→Galdakao

Ane Legarreta: “Emakumeok bidea ireki dugu gizonen gotorleku honetan”

galdakao ane legarreta 2018 da capo musika banda zuzendari

Hiru urte bete ditu Ane Legarretak Galdakaoko Musika Bandako zuzendari bezala. Hilaren bukaeran trukea egingo dute Miereseko musika bandarekin.

Ane Legarreta zuzendari lanetan // Utzitakoa

Hiru urte bete ditu Ane Legarretak Galdakaoko Musika Bandako zuzendari bezala. Hilaren bukaeran trukea egingo dute Miereseko musika bandarekin. Mikel Perez zendutako tronboi-jotzailearen omenez kontzertu berezia antolatzen ari dira, Big Band

Orkestrako emakume zuzendarien historia ez da behar lukeen bezain luzea. Oraindik ere zaila da agertokietan emakumeen zuzendaritzapean dauden orkestrak ikustea, baita Interneten hauei buruzko informazioa aurkitzea ere. 2011. urtean Madrilgo Complutense Unibertsitateak eginiko Género Sinfónico ikerketak azaleratutako datuen arabera, estatuko orkestra kideen %30 emakumeak ziren. Zuzendariei dagokienez, zifra ez da ia hamarretik batera ere iristen.

Ane Legarretak (Galdakao, 1994), oinarrizko musika ikasketak Galdakaoko Musika Eskolan eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan burutu ondoren, zuzendaritza ikasketak hasi zituen Oviedoko Principado de Asturias zentroan eta orain Donostiako Musikene goi-mailako ikastegian ari da horiei jarraipena ematen. Gainera, 2015eko urtarriletik aurrera Galdakaoko ‘Da Capo’ Musika Banda Elkarteko zuzendaria da, lehenago Galdakaoko Udal Musika Banda zena. 6 urterekin murgildu zen musika munduan eta banda zuzentzeaz aparte, pianoa, harpa eta zeharkako txirula jotzen ditu Anek.

Hiru urte bete berri dituzu Galdakaoko Musika Banda zuzentzen. Zein da egiten duzun balorazioa?
Galdakaoko Banda zuzentzea aukera paregabea izan da kontserbatorioan ikasi dudan teoria praktikan jartzeko. Zuzendari baten benetako lana ez duzu klaseetan ikasten, bai ordea publiko zabal baten aurrean musika talde bat zure ardurapean duzunean. Exijentzia maila handia eskatzen du horrek, baina oso gustura aritu naiz orain arte. Urte hauetan, bestalde, asko gaztetu da taldea. Nabaritu da gazte asko etorri garela musika bandara, eta gazte horien artean musika profesionalki ikasi nahi dugunok asko gara. Bandako gazteenak 15 urte ditu eta gainontzeko kide gehienak 17-23 urte bitartean mugitzen dira. Pertsona horiek ederto uztartu dira urte asko daramatzaten kideekin eta horrek zuzenenan eragin du musika bandaren kalitatean. Orain profesionalagoak garela esan daiteke. Errepertorioa berritu dugu, ohiko kalejirez eta auzo jaietan egiten ditugun kontzertuez aparte, ekitaldi formalagoak bilatu ditugu. Hau da, herriko banden ohiko musika baztertu barik, bandena propioa den errepertorio formala berreskuratzen saiatu gara.

Posible izan duzue arlo formal hori berreskuratzea?
Banda osatzen dugunon aldetik, bai. Asko entseatu dugu eta errepertorio formalago hori kalitatez jotzeko maila ona daukagula uste dut. Emandako pauso hori publiko zabalari helaraztean sortzen da arazoa. Badirudi herriko bandak festetako giro-sortzaileak izateko bakarrik jaio garela eta asko kostatzen zaigu hortik ateratzea. Udalak eta gainontzeko erakunde publikoek aukera gutxi ematen digute ekitaldi formalagoetan aritzeko. Iaz, adibidez, urte osoan bi kontzertu bakarrik izan genituen areto baten barruan. Kultur etxe edo antzoki batean, publikoa jesarrita dagoela eta akustika hobe batekin jotzeko aukera lortuko bagenu, errepertorio aberatsagoa eskainiko genioke Galdakaoko herriari edo bisitatzen dugun edozein herri edo auzori.

Zein ekitaldi aurreikusten ditu Galdakaoko bandak urte honetarako?
Ohiko kontzertuez gain, bi nabarmenduko nituzke. Alde batetik Oviedo ondoan dagoen Mieres herriko bandarekin egingo dugun trukea. Datorren apirilaren 28an, kontzertua eskainiko du Miereseko Musika Bandak Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean 20:00etatik aurrera, sarrera doan. Aste bat geroago, gu joango gara hara, bertako areto nagusian kontzertua eskaintzera. Oso aukera interesgarria iruditzen zait truke hori gu bezalako banda amateurren artean zer nolako mugimendu eta inspirazio korronte dauden ezagutzeko: guk haiek egiten dutenetik ikasteko eta alderantziz. Bestetik, orain dela gutxi hil den Galdakaoko Bandako tronboi-jotzaile izan zen Mikel Perezen omenez kontzertua antolatzen ari gara herrian bertan. Ez dakigu oraindik zein egunetan izango den, baina egingo dugu. Kontzertu berezia izango da, Big Band formatuan eta Jazz estiloa jorratuz. Gogo handiz gaude.

galdakao da capo musika banda 2018

Egungo Galdakaoko Musika Banda, Da Capo // Utzitakoa

24 urte dituzu. Ohikoa da zu bezalako zuzendari gazteak aurkitzea?
Ez da ohikoena. Hala ere, gero eta ikasle gazte gehiago gaude zuzendaritza ikasketak egiten. Kontserbatorioan gaudenok saiatzen gara bandetan ez bada abesbatzetan zuzendari lanen bat lortzen. Galdakaoko bandaz aparte, Getxon beste banda bat eta abesbatza txiki bat zuzentzen ditut. Gainera, ikastegietan ikusten dudanaren arabera, badirudi historikoki gizonezkoen lana izan dena orain emakumeok ere hartzen hasi garela. Poztekoa da hori, izugarrizko talentua dugu-eta eskaintzeko.

Estatuko orkestra garrantzitsuenen zuzendari gehienak gizonezkoak dira, eta oraindik ere albiste da emakume batek orkestra baten ardura hartzen duenean. Zuzendari izate hutsagatik mespretxurik jasan duzu noizbait?
Ez nuke esango emakume izate hutsagatik gutxietsi nautenik. Agian, emakume izateari gaztea naizela gehitu behar zaio, eta hor bai, nire lana zalantzan jarri dutela sentitu dut noizbait. Banda bat zuzentzeak lidergoa erakustea eskatzen du, baita zure nortasuna eta ideiak gainontzeko musikariei helaraztea ere. Zuzentzen duen pertsonak obra interpretatu behar du, bere esentziaz jabetu, musikariak inspiratu, erritmoa markatu, oniritzia eman. Zer entseatu behar den gehiago eta zer gutxiago erabaki behar du, behar diren konponketa musikalak proposatu, musikariak koordinatu… Azken batean podium batera igo behar da, jarraibideak eman behar ditu eta musikariek agindu horiek gauzatu behar dituzte. Historikoki gizonezkoek eman dituzte agindu horiek eta badirudi emakumeok, eta baita gazteok ere, esfortzu bikoitza egin behar dugula kapaz garela erakusteko.

Zer eskaini diezaioke zu bezalako zuzendari gazte batek musikari talde bati?
Argi dago zuzendari gazteok dinamika berritzaile batekin heldu garela, beti lan egiteko prest. Energia soberan daukagu jendea motibatzeko horiek gurekin bat egin dezaten, beti ere gure nagusien esperientziatik abiatuta.

Zelan igaro zara instrumentu jole izatetik musika zuzendari izatera?
Instrumentu bat jotzetik talde instrumental bat zuzentzera ez dago alde handirik. Azken finean kasu bietan musika interpretatzen ari zara. Hori bai, funtsezkoa iruditzen zait aurretiaz instrumentu batekin harremana edukitzea, zuzendari bezala instrumentisten beharrak eta sentsazioak zeintzuk diren ulertzeko bide bakarra baita.

Zer sentitzen duzu zuzentzen dituzun kontzertuetan?
Kontzertu batez gozatzeko funtsezkoa da ekitaldia prestatzeko egin diren entseguetan lan ona egitea. Saio horietan musika ondo landu denean eta taldeko kide bakoitzak guztiekin bat egitea lortzen duenean, orduan helduko da musika bizitzeko unea, eta horrekin batera, kontzertuaz gozatzeko momentua. Behin baino gehiagotan galdetu didate: ‘Baina, Ane, badirudi kontzertuetan ez duzula eskuekin gauza handirik egiten!’. Nire erantzuna beti da: ‘Bai, hori da entseguetan lan ona egin dudalako, eta musikariei uzten diedalako (ahal den heinean) askatasunez adierazi dezaten sentitzen dutena’. Zuzentzeko orduan, batez ere kontzertuetan, burua hotz eta bihotza bero izan behar du zuzendariak.

Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?
Orkestra zuzendarien mundua ezagutzen dugunok, baditugu erreferente mitiko batzuk: Toscanini, Bruno Maderna edo Claudio Abbado, adibidez. Baina niretzako oso garrantzitsuak dira orkestra arrakastatsuetan lanean dauden zenbait emakume ere: Sidneyko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen duen Simone Young edota Montevideoko Filarmonikaren zuzendari den Ligia Amadio. Gugandik gertu Inma Shara daukagu, amurriotarra, Madrilgo Filarmonika zuzendu izan duena. Emakume hauek oso orkestra handiak zuzentzen dituzte eta izugarrizko kontzertuak eskaini dituzte mundu osoan zehar. Hiri eredugarriak aipatu behar baditut, Berlin eta Boston esango nituzke. Bertan ohikoagoa bihurtu da emakumeak zuzendari lanetan ikustea. Oro har, esparru honetan asko dago egiteko oraindik. Urte Berriko Vienako orkestraren kontzertua ikustea baino ez dago, telebistan emititzen dutena. Zuzendariak, titularrak zein ordezkoak, gizonezkoak izaten dira ia beti, baita bakarlari edo kontzertino gisa aritzen direnak ere (orkestrako biolin nagusia).

Non imajinatzen duzu zure burua etorkizunean?
Edozein tokitan, egia esan. Zaila da proiekturen bati nik ezetz esatea. Hala ere, amets egitea doakoa da eta izugarri gustatuko litzaidake orkestra profesional baten zuzendari izatea eta horretaz bizi ahal izatea. Izatez, oso zaila da. Orkestra batean 30 biolin-jotzaile egon daitezke, baina zuzendari bakarra. Hala ere, amets hori egunen batean egi bihurtzeko lanean ari naiz, eta bidean asko ari naiz gozatzen. Beraz, horretara heldu edo ez, orain egiten dudanarekin oso zoriontsua naiz. Aste barruan ia ez dut atseden hartzeko astirik, klasera joateaz aparte ordu asko igarotzen ditut entseatzen, partiturak buruz ikasten, bideoak ikusten… Musikariok ordu luzez ikasten dugu egunero klasetik irteten garenean. Asteburuetan hiru talde zuzentzen ditut, batean ez bada bestean izango naiz entsegua egiten, partituretako konponketa musikalak aztertzen, taldea koordinatzen. Egia da ez dudala denbora libre askorik. Baina zer da, bada, denbora librea? Gustuko dituzun gauzak egiteko denbora, ezta? Ba horretan ari naiz ni etengabe.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|