Ibaiondon ditugun gazteenek 14 urte dituzte, beraz, saihetsezina da. Ama izateak gauza guztien ikuspuntua aldatzen dizu. Bertako neska-mutilekin ez dut amatasuna praktikan jartzen, baina bai, ama izanda beste modu batean ikusten ditut.
Aukera bazenu lanez aldatuko zenuke?
Ikasten jarraitzen dut, orain psikopedagogia ikasketekin hasiko naiz. Ibaiondokoa ez da betirako lana, ezinezkoa baita erritmo eta maila horri etengabe eustea. Gustura nago Zumarragan baina etxetik gertuago lan egitea gustatuko litzaidake, hori bai, Ibaiondon bezala pertsonei laguntzea xede duen toki batean. Ibaiondok ikasteko aukera izugarria ematen dizu, gizarte hezitzaile gisa apartekoa da.
Zein da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Hazteko ematen didan parada da gehien gustatzen zaidana, bertakoek aurrera egiten dutela ikusten duzunean, aurrerapausoak ikusgai egiten direnean. Gutxien sufrimendua, pertsona bat sufritzen ikustea eta ezin laguntzea.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.










