→Basauri

Sara Mediavilla: “Jasotzen dudan soldata bidaiatzeko aprobetxatzen dut”

basauri sara mediavilla elkarrizketa 2017 aupair

Familia ingeles batekin eta alokairuan dauden beste bi neskekin bizi da Sara Mediavilla basauriarra Newbury herrian, Erresuma Batuan.

Familia ingeles batekin eta alokairuan dauden beste bi neskekin bizi da Sara Mediavilla basauriarra Newbury herrian, Erresuma Batuan

Ingelesa ikasi nahi dudalako, bizipen berriak nahi ditudalako, etxetik irten nahi dudalako… hauek izan ohi dira atzerrira joan nahi izateko arrazoietariko batzuk. Baina guztiok eduki, ez daukagu kanpora joateko paradarik, dirua dela, harreman-loturak direla… Geure gaurko elkarrizketatuak, ordea, bai. Basauriar gazte honek zortzi hilabete daramatza aupair atzerrian eta hara joatearen arrazoiak eta bizipenaren nondik-norakoak jakin nahi ditugu.

Nora joan zara eta zenbaterako?

Erresuma Batuko hego-mendebaldean dagoen Newbury izeneko herrira etorri naiz. Herri oso lasaia eta polita da, baina garestia ere bai. Diotenaren arabera, arrazoia Londresetik ordu batera eta Oxfordetik ordu erdira egotea da. Ezaguna da duen Racecourse, zaldi lasterketak egiten diren tokia, delakoagatik. Uztailean etorri nintzen, 19an hain zuzen ere, beraz, hamar hilabete daramatzat eta oraindik beste bi falta zaizkit. Baina ikusteke dago zertxobait gehiago geratuko ote naizen.

Zein izan zen atzerrira joan nahi izateko arrazoia?

Gainezka nengoen, aldi berean gauza piloa egiten ari nintzen: gidabaimena ateratzen, ingelesa ikasten, kitarra jotzen ikasten, eskola partikularrak ematen… eta hori gutxi balitz, amarekin arrandegian lanean ere banengoen. Gogoratzen dut magisteritza ikasten nenbilenean norbaitek atzerrira aupair joateari buruz zeozer kontatu zidala. Beraz, hau guztia amaitzean, argi neukan horrelako bizipen bat bizi nahi nuela eta horri ekin nion! Inondik inora espero ez nuena zen ni neu bakarrik joatea, erronka izugarria baitzen! Baina azkenean horrela suertatu zen eta bakarrik egin izanaz harro nago. Uste dut atzerrira joatea edozein hizkuntza ikasteko eta, era berean, pertsona moduan hazteko aukerarik hoberena dela. Bitartean magisteritza oposaketak prestatzen ere banabil.

Zer da atzerrira aupair joatea?

Aupair familia gonbidatzaile batekin bizitzera joatea eta familia horretako seme-alabak zaintzea da, etxeko lan arinak egiten lagunduz. Gehienezko lan-orduak aldatu egiten dira aupair aukeraren arabera eta astean egun bat, gutxienez, libre izaten da. Trukean, aupairra familia hartzailearekin bizi da, familiako kide bat izango balitz bezala, eta astean diru-kopuru txiki bat jasotzen du. Batzuetan, aupairrak hizkuntza-ikastaroak egiten ditu ordu libreetan.

Ni, adibidez, familia ingeles batekin, ama eta bere bi semeekin, eta alokairuan dauden beste bi neskekin bizi naiz. Eta esan beharra daukat zortea izan dudala, denak oso jatorrak direlako eta oso gustura nagoelako! Lanari dagokionez, 30 ordu egiten ditut astean. Aste barruan 13.00etatik aurrera libre daukat eta asteburuak osorik. Jasotzen dudan soldatarekin bidaiatzeko aprobetxatzen dut. Dagoeneko Basingstoke, Reading, Milton King, Thacham, Bath, Shanboroug, Londres, Cambridge eta Lambourn bisitatu ditut. Azken honetan ohikoa da biztanleak kaletik zaldi gainean ikustea. Frantziara ere joana naiz. Hurrengo helburua Oxfordera joatea da. 25 urte baino gutxiago edukitzeagatik trenean bidaiatzeko eskaintzen dituzten bonoak direla medio, hemen bidaiatzea merkeago ateratzen zait.

Zer da handik gehien gustatu zaizuna?

Ingurua, natura. Irakurtzea izugarri gustuko dut eta honekin gozatzeko inguru polit ugari dago. Honen harira, hemendik izarrak primeran ikusi ahal izatea ere bai. Gutxien gustatzen zaidana, arrain falta, eguraldia eskasa eta otorduak dira, hemen oso goiz afaltzen baitute.

Bertakoak, hemengoekin alderatuta, nolakoak dira?

Oso desberdina. Hemengoak oso independenteak dira eta normalean ez dituzte sentimenduak askatasunez adierazten. Maitasun adierazpenak ez dituzte edonon egiten eta haien iritziz musuak gehiegikeria dira. Normalean lagunartean bi musu beharrean, besarkadak ematen dizkiote elkarri.

Nola moldatzen zara ingelesarekin?

Orain hobeto. Dena den, etorri baino lehen desastre hutsa ez nintzenez, orain nahiko ondo moldatzen naizela uste dut. Astean hirutan Toodle Group izeneko mintzasaio batzuetara joaten saiatzen naiz. Bertan pixka bat ordaindu eta tea eta gailetak eskaintzen dizkigute eta umeek bertako txokotxo batean jolasean aritzeko aukera daukate. Ingelesa gehiago praktikatzeko, saiatzen naiz espainiarrekin ez elkartzen; zaila bada ere, asko baitaude. Horrez gain, astean behin irakasle partikular batekin lotzen naiz.

Zer-nolako bizipena izaten ari da?

Berezia eta oso ona, ez nukeen inoiz imajinatuko horrelakoa izango zenik. Alde batetik, zoragarria izaten ari da, askatasun handia dut eta aurreko ikasturtearekin alderatuta, askoz lasaiago nabil. Bestalde, lehenago esan bezala, ingelesa ikasten eta oposaketak prestatzen ari naiz, beraz oporretan ez nago, bete-beharrak ditut. Horrez gain, maite dudan jendea izugarri faltan botatzen dut. Hasieran geure ohiko eremu erosotik hanka bat aterako dugula pentsatzean, joera dugu bertigoa sentitzera eta segurtasun falta itzela izatera. Baina hori guztia poliki-poliki gainditzen da eta posible da atzerrira bakarrik joatea! Hemendik horrelako bizipen bat bizitzera animatzen zaituztet! Ni orain bizi izandakoa kontatzen ari natzaizue, baina zirrarak azalezinak dira. Anima zaitezte! Seguru nago ahaztezina izango zaizuela!

Gora