→Galdakao

Alex ‘Welder’ Diaz: “Txikitasunetik gorenera hel daitekeela uste dut”

Gogorik ez zaio falta Alex ‘Welder’ Diaz (Galdakao, 1994) galdakoztarrari. Websail bat zuzendu eta idatzi du: El Himno Mundial.

'El Himno Mundial' websaila idatzi eta lehenengo denboraldia grabatu du Alex 'Welder' Diaz galdakoztarrak // Argazkia: Alex 'Welder' Diaz

Gogorik ez zaio falta Alex ‘Welder’ Diaz (Galdakao, 1994) galdakoztarrari. Websail bat zuzendu eta idatzi du: El Himno Mundial. Interneterako ekoizten den fikziozko saila da eta dagoeneko lehenengo denboraldia grabatu du. Oraindik ez dago sarean ikusgai, baina nazioarteko jaialdi ezberdinetan aurkeztu du. Asmoa lau denboraldi grabatzea da eta ondoren osorik sarean zabaltzea, “aurreikuspenen arabera, 2020rako”.

El Himno Mundial websailaren filmatze taldeak Estudio Stonewood du izena eta gaur egun 12 lagunek osatzen dute: Alex ‘Welder’ Diaz bera (Galdakao), Mabel Luna (Venezuela/Bilbo), Jie He (Bilbo), Oscar Alonso (Basauri), Ander Garcia (Bilbo), Marcos Crespo (Durango), Aroa Tueros (Ortuella), Koldo de las Heras (Muskiz), Itxaso Domingo (Bilbo), Miriam Rodriguez (Santurtzi), Aitor Fresneda (Arrigorriaga) eta Daniel Cobo (Kanariak/Arrigorriaga).

Nolatan, bada, websail bat?
El Himno Mundial eleberria izango zelakoan idazteari ekin nion orain dela bi urte. Gaur egun filmatze taldea osatzen duten zenbait lagunek animatu ninduten nobela benetako irudien bidez grabatzera, istorioa berez oso ikusizkoa baita. Hala ere, eleberriaren korapiloa oso luzea zen film bezala grabatzeko, eta beraz telesail bezala filmatzeko aukera bakarrik genuen.

Eta horri heldu zenioten.
Bai. Taldekide batek websailak sustatzen dituen Bilboko Seriesland jaialdiaren berri eman zigun eta orduan erabaki genuen kapitulu pilotu batzuk grabatzea. Hasieran hiru kapitulu grabatu genituen (jaialdirako aurkez daitekeen gutxienekoa), baina azkenean zortzi filmatu genituen! Hortaz, lehenengo denboraldi osoa grabatuta dugu. Guztira lau denboraldi izango ditu websailak eta Bilboko jaialdiko esperientzia eta gero, argi dugu denak filmatu nahi ditugula. Gure asmoa da websail guztia grabatzea eta ondoren osorik sarean zabaltzea.

Zertan datza El Himno Mundial websaila?
El Himno Mundial lanak heroiaren kontzeptua du oinarri. Heroiaren definizioa, famaren prezioa, erospena eta sakrifizioa biltzen ditu. Road Movie, komedia dramatikoa eta zientzia fikzio soziala generoak lantzen ditu eta etorkizunean dago kokatuta, non egungo teknologia berrabiatu eta bere horretan geratu den. Bakea eta lasaitasuna zapuztuta, gerra eta armatutako gatazkak dira nagusi; post-apokalipsia da nagusi. Mundua leku eder eta izugarria dela erakutsi nahi dugu, gizakiok egiten duguna eginda ere. Hori da islatu nahi dugun ideia.

‘El Himno Mundial’ websaileko protagonistetako batzuk // Argazkia: Alex ‘Welder’ Diaz

Non egin dituzue lehen filmaketa?
Euskal Herriko eta inguruko lekurik politenen bila aritu ginen, berariazko post-apokalipsi horretako “edertasun osoa” erakusteko. Esate baterako, Getxoko portu zaharra eta bertako auzotarrak atondu genituen, Nordur izeneko herri zaharra irudikatzeko (Norduren bizi dira El Himno Mundial websaioko protagonistak). Esatea dago ez dugula herri edo hiri handietan filmatu, bertako tokiak ez datozelako bat istorioarekin.

Momentuz websaila ez dago sarean.
Ez. Gure asmoa zen lehenengo denboraldia osorik publikatzea Seriesland jaialdian aurre-estreinatu eta gero, baina websailak izan zuen arrakasta ikusita, erabaki genuen buru-belarri sartzea istorio osoa filmatzeko eta behin bukatuta dagoenean, sarean oso-osorik zabaltzeko. Aurreikuspenen arabera, 2020an estreinatuko dugu osorik. Ez dugu arin joan nahi eta websaila goizegi zabaldu. Ez dago inor websailaren zain, eta zain daudenek badakite websailerako onena nahi dugula eta dagokion momentuan publikatuko dugula.

Hala ere, nazioarteko jaialdietan aurkeztu duzue El Himno Mundial.
Bai. Argi dago Seriesland jaialdiak ateak ireki dizkigula nazioartera eta horregatik oso pozik eta eskertuta gaude. Nazioarteko jaialdi hauetan aukeratu dute gure websaila: Buenos Aires Web Fest (Argentina), Sicily Web Fest (Italia), Asia Web Awards (Korea), Realist Web Fest (Errusia), TSFM (Italia), London Short Series Festival (Ingalaterra), Apulia Web Fest (Italia) eta Miami Web Fest (Estatu Batuak). Aipatzekoa da Koreako jaialdia dagoeneko ospatu dela eta sari bat jaso genuela!

Zein ikusleri dago zuzenduta websaila?
Gazteek eta helduek ikus dezakete El Himno Mundial. Norberarengandik ikasten jarraitzeko eta bide ezezagunetarantz joateko berandu ez dela uste duen edozeinek ikus dezake websaila. Gainera 10 urteko ume batek ere ikus dezake eta bere ustetan interpretatu. Nire iritziz disfrutatzeko websaioa da.

‘El Himno Mundial’ websaileko eszena bat // Argazkia: Alex ‘Welder’ Diaz

El Himno Mundial zuzentzeaz gain, gidoia ere idatzi duzu.
Hala da. Izugarrizko maitasuna eskaini diogu gidoiari. Mezu bat bidali nahi dugu gidoiarekin, baita ikuslea harrapatu ere. Gidoia idazteko prozesua oso luzea izan da. Gidoia idaztea ez da teklatuaren aurrean esertzea eta ideiak botatzea. Filosofia edo zerbaiten inguruko iritzia adierazteko metrajearen errealizazioan sinisten dut. Gai baten inguruan hitz egitea, alegia.

Adierazi nahi duzun ideia argi izan behar duzu, baita istorioaren inguruan darabilen elementurik txikiena ere. Eta horrek bere denbora behar du. El Himno Mundial lanaren istorioa idazten lau urte eman ditut. Niretzako gidoilariaren barnekoa erakusten du, publikoari guztiz zabalduko diozuna. Zure burua gehiago ezagutzen laguntzen dizu.

Finantziazioari dagokionez, zaila da websail bat aurrera eramatea?
Lehenengo denboraldia gure poltsikoetatik ordaindu dugu eta laguntza ez monetarioak ere jaso ditugu. Egia da, baita ere, gero eta jende gehiago dagoela prest proiektuan laguntzeko. Gero eta gehiago gara lantaldean eta horrek motibazio gehiago izaten lagundu digu. Zenbait merkatari txikik edota erakundek laguntza eman digute proiektu hau aurrera eramateko.

Websailen eta telesailen arteko diferentziaz galdetuko banizu…
Galdera horrek ñabardura askotako erantzunak ditu, baina ez nahasteko bi desberdintasun aipatuko dizkizut. Alde batetik, kapituluen iraupena. Websail batek gehienez 15 minutu irauten ditu, eta telesail batek, ordea, iraupen askoz luzeagoa du. Bestetik, websailek, telesailek ez bezala, indie faktorea (ez amateurra) delakoa dute: “Nola egin dute hori hain aurrekontu txikiarekin?” edo “Filtrorik gabeko autore batek eginikoa da obra hau?”, bi adibide jartzearren.

Qué Vida Más Triste fenomenoa. Fikziozko lehen websail espainiarra da, non eta Hego Uriben sortua, Basaurin.
Qué Vida Más Triste maite dut! Zorionez lantalde horretako batzuekin harremana dut. Ideia on batekin arrakasta lor dezakezula erakusten duen adibidea da QVMT. Inguruko norbait bere obrarekin jende askorengana irits daitekeela erakutsi zidan QVMTk. Txikitasunetik handitasunera hel daitekeela sinetsita nago eta hori inspirazio iturri izan da niretzako.

El Himno Mundial ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dut eta ikusleek ikus dezatela kamara atzean egiten dugun lana eta jartzen dugun pasioa. Zaila dela? Ba ez dakit, baina saiakerarik egiten ez badugu, ez dugu inoiz jakingo! Ikus dezakezunez, irrika eta grinarik ez zaigu falta, baina oinak lurrean mantendu behar ditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak