→Etxebarri

Gorka Santos: “Esku pilotak betidanik izan du oinarri sendoa Etxebarrin”

etxebarri gorka santos 2018 besagain pilotazale elkartea

38 urte dira Besagain Pilotazaleen Elkartea eratu zenetik. Klubetik hainbat pilotari igaro dira eta gaur egun 40 pilotari daude bere lerroetan.

Gorka Santos Besagain Pilotazale Elkarteko bulegoetan, Etxebarriko frontoian // Argazkia: Maider Ibañez

38 urte dira Besagain Pilotazaleen Elkartea eratu zenetik. Klubetik hainbat pilotari igaro dira eta gaur egun 40 pilotari daude bere lerroetan

1980. urtean eratu zuten Etxebarrin Besagain Pilotazale Elkartea. Aurretik, ordea, pilota eskola bat bazegoen udalerrian. Etxebarrin esku pilota zaletasun handia dagoela adierazi digu Gorka Santos (Tutera, 1975) Besagain klubeko gaur egungo lehendakariak, baina oraindik ere umeen artean futbola kirol erregea dela gogorarazi du. Balantza orekatzeko lanean dihardute.

Zein testuingurutan eratu zen Besagain Pilotazaleen Elkartea?
Esku pilotak betidanik izan du oinarria Etxebarrin. Egia da hasierako urte haietan, 80. hamarkadaren hasieran, zaletasun handiagoa zegoela gaur egun baino. Gizartearen zaletasun ezberdinek eragin dute aldaketa hori umeengan.

Elkartea sortu aurretik pilota eskola ere ba omen zegoen.
Hala da. Etxebarriko Pilota Eskola zen hura, baina ez zuen egitura zehatzik. Zale asko biltzen zituen, baina ez zeukan inolako formakuntzarik.

Horregatik eratu zuten elkartea.
Bai. Taldeak beste dinamika bat hartu behar zuela erabaki zuten zaletu batzuek. Horien artean, nire aita, Kepa Santos. 1980eko apirilaren 15ean klubeko estatutuak onartu zituzten eta lehen zuzendaritza batzordea osatu zuten honakoek: Kepa Santos lehendakaria, Jesus Mari Elexpe lehendari ordea, Ramon Vazquez idazkaria, Salustiano Poza idazkariordea, Miguel Aretxalde diruzaina eta Fernando Urretxi diruzain ordea.

Eta, garai haietako pilotariez galdetuko banizu?
Lehen aipatu bezala, Etxebarrin zaletasun ikaragarria zegoen esku pilotan ibiltzeko eta herritarren artean ere pilotari bikainak izan ziren. Pilotari horiek euren kabuz hasi ziren esku pilotan Etxebarrin eta kirolean arrakasta lortzeko ere gai izan ziren. Gutxi gorabehera 60 pilotari inguru zeuden klubean 80. hamarkada horretan, denak etxebarritarrak. Horien artean nabarmentzekoak dira: Rojo III, Canala, Titin (Etxebarrikoa eta ez Errioxakoa), Etxabe edo Varela.

Eta, gaur egun, zenbat pilotari ditu Besagainek?
Gaur egun 40 pilotari inguru ditugu Besagain klubean, umetxoetatik gazteen kategoriaraino. Ez da kopuru handia, baina ezta txikia ere. Urte batzuetan eskas ibili gara pilotari kopurua dela eta, baina beti aurre egin ahal izan diogu egoerari.

Horretan zerikusia izango du futbolak…
Erabat. Futbola oraindik ere kirol erregea da gizartean eta oso zaila da horri benetan aurre egitea. Egia da lehen lokatzezko futbol zelai asko zegoela eta horrek esku pilotaren alde egiten zuela umeak erakartzeko. Era berean, askotan gertatu da, futbolean trebeak ez diren umeak edo gazteak esku pilotaren munduan sartu izana.

Txapelketei dagokienez, zeinetan parte hartzen du gaur egun Besagainek?
Batik bat herriarteko txapelketetan parte hartzen dugu klub bezala. Gero, pilotari bakoitzaren mailaren arabera, Bizkaitik kanpoko txapelketetan parte hartzen dute batzuek.

Besagainek berak ere txapelketaren bat edo beste antolatzen du.
Bai. Besteak beste, Besagain Txiki txapelketa. Guztira 25 pilotari aritu dira otsailaetik ekainera bitartean, umetxoetatik gazteetara: Etxebarriko 22 pilotari eta Basauriko 3. Besagain Txiki 80. hamarkadatik antolatzen dugu, urtero. Era berean, nire aitaren omenezko memoriala antolatzen dugu urrian, Kepa Santos Memoriala. Aurten seigarren edizioa ospatuko dugu.

Pilotari profesionalak izateko, zer egin behar dute gazteenek?
Edozein klubetan lantzen dena da diziplina eta hori barneratuta daukatenak irits daitezke profesionaletara. Futbolean bezala, esku pilotan ere ikuskatzaileak daude eta edozein momentutan hauta zaitzakete hurrengo urratsa emateko, profesionaltasunerantz eginez. Batzuetan, zorte ona da, eta beste batzuetan esfortzuaren adierazle.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|