→Hego Uribe

Manuel Moreno, Euskaraldia: “Konplizitateak eta konexio aberasgarriak probatuko ditugu”

bizkaia-euskaraldia-manuel-moreno-2018-argazkia-topagunea

Hego Uribeko herri guztiek hartuko dute parte Euskaraldian eta dagoeneko martxan dira talde eragileak sortzen, aurkezpenak egiten eta herritarrak pizten.

Manuel Moreno Martin Euskaraldia Bizkaia Koordinazio taldeko kidea da // Euskaltzaleen Topagunea

Hego Uribeko herri guztiek hartuko dute parte Euskaraldian eta dagoeneko martxan dira talde eragileak sortzen, aurkezpenak egiten eta herritarrak pizten

Euskaraldia Bizkaia Koordinazio taldeko kidea da Manuel Moreno Martin eta Hego Uribe eskualdea dinamizatzen ari da Euskaraldia eta Udalen arteko lotura moduan.

Hego Uribe eskualdeko zein herrik hartuko dute parte Euskaraldian?
Euskal Herri osoan gertatzen ari den bezala, Hego Uribeko herrietan ere, egoera ezberdinetan daude Euskaraldiaren inguruko mugimenduak. Hainbat herritan dinamizazio batzordeek hilabeteak daramatzate lanean, beste batzuetan duela gutxi hasi dira, eta badira batzordea sortzeari begirako lehen urratsa hurrengo asteetan emango dutenak. Hala ere, eskualdea osatzen duten herri guztietan dago Euskaraldia sustatzeko prest dauden entitate eta norbanako euskaltzaleak eta ondorioz, erritmo eta intentsitate ezberdinetan bada ere, denetan ipiniko da martxan, hau da, eskualde osoko herritarrek izango dute aukera ariketa sozial erraldoi honetan parte hartzeko.

Han eta hemen hitzaldiak ematen ikusi zaitugu. Gogorra al da herritarrak eta eragileak konbentzitzea, piztea eta martxan jartzea?
Egiten ditugun aurkezpenen helburua  Euskaraldia dinamizatuko duen herri batzordea sortzea da. Batzorde horretako kideen egitekoa izango da lekuan lekuko herritarrak parte hartzera gonbidatzea. Izan ere, horretarako garrantzi handikoak dira gertutasuna, horrek ematen duen konfiantza eta  erreferentzialtasuna. Herritarrak parte hartzera animatzeko arrazoi nagusia, gure ustez, antzeko aktibazio sozialek euskararen erabileran izan duten eragin ona da. Herritar euskaltzalea euskararen egoera, erabilera, hobetu nahi duena da eta Euskaraldia horretarako oso tresna eraginkorra da, ez du ahalegin berezirik eskatzen, masiboa izango da, konplizitate osasuntsu eta konexio aberasgarri asko probokatuko ditu. Zure kuadrillakoak, euskaltzaleak badira, berehala igarriko dituzte abantailak.

Hego Uribe eskualdean, EUSTATen azken datuen arabera, erdia baino gehiago euskaldunak edo ia-euskaldunak gara. Nola eragin euskaldunak ez direnengan?
Euskaraz dakigunok erabiliz, ulertze hutsak ate asko zabaltzen duela erakutsiz, ikasteko gogoa piztuz, ikasitakoa apurka-apurka erabiltzeko aukera izango dutela ikusaraziz, ondo ondoan,  kulturalki eta sozialki aberatsa, dinamikoa eta irekia den hizkuntza komunitate bat dutela demostratuz eta horren kide izateko, hau da, euskara ikasteko aukera eskainiz.

Nola erakarri gazteenak?
Izatekotan, eurek egin nahi dutena egiteko aukera emanez. Gainontzeko herritarrekin egingo den bezala, gertutasunetik, haiengana hurbilduz, Euskaraldia zer eta zertarako den azalduz eta eurek euren erara moldatzeko aukera dutela ikusaraziz.

Zein da euskarazko komunikabideon tokia Euskaraldian?
Hedabideek, tokiko hedabideek nagusiki esango nuke, berebiziko funtzioa bete dezakezue Euskaraldia herritarrengana hurbiltzen. Aurreko erantzunetan aipatu dudan gertutasuna gako nagusia da, zabaldu nahi den mezuak harrera ona izan dezan. Zuek gertuko hedabideak zarete, gertuko gaiez informatzen dituzue zuen herrikideak eta Euskaraldia izango bada, horixe izango da, oso gertu, berton, bertokoek  antolatuko eta hedatuko duzuen 11 eguneko ariketa soziala.  

Aurtengoaren ondoren, Euskaraldia berriak etorriko al dira?
2018ko Euskaraldiak, dagoeneko, 11 egun horietarako sei hilabete falta direnean, lortu ditu, aurrerantzean, honen moduko edo antzekoak arrakastaz gauzatzeko hainbat eta hainbat kontu, esaterako; herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarduteko ideia zabaltzea, euskaltzale taldeak berrindartzea, eragileen sareak trinkotzea, ilusio berriak piztea, besteak beste. Testuinguru honetan, 2019koaren lehen proposamen-zirriborroa aurkeztu berri dugu UDALTOP jardunaldietan, 2018koa aurkeztu zen foro berean. Orain ekarpenen fasea zabaldu da eta, ez dugu dudarik, denon artean euskararen erabileran eragiten jarraitzeko tresna aproposa osatuko dugula.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|