→Basauri

Ruben Ontiveros: “Umorearen mugak unibertsitateko irakasgaia izan beharko luke”

basauri ruben ontiveros 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia

Ruben Ontiveros gidoilari eta zuzendariak lurralde mitikoa bihurtu du Basauri espainiar estatu osoan, eta bere lagun Borja Perezen etxea, munduko plato errentagarriena.

Ontiverosek lurralde mitikoa bihurtu du Basauri espainiar estatu osoan Qué vida más triste telesailaren bitartez // Utzitakoa

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Behin baino gehiagotan gertatu zaigu. Oporretan Sevillara, Murtziara edo Salamancara joan, berdin du nora, eta ‘hara, Basaurikoa zara? Ez dut ezagutuko ba…’ entzun dugu. Ez gara Bilbo edo Donostia, baina ezagunak gara. Bada, Ruben Ontiveros gidoilari eta zuzendariak (Basauri, 1977) badu horren ardura. Besterik ez bada, Rubenek lurralde mitikoa bihurtu du Basauri espainiar estatu osoan, eta bere lagun Borja Perezen etxea, munduko plato errentagarriena. 2005ean, Youtube jaio berria zela, Qué vida más triste webseriea ekoitzi, sarera igo eta apurka-apurka erreferente bihurtu zen Interneten, milioika bisitari lortuta. Telebistara salto ere egin zuen, La Sextak erosi ondoren. Haren atzetik Rubenek idatzitako hamaika telesail berri etorri ziren, denak ere Basauri ardatz zutela, telebista zein web formaturako eginda. Polinada izeneko Youtubeko kanalean daude guztiak ikusgai. Bere ekoizpen propioez aparte, Vaya Semanita, Homozaping, Jose Mota edo Buenafuenteren el Terrat ekoiztetxerako egin du lan Ontiverosek.

Hamaika telesail eta programatan gidoilaria izan aurretik, oso ezberdinak diren esparruetan aritu zara lanean.
Bai, inkesta politikoak egiten ibili naiz hainbat urtez, zinema pelikulen proiekzio arduraduna izan naiz eta Bilboko Alde Zaharreko kale garbitzailea ere bai. Gidoilaria izateko ibilbide logikoena, dudarik gabe.

Egun el Terrat produktoran egiten duzu lan eta gidoilaria zara Jose Mota presenta saioan. Hala ere, Interneteko mundura lotuta jarraitzen duzu, ezta?
Hala da bai, TVEk PlayZ plataforma abiatu du eta Interneten emititzen diren telesailak garatzen dira bertan. Ni Neverfilms telesailean ari naiz gidoigile eta duela gutxi bukatu dugu lehenengo denboraldia. Neverfilms telesailaren kapitulu bakoitza inoiz esistituko ez den – edo bai, nork daki- film baten trailer faltsua da. Neverfilmsen webgunean daude eskuragai egin ditugun trailer guztiak. 

Qué Vida Más Triste telesaila mugarria izan da zure ibilbidean. Nola sortu zen?
Txiripa pixka batekin, egia esan. 2005ean izan zen hori. Telesail arin eta erraza egiteko gogoa nuen, egun batean idatzi, grabatu eta editatzeko modukoa. Borjaren etxean grabatzen genuen, igandero. Hasierako motibazioa aste batzuetako gauza izango zela uste nuen, baina, dibertitzeko gauza sinple batekin hasi, eta konturatzerako, hiru urte egin genituen Interneten eta beste hiru telebistan.

basauri geuria ruben ontiveros 2018 aipua argazkia

Ilustrazioa: Alejandro Prieto // Ezkerretik, Borja Perez, Ruben Ontiveros, Joseba Caballero. Goian, Santi Ugalde. Argazkia: Utzitakoa

Oihartzun handia izan zuen telesailak. Halakorik espero zenuen?
Ezta pentsatu ere. La Sextak telebistan emititu nahi zuela esan zigunean, txantxetan ari zirela pentsatu genuen. QVMT bi minutuko bideo laburrak ziren, etxeko logela itsusi batean grabatutakoak, gotelez osatutako hormekin eta ohazal zatar batekin. Nola demontre erosiko zuen halakorik La Sextak? Bada, hala izan zen: gotelearekin, ohazalarekin eta guztiarekin erosi zuen QVMT.

Zelan prestatzen zenituzten atalak? Nola hasi zinen QVMTren gidoia idazten?
Norberaren barruan dagoen galtzaile senaren istorioa da QVMT, kasu honetan, Borjak antzeztua. Jakin bagenekien Borjak zituen asmo guztiek txarto amaituko zutela. Hala ere, ikusleek asko maite zuten Borja. Atal arinak ziren hasieran, laburrak, unean uneko egoeren sketchak. Apurka-apurka pertsonaia berriak sartu, gidoi luzeagoak eta aberatsagoak idatzi eta atal borobilagoak lortu genituen.

Basauri protagonista bihurtu da idatzi dituzun telesail gehienetan: Qué Vida Más Triste, Basauri Vice, Basauri Mirror
Nahigabeko zerbait izan da, baina era berean, istorioak kokatzeko modu fidela izan da. Basaurikoak ginen telesailetan parte hartzen genuen guztiak, hastapenetan behintzat. Gainera, kontatzen den guztia herrian bertan gertatzen da.   Bestalde, nahiko alferra naiz pertsonaien izenak asmatzerako orduan, pertsonaia guztiek aktoreen benetako izena mantentzen dute. Bizilekua asmatzeko kontu bera, beraz, alferkeriarekin ere zerikusi handia du Basauri istorio guztien kokaleku izateak. Baina gu pozik!

Borja eta Joseba lagun izan dituzu proiektu askotan. Zelan joan da zuen arteko elkarlana?
Institutu garaiko lagunak gara hirurak eta haiekin lan egitea oso erraza eta dibertigarria izan da. Hiru urtez QVMT telesaila Interneteko formatuan grabatzen ibili ondoren, erraz moldatu ginen telebistako formatura. Alde nagusiena zen bost egunez grabatzen genuela, plato batean eta soldata batekin. 

Zelan igaro zen Borja garabi-gidaria izatetik La Sextako telesail bateko aktore izatera?
Borjaren kasuak beste edonorenak baino meritu handiagoa dauka. Halakoa zen Borjaren grabazio egun bat: bere logelan esnatu, pijama erantzi, kaleko arropa jarri eta bere logelaren kopia zehatza zen plato batera joaten zen. Han pijama janzten zuen berriro eta zortzi ordu igarotzen zituen grabatzen. Grabazioa bukatuta, kaleko arropa janzten zuen berriz, etxera bueltatu, pijama jantzi eta ohean sartzen zen. Hiru urte pasa zituen horrela. Bere omenez egindako monumentu bat falta da nonbait.

Egunero grabatzeak gidoi asko idaztea eskatzen du. Zer gertatzen da inspirazioak huts egiten duenean?
Gidoiak idaztea gainontzeko lanbideetan jardutea bezalakoa da. Ordu batzuk dituzu horretarako eta epe zehatzak bete behar dituzu. Egin nahi duzun guztia egin eta dena primeran doakizun egunak daude, baita egun etsigarriak ere. Gakoa, edozein tokitan bezala, profesionalez osatutako talde ona izatea da. QVMT telesailean ezagunak nituen gidoilariekin lan egiteko parada izan nuen, oso profesionalak guztiak, eta maila ona mantentzeaz gain, atal benetan zoragarriak grabatu genituen.

Vaya Semanita saioko gidoilaria ere izan zara. Bertan egiten zen umoreak bideragarria izaten jarraitzen du egun? Non dago muga?
Umorearen mugak unibertsitateko irakasgaia izan beharko luke. Nire lagun Diego San Jose gidoigileak esaten du umorearen mugak non dauden jakiteaz aparte ona litzatekela norberak bere buruari galdetzea ea non dagoen irainaren muga. Hau da, pertsona bat minduta sentitzen bada eta horrekin batera umorearen mugak igaro ditugula ondorioztatzen badugu, hor ez dago eztabaidarako lekurik. Era horretan, norbera minduta dagoela esatea besteekiko zentsura tresna erabilterraza bihur daiteke. Adibide bat jarriko dizut: “Adierazpen askatasuna iraina hasten den lekuan bukatzen da” esaten duen norbaiti “Bada, isildu zaitez, iraindu nauzu eta” erantzuten badiogu? Zer?

Finagoa bihurtu ote da azkenaldian ‘Hau egokia da, hori ez’  kontzeptuen arteko tartea? Zer iruditzen zaizkizu ezagutu diren azken zentsura kasuak?
Beti egongo da zerbaitekin minduta sentitzen den  norbait, logikoa iruditzen zait. Beste asunto oso ezberdina da zerbaitek norbait mintzen duen bakoitzean artelanen, sketchen, bineten, antzezlanen, liburuen edo filmen gaineko zentsura irmoa gauzatzea. Tamalez, gurean ohikoa bihurtu den dinamika horretan sartzeak Erdi Aroko neurrietara eraman gaitu bueltan.

Buelta gaitezen gu hasierara. Noiz piztu zen ikus-entzunezkoetarako duzun pasioa?
BBBko hirugarren mailan (Batxilergo Bateratu Balioaniztuna, BUP gazteleraz), sei hilabete pasa genituen zigortuta Borjak eta biok. Klaseak bukatzerakoan eskolako liburutegira joan behar genuen ikastera, baina, egia esan,  ez genuen liburutegia zapaldu. Klasetik irten eta gure lagun Natxoren etxera joaten ginen. Urte horretan konturatu nintzen, hain justu, nire aitak bideo kamera bat zuela gordeta logelako armairuan. Gauza batek bestera eraman… eta gaur arte.

Laburmetraien munduan hasi zinen zu. Zelan gogoratzen dituzu VHS formatuan grabatutako lehen bideoak?
Garai hartan ikusten genituen filmek erabat baldintzatzen zituzten gerora egiten genituen bideoak. Pelikula gore bat ikusten bagenuen, horrelako zerbait egin nahi genuen guk ere. Gauza bera thriller edo beldurrezko pelikula bat ikusten genuenean. Gogoan ditut, besteak beste, Fight Club, Braindead edo True Lies pelikulak. Film labur serioak egiten saiatzen ginen, komediarik ez. Beldurra eragin nahi genuen, emozio biziak, tentsioa… Bideoak jendaurrean aurkezten genituenean, ordea, barreak eta algarak baino ez genituen entzuten. Horrek argi utzi zuen, nire ustez, komediarantz jo behar genuela.

Etxetik, Internet bidez, arrakasta lortu daitekeela erakutsi duzu. Telebistan baino gehiago? Zein da horren arrazoia?
Ez dut uste telebistaren eta Interneten arteko lehiarik dagoenik. Publiko ezberdina duten eta esperientzia ezberdinak eskaintzen dituzten plataformak dira biak, besterik ez. Egia da batzuetan publikoak eta esperientziek bat egin dezaketela telebistan eta Interneten, baina beste askotan ez.  Kalitatekoa eta ona den edozerk arrakasta izan dezake Interneten eta baita telebistan ere, erabat ziur nago. Alde nagusia da Internetek beti dituela ateak zabalik.

Zein aholku emango zenioke Interneten istorioak kontatzen hasi nahi duen pertsona bati?
Gogoko duzun horri irmotasunez ekitea, jarraipena ematea eta ez etsitzea. Oso garrantzitsua da nahi duzun hori nahi duzulako egitea ere. Hau da, bizitzan gauza asko daude erdi behartuta egin behar ditugunak. Bideoak ez, bideoak pasioz egin behar dira, ondo pasatzeko eta beste inork baino lehen, zuk zeuk gozatzeko. Egia da lasterketa luzea bihurtu daitekela Internetekoa, denbora luzez egon zaitezkeela espero dituzun emaitzak lortu gabe, baina heltzen direnean,  une hori, ederra da benetan.

Di-Da

Gordeta duzun objektu preziatu bat? Super CineExin kamera bat

Zer egiten duzu egun libre batean? Familia, lagunak eta Play Stationarekin egon

Zure bertute bat eta akats bat. Proiektuetan jartzen dudan pasioa eta emaitzak lortzeko bide horretan sentitzen dudan muturreko ezinegona

Egin duzun azken bidaia eta egin nahi zenukeena. Tenerife eta Japonia

Zein liburu ari zara irakurtzen? Santiago Lorenzoren Los huerfanitos

Eta zein telesail ikusten ari zara? Rick & Morty

Abesti bat eta pelikula bat. Empire of the Sun taldearen We are the people

Eta pelikula bat. Game Night

Besteengan gehien miresten duzun bertutea. Umore sena izatea

Non eta noiz zara zoriontsu? Lau orduko siesta egin baino lehen eta ondoren

Miresten duzun pertsonaia historiko bat. Tyrion Lanniester

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak