→Etxebarri

La Basu: “Rapean emakumezko erreferenteak behar ditugu; euskal raparen unea da”

etxebarri elena caballero la basu 2018

La Basu rap abeslariak hainbat urte daramatza rapa plazaz plaza zabaltzen. Raparekin gaztetan maitemindu zen eta, urteek aurrera egin ahala, euskaraz abesteko erronkari heldu dio.

Elena Caballero, La Basu, etxebarritarra da // Utzitakoa

La Basu rap abeslariak hainbat urte daramatza rapa plazaz plaza zabaltzen. Raparekin gaztetan maitemindu zen eta, urteek aurrera egin ahala, euskaraz abesteko erronkari heldu dio

Ez daki geldirik egoten eta agenda goizetik gauera arte beteta dauka. Duela pare bat urte lantegiko lana utzi eta musikatik bizi da egun. Horrek zoriontsu egiten du. Emakume izateagatik raparen munduan bizi izan dituen arazo eta trabak kontatu dizkigu Elena Caballero La Basu (Etxebarri, 1983) rap abeslariak, baita esku artean dituen proiektu berrien hainbat xehetasun ere. Xarma handiko pertsona da, arratsalde zakarra atsegin bihurtzen duen horietakoa.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Nor da La Basu?
‘La Basu’ 21 urte rapeatzen daramatzan kantaria da eta nire izena Elena Caballero bada ere ingurukoek, eta baita nik neuk ere, ia ahaztuta dute. Borrokalari hutsa naiz eta begitan hartzen dudan guztia lortzen saiatzen naiz.

Zergatik hasi zinen rapa entzuten?
Auzoan ez nuen rapa entzuten zuen inor ezagutzen. Udak Burgoseko herri batean ematen nituen eta bertan grafitiak egiten zituen tipo bat ezagutu nuen. Hark sartu ninduen raparen munduan. Gaizki grabatuta zegoen kasetea utzi zidan eta etxean jarri nuen. Ez nuen ingelesez esaten zuena ulertzen baina bonbo kutxek igorritako soinu hura izugarri gustatu zitzaidan. Idaztea betidanik izan dut gustuko eta, 13 urte nituela, nire letrak soinu horrekin nahastea okurritu zitzaidan. Jolasa zena lana bihurtu da denborarekin.

Zeintzuk dira zure erreferentzia musikan?
Nire aitite kubatarra da eta etxean kubatar musika entzun izan dut txikitatik. Nire neba nagusia, bestalde, punk-zalea da eta, ondorioz, punk eta euskal musika ere askotan entzun ditut. Aurrerago, rapa ezagutu nuenean, ingelesez egindako musika baino ez nuen jartzen. 90. hamarkadaren amaieran agertu ziren Espainian aurreneko rap taldeak. ‘Old school’ rapa dut gustuko, irainean oinarrituta dagoena ez zait batere gustatzen. Public Enemy, The Fugees, Lauryn Hill… horiek izan eta dira nire erreferenteak.

Rap musika baino ez duzu entzuten?
Ez, denetarik entzuten dut: flamenkoa, euskal musika, reggae, punka eta baita musika klasikoa ere. Ondo egindakoa bada eta mezua baldin badauka, beti nago entzuteko prest. Rapa egiten dut baina horrek ez du esan nahi gainontzeko estiloei ateak itxi behar dizkiedanik. Besteak, gainera, baliagarriak eta aberasgarriak izan ohi dira rapa egiteko. Nire azkenengo diskoan, adibidez, punkarekin eta electroswingare- kin nahastu dut rapa. Harrigarria dirudien arren, reggaetoia ere atsegin dut, ez egiten den guztia, noski, baina Tremenda Jauriarena, adibidez, bai.

Zergatik La Basu?
Beti egiten didate galdera bera (barreak). Aspaldi jarri zidaten ezizena da. 7 notas 7 colores taldeak egungo ‘Fever’ diskotekan jo zuen aspaldi. Oso gaztea nintzen eta kontzertua bukatu zenean hainbat mutil kalean rapeatzen hasi ziren. Ez nuen ondo ikusten eta zakarrontzi baten gainera igo, tapa apurtu eta barrura erori nintzen. ‘Basurera, basurera’ esaten hasi ziren eta hortik ‘Basu’rekin geratu nintzen. Kontzertuak ematen hasi eta, kartela ikusita, gizonezkoa nintzela uste zuten leku guztietan eta, hori saihesteko, ‘Basu’ri La artikulua erantsi nion.

Hasieran gaztelaniaz baino ez zenuen abesten. Noiz eta zergatik egin zenuen salto euskarara?
Rapeatzen hasi nintzenean euskaraz egitea ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Euskaraz ikasi dut, baina urte mordoa eman ditut hitz egin gabe. Hizkuntza guztiz ahaztuta neukan eta asko kostatu zitzaidan. ‘Aire es vida’ diska grabatzen ari nintzela euskaraz abesten hasteko jakinmina piztu zitzaidan. Aneguria rap abeslariarekin batera ‘Trakamatraka’ abestia grabatu nuen eta erantzuna oso ona izan zenez, euskarazko diskoa prestatzen hasi nintzen: ‘Ni naiz izotz erregina’. Iaz kaleratu nuen. Ni neu izan nintzen euskaraz rapeatzen disko bat kaleratu zuen aurreneko emakumea. Izugarrizko erronka izan da. Erdaraz erraz ateratzen zaizkit hitzak, baina euskaraz zirriborroz betetako koadernoa daukat. Egin beharreko gauza zen eta orain emakume erreferente berriak behar ditugu. Egia da jendeari kostatzen zaiola ni euskaraz entzutea eta batzuek erdarara bueltatzeko eskatzen didate; askok ez dute ulertzen eta aditzen dutenei ere arraro egiten zaie. Hala ere, euskal raparen unea dela uste dut eta hizkuntza zabaldu egin behar dugula. Oso pozik eta harro nago. Euskaraz rapeatzen jarraituko dut, baina gaztelaniari muzin egin barik. Erdarazko kanta on bat ateratzen bazait, horrek ere lekua izan dezake nire hurrengoko diskoetan.

etxebarri elena caballero la basu 2018 1

Euskaraz abesteko erronkari heldu dio La Basuk // Utzitakoa

Zeintzuk dira zure abestiek jorratzen dituzten gai nagusiak?
Nire abestiek bizi izan dudanaz eta bizi dudanaz hitz egiten dute, ez daukat ezagutzen ez dudanari buruz abesteko ohiturarik. Gaiak? Askatasuna, emakumea eta oraina nabarmenduko nituzke. Lehenengoa, gure bizitzaren arlo guztietan beharrezkoa ikusten dudan eskubidea delako, bigarrena emakumea naizelako eta salatu beharreko gauza ugari bizi izan ditudalako eta oraina, ‘carpe diem’ esamoldea praktikan jartzearen aldekoa naizelako.

Rapa aldarrikatzailea baino ez da?
Rapa kalearen oihartzuna da. Karriketan gertatzen dena jorratu ohi du, letrak gogorrak eta zuzenak dira, baina buruan daukazun hori, sentimenduak, ateratzeko terapia ere bada.

Bertsolaritzarekin lotuko zenuke?
Bai, lotuta dago. Bertsolariek metrika oso zehatzak dituzte, baina azken finean hitzekin jolastea da, bat-batekoa botatzea. Ni saiatu naiz eta ez naiz batere abila, baina, bai, zerikusia dute. Hori bai, rapa bertsolaritza baino errazagoa da, jolasteko aukera handiagoa ematen baitizu. Aurrekoan Miren Amurizarekin eta Maialen Lujanbiorekin egon nintzen, ni rapeatzen eta eurek bertsotan, eta izugarria izan zen. Ezberdinak dira, baina kideak aldi berean.

Euskal rap eszena existitzen ote da?
Noski, baina… zer da euskal rap eszena? Euskaraz egiten dena edo Euskal Herrian egiten dena? Niretzat euskaraz egiten dena da eta, kostata, baina existitzen da. Selektah Kolektiboak eman zuen aurreneko pausoa baina eurek agur esan zutenean hutsune handi bat sortu zen talde berriak sortu ziren arte. Azkenengo urteotan, ordea, talde berri pilo bat atera dira eta orain, esaterako, ez da harritzekoa irratian euskaraz rapeatzen entzutea. Lehen gaztetxeetako musika baino ez zen; gaur egun bere tokia aurkitu du eta sendotze bidean da.

Zer da Eskina Femenina?
Aneguria eta biok duela bost urte martxan jarri genuen proiektua da, hip hop-aren munduan emakumeei aukerak ematen dizkiena, hain zuzen ere. Erreferenteak sortu nahian elkartu ginen eta emakumeek egiten duten lana zabaltzea dugu helburu. Irola Irratian irratsaio bat egin genuen eta, gerora, emakume zein gizonezkoei zuzendutako idazketa tailerrak ematen hasi ginen. Gizonezkoen parte hartzea garrantzitsutzat jotzen dugu, emakume bat rapeatzen ikustea zer den jakin dezaten. Azkenik, duela hiru urte, ‘Bazter Fest’ izeneko jaialdia antolatzen hasi ginen. Bilborocken ospatzen da urtero eta bertan emakumeak bakarrik igotzen dira oholtzara. Izugarri maite dudan proiektua da Eskina Femenina.

Rapa gizonezkoen mundua omen da… txiki edo baztertuta sentitu zara inoiz?
Gizonezkoen mundua da, erabat. Nire ibilbidea gogorra izan da, kostata lortu dut lekutxoa. Emakume izateagatik arazoak izan eta oztopoak gainditu behar izan ditut. Denboraren poderioz konturatu naiz, gaztetan ez nuela nire benetako izaera erakutsi eta Bilboko raperoek ez nindutela emakumetzat hartu, euretariko bat baino ez nintzen. Egun, gauzak argi ditut eta ez nituzke tontakeria haiek inola ere egingo.

Valtonyc abeslariari hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote, terrorismoa goratzea, Espainiako erregea iraintzea eta mehatxuak egitea leporatuta. Zein da zure iritzia?
Rapeatzea delitua omen da orain. Rapak mezu iraingarriak eskaini izan dizkie emakumeei betidanik, baina hori ez da inoiz salatu ezta zigortu ere, bitxia ezta? Politikan sartzen zarenean, berriz, salaketa ia berehalakoa da. Orain raperoon aurka daude, baina bere garaian Def con Dos taldeko abeslariari tokatu zitzaion… Adierazpen askatasuna behar dugu, kultura zabaldu eta ez ditugu halako kartzela-zigorrak onartu behar.

Nola hartu duzu aurtengo Bilboko Ihauterien Zarambolas izendatu izana?
Ez nuen espero. Beti pentsatu izan dut pertsona ospetsuak aukeratzen zituztela eta ni ez naiz famatua (barreak). Proposamena azaltzeko deia jaso nuenean erabat harritu nintzen. Bilboko Konpartsek ni neu hautatzea sari bat izan da. Ihauterien agenda potoloa nirearekin nola uztartu izan da beldurrik handiena. Oso polita izan da, zirraragarria, Ihauteriak beste modu batean bizi izan ditut, barrutik. Zarambolasen bizi filosofiarekin bat nator gainera, bera ere bizizalea da eta.

Abeslari ezagunekin eszenatokia partekatu duzu? Norekin?
Zer da famatua izatea? Erantzuna ezberdina izango da nori galdetzen diozunaren arabera. Fermin Muguruzarekin, adibidez, bi urtez egon naiz biran. Asko ikasi dut bere ondoan. Wöyza rap abeslari galiziarrarekin ere oholtzara igo naiz eta Enkore, Sorkun, Bad Sound System, Maria Rivero eta Natalia Garmendiarekin, besteak beste, kolaborazioak egin ditut. Hala ere, nireekin abesten dudanean asko disfrutatzen dut, gure giroa handi bihurtzen dugunean.

Norekin ez duzu oraindik egin eta gustatuko litzaizuke?
Musika maite duen edozeinekin, egia esanda, baina Lauryn Hill da nire rap erregina. Berarekin oholtza partekatzea ametsa baino ez da. Calle 13 taldeko Residentek egiten duena ere gogoko dut, Anita Tijoux, Keny Arcana… Orain Ibilaldiko abestia prestatzen ari naiz Ze Esatek!-ekoekin eta, elkar ezagutzen ez genuen arren, horrelako gauzak suertatzea ederra da.

Raperoek ‘guettoa’ osatzen duzue?
Bai, Bilbon bai. Beti egon gara baztertuta, baina gizarteak ez gaituelako ulertu. ‘Guetto’ horretan sartzea oso zaila da, eta urteek aurrera egin ahala konturatu naiz prest eta gogoz dagoenari aukera eta ongietorria eman behar zaiola. Denbora askoan itxiak izan gara, eta euskaraz abestearen alde egin dugunokin mes dati agertu dira gehienak. Nik argi daukat: benetan nahi duzuna egin beharra dago, besteen iritziak aintzat hartu barik.

‘Ni naiz izotz Erregina’ da zure azken diskoa. Ezer berririk baduzu esku artean?
Nire burua beti dabil lanean, ez dakit geldi egoten. Disko berria prestatzen ari naiz, ez dakit noiz kaleratuko den, baina abesti berriak buruan bueltaka eta paperean idatzita ditut dagoeneko. Gehienak euskaraz, baten bat gaztelaniaz, ea zer ateratzen den…
Aneguriak eta biok ‘Gure Esku dago’ abestia moldatu dugu, bideoklipa grabatu behar dugu orain eta ‘Bazter Fest’en laugarren edizioaren antolakuntzan ere ari gara.
Udan Berlinera joan nahi dugu eta atzerriko bira egin. Bestalde, hilabetero bideoklip berri bat ateratzea gustatuko litzaidake eta kolaborazio berriak ere lotzen ari gara. Topera nabil, baina oso pozik.

Musikatik bizi zara?
Bai. 12 urtez lantegi batean egin dut lan eta bat-batean konturatu nintzen egiten nuen lanak ez ninduela betetzen, dirua baino ez zidala ematen. Lantegiari agur esatea erabaki nuen eta rapa da orain nire bizitzaren ardatz nagusia. Oraingoz ez naiz damutu eta espero dut etorkizunean ez egitea. Egungo ordutegia lantegian nuena baino askoz zabalagoa da, baina neure buruaren jabe naiz, agendaren nondik norakoak kudeatzen ditut eta gustura bizi naiz. Rapetik bizitzea oparia da, zorionekoa naiz.

Non eta nola ikusten duzu zeure burua 10 urte barru?
Nik oraina baino ez dut bizitzen, baina musika egiten eta borrokatzen jarraitzea espero dut. Ez dut etorkizunean gehiegi pentsatzen, zertarako? Ez du merezi.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak