→Basauri

Patricia Lopez: “Ibaiondon ezagutu ditut abandonua, gabeziak eta tratu txarrak”

Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa.

Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez // Argazkia: Koldo San Martin

Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzailea da Patricia Lopez. Euskal Herrian neurri zorrotzenak eta kasu larrienak dituena da Zumarragakoa

Sakonean ezagutzen ditu Patricia Lopezek (Bilbo, 1974) Ibaiondora heltzen diren neska-mutikoen beldurrak, gabeziak eta beharrak, eta buru eta bihotz ekin dio eurei laguntzeari. Argi dauka arazoaren sorburua zein den baina, hainbat arrazoiengatik, konponbidea aurkitzea askotan zaila dela aitortu digu. Bilbotarra jaiotzez, baina hogei urte dira Basaurin bizi dela. Bere lana izugarri maite duen arren, ez du bere burua Zumarragan denbora luzez ikusten. 

Nola heldu zinen Ibaiondora?
Duela hamabi urte baino gehiago heldu nintzen, oso modu bitxian. Aurretik San Frantziskoko (Bilbo) haurreskola batean egin nuen lan, baina nire bokazioa eta pasioa gizarte hezkuntza zela argi neukan eta, ondorioz, lana utzi eta karrera ikasten hasi nintzen. Ikasketak bukatutakoan, lan mundura bueltatzeko Basaurik martxan jarritako proiektuan hartu nuen parte. Egun batean deia jaso nuen, baietz esan eta bertan jarraitzen dut. Ez nuen gazte-justizia batere menperatzen baina nik uste baino gehiago ezagutzen nituen bertako neska-mutikoen bizi baldintzak. 

Zein da zure eginkizuna?
Hezitzailea naiz. Egunerokotasunean, bertan dauden adin txikikoei etengabe laguntzea da nire zeregina. Nire lana ikusten dena baino harago joatea da, beren jokaeraren zergatia ulertzea eta hazkuntza prozesuan lagungarri izatea. Heziketaren bidez birgizarteratzea da xedea, baina hori lortzeko lan gogorra egin beharra dago. Ibaiondora eraman dituzten motibo guztiak aztertzea, lantzea eta, ahal den neurrian, irtenbideak aurkitzea. 

Zer nolako gazteak heltzen dira bertara?
Hezitzaileaz gain traumaterapeuta ere banaiz eta argi daukat bertara gazte minduenak eta zaindu gabeenak heltzen direla, hots, bizi baldintza gogorrenak bizi izan dituztenak, inoren umeak ez direnak. Delinkuentzia bizipen horien guztien emaitza dela uste dut. 

Zer behar dute?
Batez ere maitasuna behar duten neska-mutilak dira, ez dute euren bizitza konplikatuetan inoren laztanik zein arretarik jaso eta estimua behar-beharrezkoa dute. Eguneroko ohikeriaren premia ere badute. Ordenarik gabekoa da euren bizitza eta ohiturak ezartzea onuragarria izaten da; hazi eta loditu egiten dira. Segurtasuna eskuratu eta beste ikuspuntu bat eskaintzen dieten helduen presentzia onartzen dutenean, geldirik zegoen garapen fisiko eta psikologikoa berpiztu egiten da. 

Nolakoa da euren egun arrunt bat?
Aste barruan 08:30ean altxatu, ohea egin eta gosaria hartzen dute. Ondoren talde osoko bilera dago eta, koordinatzailearen aurrean, denek dute edozein gauza esan edo azaltzeko aukera. 10:30etik 14:00etara klasera doaz eta bazkaldu ondoren, aisialdirako tartetxoa dute. Segidan klasera bueltatzen dira, 17:30ak arte, eta askaria hartu eta gero, hezitzaileekin egoteko unea da. Mota askotako tailerrak daude: osasun heziketa, kirola, igerilekua udan, mahai-ingurua eta abar. Dutxa, afaria eta lotara joan baino lehen aisialdirako beste tartetxo bat. Une hori aprobetxatu ohi dugu egunean zehar jazotakoa eurekin komentatzeko. Asteburuan betebeharrak antzekoak dira, baina tarte libreak, gehiago. 

Zer portzentajetan lortzen da gazte horiek birgizarteratzea edo euren etorkizuna bideratzea?
Ez dakit kopuru zehatza zein den, baina joaten direnak bueltatzen direnak baino askoz gehiago dira eta hori ehuneko ona da. Egia da askok kartzelan bukatzen dutela, egoerak heldutasunean ere delitu egitera behartzen dituela. Halere, birgizarteratze portzentajea ona dela uste dut. Orain dela gutxi nire ‘mutikoetako’ bat ikusi nuen saltoki-gune batean lanean, pozik zegoen eta etxebizitza bat erosteko asmoa zuen. Izugarrizko ilusioa egin zidan!

Familia desegituratuari errua botako diote askok. Zein da zure iritzia?
Sorburua da. Pozten nau galdera egiteak, gehienek ez dutelako gertaeratik harago ikusten. Ibaiondoko neska-mutilekin ezagutu ditut nik abandonua, gabezia eta tratu txarrak. Askok jasotako tratu txarrak sekulakoak izan dira eta, gehienetan, gertukoenengandik gainera. Horrek ez du esan nahi senideak gaiztoak direnik, ziur asko, baldintza bertsuetan hazi dira eta. Esperientzia traumatikoek ondorengoetan izan ohi dute jarraipena. Nire ustez familia desegituratua da eraginik handiena duena, halako egoera batean hazteak infernua izan behar du. Ez dut haurtzaro zoriontsua bizi izan duen gaztetxorik ezagutu. 

Ez dut uste guztiek aurrera egiteko jarrera agertuko dutenik.
Heltzen direnean harrapatuta eta giltzaperatuta sentitzen dira eta gurekiko jarrera negatiboa izan ohi da. Modu kautelarrean 9 bat hilabete eman ditzakete bertan eta denbora horretan zaila da eurekin sakontzea eta lantzen hastea. Abokatuak atzetik ibiltzen dira, logikoa denez, eta gurekin ez hitz egiteko eskatzen diete. Horri buelta bat eman beharko genioke, egoera konplikatua delako guztiontzat. Alde batetik ukapenean murgilduta daude, baina bestalde sufritzen ikusten dituzu, asko gainera. Barruan duten guztia ateratzeko premia nagusitzen den kasuetan prozesu judiziala eta heziketa bide ezberdinetatik joaten dira.

Zeintzuk dira bertako langileek hartu beharreko segurtasun neurriak (hartu behar badituzue)?
Bai, segurtasunean espezializatua dagoen taldea dago. Guk bilatzaile eta walkie-talkie batekin egiten dugu lan, baina ez dugu euste fisikorik egiten. Bertan dauden gazte batzuk ez dira bere indarra neurtzeko gai izaten eta, irtenbiderik ez dagoenean, segurtasunekoei deitzen diegu. Nik ez dut askotan erabili, baina oso desatsegina da. 

Zure segurtasuna kolokan ikusi duzu noizbait?
Batzuetan bai, kikildu egin naiz. Lanean dugun arazo nagusienetako bat da. Euren onetik aterata daudenean erasoak gertatzen dira eta une horretan gauza asko birplanteatzen dituzu, hausnarketa egin ohi dugu. Egia da taldearen erantzuna ona izaten dela eta guztiak lasaitzen saiatzen dela. Beldurra hasieran sentitu nuen batez ere, egoeraren nondik norakoak ezagutzen eta ulertzen ez nituenean. Belaunek huts egiten zidaten hasieran, sentsazio hori buruan grabatuta daukat. Eskarmentuak, ordea, lasaitasuna ematen dizu, baina adi-adi egon behar duzu beti. 

Hori guztia ondo ordainduta dago?
Ibaiondo zentro gaztea da eta orain hasi gara gure erantzukizunaren garrantziaz ohartzen. Nire lana izugarri gustatzen zait baina egia da, psikologikoki batez ere, motxila pisutsuegia dela. Erritmoa frenetikoa da sarri eta desegituratuta dauden bizitzetan murgilduta egoteak desegiturara zaramatza. Ekonomikoki nahiko ondo ordainduta dagoela esango nuke, baina bertako langileak askoz gehiago zaindu eta mimatu beharko lirateke. Nahitaezkoa da horrek guztiak sortzen duen zama deskargatzea. Ibaiondo fisikoki bakartuta dago gainera, gutxi dira errealitatearekin dituen zubiak eta gogorra da. 12 orduko lanaldiak egiten ditugu, mugikorretan seinalerik ez dugu, herritik urrun gaude… bertatik irten beharra dago berriro ere energia hartu ahal izateko. 

Zeintzuk dira bertako langileek eskatzen dituzuen hobekuntzak?
Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara eta erantzukizun handiagoa aitortzea lortu dugu, baita hainbat lan-hobekuntza ere: lana eta familia bateratzeko, txanden ergonomia eta abar. Negoziazioak ondo doaz eta etorkizunean erretiroarena negoziatu beharko dugu, ez baitut 65 urterekin neure burua Ibaiondon jo ta ke lanean ikusten.

Laneko kontuak eta arazoak etxera eramango dituzu maiz. Zaila izango da zure egunerokotasunean bertako istorioak burutik kentzea.
Niretzat oso zaila da, haurreskolan ere gertatzen zitzaidan. Pertsonak dira, nire etxera joan eta Malen edo Igor burutik kentzea ezinezkoa da, beti daude nirekin. Nire bizitzan eragina dute, baina modu negatibo zein positiboan. Kasua oso konplikatua denean, zail egiten zait deskonektatzea.

Ama zara. Horrek sentiberago egiten zaitu? Edo bihotza hotz mantentzen saiatzen zara?
Nire alaba nagusia nerabea da eta Ibaiondon ditugun gazteenek 14 urte dituzte, beraz, saihetsezina da. Ama izateak gauza guztien ikuspuntua aldatzen dizu. Bertako neska-mutilekin ez dut amatasuna praktikan jartzen, baina bai, ama izanda beste modu batean ikusten ditut.

Aukera bazenu lanez aldatuko zenuke?
Ikasten jarraitzen dut, orain psikopedagogia ikasketekin hasiko naiz. Ibaiondokoa ez da betirako lana, ezinezkoa baita erritmo eta maila horri etengabe eustea. Gustura nago Zumarragan baina etxetik gertuago lan egitea gustatuko litzaidake, hori bai, Ibaiondon bezala pertsonei laguntzea xede duen toki batean. Ibaiondok ikasteko aukera izugarria ematen dizu, gizarte hezitzaile gisa apartekoa da.

Zein da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Hazteko ematen didan parada da gehien gustatzen zaidana, bertakoek aurrera egiten dutela ikusten duzunean, aurrerapausoak ikusgai egiten direnean. Gutxien sufrimendua, pertsona bat sufritzen ikustea eta ezin laguntzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak