→Etxebarri

Lorena Ferreiro: “Montserrat Caballé, Carlos Chausson eta Iride Martinezen masterclasseak jaso ditut”

Txikitatik nabaria zen artista izango zela eta ametsa egia bihurtu du Lorena Ferreirok. Sopranoa, operaren munduan bere lekua lortu du. Gaur egun Doneztebe Koruko zuzendaria bada.

Basauriarra izatez, Etxebarriko Doneztebe Abesbatzako zuzendaria da Ferreiro // Argazkia: Utzitakoa

Txikitatik nabaria zen artista izango zela eta ametsa egia bihurtu du Lorena Ferreirok. Sopranoa da eta operaren munduan bere lekua lortu du. Gaur egun Doneztebe Koruko zuzendaria bada

Emakume langilea, maitekorra eta amesgilea da Lorena (Basauri, 1983), erronkak lortzeko gogor borrokatzen duten horietakoa. Modu apalean baina irmo, bere lekua lortu du operaren munduan, eta bere burua prestatzen segitzen du. Doneztebeko Koruko zuzendaria da. Musikarekiko duen pasioa dudarik gabekoa da eta horregatik abeslari izatearen alde onak eta ez hain onak kontatu dizkigu. Gorabeherez betetako mundu honetan bikotekidea du euskarririk sendoena.

Zenbat urterekin hasi zinen abesten?
Berezkoa dudala uste dut, denboraren poderioz garatu dudan gaitasuna, baina txikitatik izan dut kantatzeko nahia eta artea zein kulturarekiko maitasuna. Betidanik argi izan dut artista izan nahi nuela. Etxekoen eragina ere garrantzitsua izan da, artearen mundua gustuko dutelako eta etxean musika asko entzun dudalako.

Nola eta noiz hasi zen zure ibilbidea?
Lehen pausoak Basaurin eman nituen, eta 12 urteekin Bilboko kontserbatorioan hasi nintzen. Bertan pianoa ikasten nuen eta bigarren instrumentu bat aukeratu behar izan nuenean kantua hautatu nuen. Poliki-poliki egin ditut ikasketak, ondo abesten ikasi nahi nuen.  Goi mailako ikasketak Iruñean egin nituen, aldi berean irakasle izaten jarraitu ahal izateko, biak batera egin ahal izateko. Garai gogorrak izan ziren etxean ere ordu asko ematen nuelako praktikatzen. 

Antzeztu dituzun pertsonaia eta opera guztietatik zeinek utzi dizu itzala?
Topikoa dirudien arren, guztiak dira bereziak eta guztiekin ikasi dut. Zuzendariak ere zerikusia dauka eta pertsonaia bera ezberdin barneratu eta antzeztu dezakezu antzezlana nork gidatzen duenaren arabera. Musika magikoa da, inoiz ez duzu berdin interpretatzen. Halere, aukeratu beharko banu, komikoak diren paperak, bufoak, nahiago ditut. Nire izaerarekin bat datoz!

Aktoretzat ere hartzen duzu zeure burua?
Eszenatokiaren gainean aktore zara, kantatzen duzunean ere, beti dago publikoari helarazteko mezuren bat. Aktore izateko makina bat gauza dut oraindik ikasteko, baina antzeztokian izugarri gozatzen dut.

Norekin gustatuko litzaizuke eta non?
Diana Damrau eta Natalie Dessayrekin, adibidez, eta New Yorkeko Metropolitanen edo Milango Scalan. Zergatik ez? (barreak). Baina tira, Montserrat Caballé, Carlos Chausson eta Iride Martinezen masterclasseak jaso ditut!

Zein soprano duzu erreferente?
Aurreko galderan aipatutako biak, Barbara Bonney, Ana Maria Martinez, Isabel Rey… baina errepertorioaren arabera bat edo bestea hartzen dut eredutzat. Bertsio ugari entzuten dut beti, guztiak oso zuzenak diren arren bakoitzetik ñabardura ezberdinak ateratzen ditudalako.

Asko zaindu behar al duzu ahotsa?
Nire tresna da, nire lanabesa. Beste batentzat eskuek duten garrantzia bera du ahotsak nire kasuan, eta bai, asko zaintzen dut, gehiegi batzuetan, katarro bat harrapatzen dudanean hilabete askotako lana pikutara joan daitekeelako. Kontzertu baten atarian elikadura ere zaintzen dut. Digestioa arina izan dadin olioa eta esnekiak saihesten ditut eta barazkiak, eztia eta infusioak hartu. 

Bestalde, ez naiz inoiz parrandazalea izan eta horrek ere laguntzen du. Musikak nire denbora ia guztia hartu du, gauza askori uko egin diot eta hori guztia ezinezkoa litzateke pasiorik ez balego. Nork esan dezake lana bokazioz egiten duela? Zorionekoa naizela uste dut. Hori bai, eszenatokian ikusten denaren atzean dagoen lana ikusezina izan ohi da eta hori ere ordaindu beharra dago. Jende asko harritu egiten da musikariek kobratzen dutena jakitean, horregatik diñot. 

Ahotsa arimaren egoeraren isla dela diote.
Emozio-egoera guztiak eztarrian pilatzen dira. Triste zaudenean, pozik, estresatuta… ahotsa kostata aritzen da gezurretan. Bestalde, gorputzeko beste atal batzuetan ditugun tentsioek ere ahotsean eragina dute, horregatik da inportantea atseden hartzea.

Atzerrian egin duzu lan?
Momentuz ez, baina gustatuko litzaidake. Masterclasseak eta entzunaldiak egin ditut Italian eta Alemanian. Tokian tokiko hizkuntza ez jakitea traba da. Ingelesarekin leku guztietara hel gaitezkeela uste dugu, baina Alemanian, adibidez, ez da nahikoa opera batean parte hartzeko. Horregatik ari naiz hizkuntzak ikasten eta hobetzen. 

Erraz bateratzen dituzu ogibidea eta bizitza pertsonala?
Nire senarra nire altxorra da. Eskuzabala da eta hartu ditudan erabaki guztietan babestu nau, bera izan da motorra nik frenoa jarri dudanean. Ni haztea nahi du eta nire poza berea ere bada. 

Musikatik bizi zara?
Gehiago bizitzea gustatuko litzaidake, kar, kar, kar! Egia da musika-zentro edo kontserbatorio batean irakasle lanetan aritzeko aukera badudala, baina ez dut neure burua lotu nahi. Hau da, bihar Frantzian entzunaldi bat egiteko aukera izango banu ez nuke aukera galdu nahi eta lanak horretan mugatuko ninduke. Momentu honetan kantu klaseak ematen ditut eta bi koru zuzentzen ditut eta, behar dudanean, laguna den ordezko bikaina daukat. 

Kantuaz aparte zein talentu gustatuko litzaizuke izatea?
Ballet egin izan banu osoa izango nintzateke (barreak), nire amari askotan aurpegiratu izan diot. Gaur egungo zuzendariek abeslari onak baino gehiago eskatzen dute eta belaunaldi berriak gogotsu eta indartsu datoz. Zortzi aldiz jaio beharko nuke ikasi nahi dudan guztia ikasi ahal izateko. 

Interpretatzeke duzun pertsonaia bat…
Asko daude. Despina (Mozarten ‘Così fan tutte’), Cunegonde (Bernsteinen ‘Candide’ operetakoa), Julieta ere…komikoak diren guztiekin zoratu egiten naiz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak