→Galdakao

Akabu taldea: “Belaunaldi berrioi ere aukerak helduko zaizkigu”

galdakao akabu taldea 2017 promo argazkia 1

Eneko Artetxe, Unai Sertu, Asier Jul eta Kristian Mugarza galdakoztarrek osatzen dute Galdakaoko punk metal Akabu taldea.

Iazko Banden Lehiako finalean izan zen laukote galdakoztarra // Akabu Taldea

Gurea abestia akustikoan kaleratu du laukote galdakoztarrak, sarean zabaldutako bideo baten bidez

Eneko Artetxe Tetxe (gitarra eta ahotsa), Unai Sertu Sert (bateria eta koroak), Asier Jul SJ (baxua) eta Kristian Mugarza K (gitarra eta ahotsak) osatzen dute Galdakaoko punk metal Akabu taldea. Berriki Gurea abestia akustikoan kaleratu dute, bideoklip berri batekin. 

2016tik ari zarete talde moduan.
Gure helburu nagusia ondo pasatzea eta dibertitzea da, lagunen artean, gustatzen zaiguna egitea. Horretaz aparte, gustatuko litzaiguke gure mezua ahalik eta urrunen ailegatzea, zaila bada ere.

Sortu eta urtebetera, iaz, zuen lehen diskoa argitaratu zenuten, autoekoiztua. Nolakoa izan da esperientzia?
Prozesua bi hitzekin defini daiteke: lan asko. Ordu asko sartu ditugu lokalean, etxean, paperen aurrean, ordenagailuaren aurrean, bueltak ematen gora eta behera, gustuko soinuen atzetik… beti lanean.

Eta kolaboratzaile asko dituzue lagun.
Lagunetatik tiraka. Gure abeslariaren lagunak dira gehienak. Hamaika saltsatan sartuta dago Kristian eta diskorako lagun batzuei deitu zien. Emaitza oso ona izan dela uste dugu.

Hiru urteotan, zein izan da ibilbidea?
Gorputzak eskatzen diguna egiten dugu. Bizitzan, badira garaiak, onak, txarrak, maitasunezkoak, amodiozkoak, gogorrak, alaiak… eta finean, hori kantatzen, zuzenekoetan, sare sozialetan… nabaritzen da. Hala ere, saiatzen gara gure bidean jarraitzen eta beti onena ematen.

Zein izan da kontzerturik bereziena?
Kontzertu denak dira berezi: Kuadrillako hiru lagunen aurrean jo izan dugu, etxetik kanpo inor ezagutzen ez dugun herrietan, baita jende askoren aurrean ere, gazteak, hain gazteak ez zirenen aurrean… baina beti saiatzen gara kontzertuetan disfrutatzen, arazo teknikoak arazo. Kontzertu bat nabarmentzearren, iazko Bilboko Aste Nagusikoa: Kulturgunean jo genuen Josetxu Piperrakekin, plaza jendez lepo, itzela!

Banden Lehiako finalean izan zineten iaz.
Zorte txarra izan genuen, zozketa bidez erabaki zen lehenak jo behar genuela eta gure lagun gehienak ez ziren heldu kontzertua ikustera. Lehiaketen kontua, momentuz, ondo datorkigula uste dugu; izan ere, ez gara hain famatuak, gazteak gara, ez daukagu diru nahikorik erosi gura ditugun tresnak erosteko, materiala hobetu  behar dugu. Baina egia esan, ez ditugu oso gustuko lehiaketak eta posible da denborarekin lehiaketetara aurkezteari uztea, askotan ez direlako justuak eta sariak ez direlako onak.

Aukera asko al dago zuzenean jotzeko?
Musikaren munduan ezinbestekoa da mugitzea, han-hemenka ibiltzea, bestela ez zara inor, ez zaituzte ezagutzen. Kontzertu gehienak gure abeslariak lortzen ditu… Hala ere, aurten ez gabiltza asko jotzen eta eskertzen dugu, 2017a nahiko potentea izan zelako eta denbora behar genuelako entsegu lokalaz disfrutatzeko. 2019ri begira espero dugu kontzertu asko jo ahal izatea. Beraz, gurekin harremanetan jartzeko akabutaldea@gmail.com helbidera idatzi.

Hego Uribe eskualdean bada harrobia.
Artistaz inguraturik gaude. Benetan ederra da hainbeste talde onekin disfrutatzea. Espero dugu belaunaldi berriei aukera heltzea, entzuleek aukera berriak ematea, Gatibu eta Berri Txarrak ere izan ziren gazte eta jada askotan entzun ditugu! (barreak)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak