→Galdakao

Aitor Montes: “Lehen mailakotik espezializatura, osasun arreta euskaraz bermatu gura dugu”

galdakao aitor montes 2017 osasun arreta euskaraz

Osasungoan euskararen normalizazioa bultzatu nahi du Montesek beste lankide eta ikasle batzuen laguntzarekin. Maiatzean euren proiektua aurkeztu dute nazioarteko jardunaldi batean, Dublinen.

Montes familia medikua da Aramaion, Araban // Aitor Montes

Aitor Montes (Basauri, 1972) familia medikua da Aramaion (Araban), Debagoienako Erakunde Sanitario Integratuan (ESI), Osakidetzan. Basauriko Ariz auzoan jaio eta hazi zen eta Arizko ikastolan eta Urbi institutuan ikasi zuen. 31 urterekin, 2003an, Galdakaora joan zen bizitzen, gaur egunera arte. Osasun arloan euskara sustatzeko helburuarekin elkartu dira hainbat lankide eta ekimen horren inguruan mintzatu gara Montesekin. Euskararen ibilbideen edo zirkuituen inguruko zenbait iritzi artikulu publikatu ditu komunikabideetan, eta horietan sakonago berba egitea eta euren lana azaltzea izan dugu helburu.

Lau lagunek taldea osatu duzue. Zer egin nahi duzue, zehazki?

Nirekin batera Egoitz Tolosa urologoa, eta Ekaitz Agirregoikoa eta Bidane Petralanda ikasleak daude. Azken hau medikuntzako ikaslea da eta medikua da dagoeneko. Osasungintza eta hizkuntza, gure kasuan, euskara, ebidentzia zientifikotik uztartu nahi eta behar ditugu, kalitatea eta hizkuntza lotuz. Baina hau helburu estrategikoa baino ez da.

Azaldu eiguzu zein pauso eman behar diren zentzu horretan.

Lehen pausoak hauexek dira: ikasleen gradu amaierako lanak gai honen inguruan, eta unibertsitateko Uda Ikastaroak. Lehenengo aldiz, medikuntza ikasle batek -Petralandak, alegia- bere gradu amaierako lana gai honen inguruan egin du, arreta-zirkuituen inguruan hain zuzen ere. Maiatzean aurkeztu du eta notarik altuena jaso du, bikain bat. Konturatu zaitezte: Dublineko nazioarteko jardunaldietan onartutakoa, nork uka dezake hemen? Ikasle hauek jendartean ezagutarazi behar ditugu, animatu, adoretu, bultzatu, saritu, beste gehiago etor daitezen.

Dublineko jardunaldiak aipatzen dituzula, zer da bertan egin duzuena?

Bidane eta biok joan gara maiatzean Dublinera, International Conference of Integrated Care (ICIC 17th) jardunaldietara, nazioarteko Integrated Care Foundation elkarteak antolatuta. Osasun arreta integratuaren aldeko jardunaldiak dira eta bertan mundu mailako adituak biltzen dira. Gure kasuan, “Empowering minorities. Pathways for Basque language integration in a bilingual setting” proiektua aurkeztu dugu.

Zertan datza proiektu hori?

Ba, nola integratu hizkuntza gutxitu bat eremu elebidun batean, arreta sanitario integratuaren esparru horretan.

Guk daukagu estatu sistema publiko bat, Euskal Autonomia Erkidegoan Osakidetza eta Nafarroan Osasunbidea, eta gure asmoa da osasun arreta euskaraz eta erdaraz eskaintzea. Izan ere, pazientearen eskubidea da eta legeak eta kode deontologikoek hala adierazten dute.

Osasungoan euskararen normalizazioa bultzatu nahi dugu. Arretaren normalizazioa da, ez euskararen normalizazioa. Euskalduna euskaraz artatu, erdalduna erdaraz, hori baita arreta normala: indarrean eta eskura daukagun ebidentzia zientifikoa pazientearen eta ingurunearen arabera erabili, betiere pazientea ardatz delarik, bere sinesmenak, gogoak, beharrak edota hizkuntza kontuan hartuta.

Zuen proiektuez gain, zenbat onartu zituzten nazioarteko jardunaldi haietan?

Jardunaldietara 800 bat proiektu aurkeztu zituzten, baina 300ek bakarrik izan zuten aukera jendaurrean azaltzeko. Eta horien artean, gurea. Harrituta geratu nintzen: hemen osasun arreta euskaraz egiteko oihartzunik ez dago, eta nazioartean, berriz, bai. Nazioartean begi onez ikusten badute, zergatik hemen ez?

Euskarazko arreta sanitarioaren bilakaeraz galdetuko banizu…

Medikuntza ikasteari ekin nionetik aldaketa batzuk izan dira. Ikasten hasi nintzenean ikasgai gehienak gaztelaniaz ziren. Bioestatistika eta farmakologia (antibiotikoen atala) baino ez nituen ikasi euskaraz. Beste guztia gaztelaniaz.

Noski, hasieran zaila egiten zitzaidan gaztelaniaz ikastea, txikitatik euskaraz ikasi dut eta. Gainera, euskara teknikoa galdu egiten duzu gaztelaniaz ikasterakoan. Hori errealitate bat da. Baina urteak aurrera egin ahala, kontzientziatzen hasi nintzen eta euskaraz berriro lan egitea erabaki nuen.

Mugarik ba al da arreta euskaraz eskaintzeko?

Egon badaude, nahiz eta gero eta gutxiago. Unibertsitatean ikasgai batzuk gaztelaniaz izaten jarraitzen dute eta hori muga da ikasle euskaldunentzat. Lehen aipatu dudan euskara teknikoa galtzeko aukera gehiago daude. Hala ere, aurrerapauso handiak eman dira euskarazko medikuntza irakaskuntzan. Gero eta profesional euskaldunagoak daude medikuntza alorrean, baina ez dago bermatuta arreta euskaraz izatea. Eta, hain zuzen, horretan egin nahi dugu lan. Izan ere, pazienteei ematen dizkiegun dokumentuak oraindik ere gaztelaniaz daude. Besteak beste, ekografia, erresonantzia edota alta txostenak, denak gaztelaniaz baino ez daude gaur egun.

Gizarteak elebitasunaren alde egin duen arren…

Hala da. Teorian denak ados gaude gizartea elebiduna izan behar dela. Are gehiago, gaur egun 40 urtetik beherakoek, gehienek, euskara menperatzen dute edo maila batean zein bestean ulertu egiten dute euskara. Gero, gizartearen beharrak daude. Esate baterako, goi mailako profesionalak eratzea, gutxienez, elebitasun horretan. Eta, osasungintzako alorrera eramanez autua, gizarteak behar duena da osasun profesional elebidunak izatea.

Zeintzuk izango dira hemendik aurrerako pausoak?

Osakidetzako zuzendaritzaren aldetik Euskara Planean jasotzen direnera bakarrik lotzen dira. Ez dago interesik hortik aurrerako errealitatean esku hartzeko, nahiz eta arretaren normalizazioaren aldeko izan. Nik uste dut, konfiantza falta dagoela, baita beldurra ere. Hau da, osasungintzan euskara sustatzeko zirkuituen ekimena zabalduko bagenu, zer pentsatuko luke gizarteak? Agian, jendeak euskaraz arreta jasotzeko eskubide hori eskatuko luke! Eta baliteke gertatzea baten batek ez duela horrelako interesik jendeak hori eska dezan. Izan ere, antolaketa lanak egin beharko lirateke, protokoloak aktibatu eta abar.

Nire ustez, ez da batere zaila jakitea une honetan zenbat profesional euskaldun dauden eta non egiten duten lan. Eta, hori kontuan hartuta, errolda antzeko bat egitea ea nork nahi duen arreta sanitarioa euskaraz eta nork gaztelaniaz.


ICIC 17th

galdakao aitor montes 2017 dublin bidane petralanda

Aitor Montes eta Bidane Petralanda Dublinen izandako jardunaldietan // Aitor Montes

DUBLIN > Zirkuituak edo ibilbideak proposatzen dituzte Aitor Montes, Egoitz Tolosa, Ekaitz Agirregoitia eta Bidane Petralanda taldekideek, lehen mailako arretatik espezializatura, osasun arreta euskaraz bermatzeko. “Arrasaten eta Gasteizen (Txagorritxun) urologia eta urologia pediatrikoa zerbitzuekin hasi gara, Egoitz Tolosa Izaguirre urologoaren inplikazioari esker. Azken batean, gaur egun arreta sanitario integratuaren ereduan lan egiten dugu, edo beste era batera esanda, pazientean zentraturiko arreta ereduan”, dio Montesek.

Gauzak horrela, euren ekimena nazioartean aurkeztu dute, Dublinen maiatzaren 8tik 10era izan den International Conference of Integrated Care (ICIC 17th) jardunaldietan, University College Dublin (UCD) unibertsitatean. Mundu mailako adituak biltzen dira jardunaldi horietan, osasun arreta integratuaren alde. “Tristea da. Gurean ez digute jaramonik egiten, eta nazioartean bai. Lehen aldiz, osasun arloan euskararen normalizazioa nazioartean aurkeztu da. Linguae vasconum primitiae osasun arretan. Eta ez gara enteratzen”.

Gora