Sareak

☉ Galdakao

Bea de Francisco: “Operatzea bezain inportantea da umeei eskuetatik heltzea edo malkoak garbitzea”

Lurrikara batek Nepal astindu zuen urtean, 2015ean, Samsara Nepal elkartea sortu zuen Beatriz de Franciscok herriko enpresek eta norbanakoek dohaintzan emandakoari esker. Nepalekin zuen lotura, ordea, aurretikoa zen

|

galdakao bea de francisco 2018 samsara nepal
Bea Nepaleko bi umeen artean // Samsara Nepal

Lurrikara batek Nepal astindu zuen urtean, 2015ean, Samsara Nepal elkartea sortu zuen Beatriz de Franciscok herriko enpresek eta norbanakoek dohaintzan emandakoari esker. Nepalekin zuen lotura, ordea, aurretikoa zen

Beak (Galdakao, 1964) kontatu digun istorioa zirraragarria da. Pema izeneko mutikoarekin hasi eta Milan Maharjan zirujauarekin jarraitu zuen. Harrezkeroztik poztasunak eta tristurak bizi izan ditu, baina Nepal herriari laguntzeko nahiak zutik mantendu du. Otsailean bertara abiatu da berriro ere eta etxeko lanak eginda eraman ditu. Orain arte lortutakoa ikaragarria da, baina horrekin konformatu ez, eta apartekoak dira erakundeak esku artean dituen proiektu eta helburu berriak.

Zergatik Nepal? Zein da lotura?
Beti gertatu izan zait deigarri budismoa, eta duela 10 bat urte haur bat babesean hartzea erabaki nuen. Ume hura 20 urteko gaztetxoa da gaur egun, Pema du izena eta bera da istorio honen ‘errudun’ nagusia. Babesean hartu eta hiru urtera ezagutzera joan ginen eta behar bezala entzuteko arazoak zituela jabetu ginen. Galdakaora bueltatu ginenean Katmandu inguruko hainbat otorrinori idatzi nien eta, erantzunik jasoko ez nuela pentsatzen hasia nintzenean, Milan Maharjan zirujauarena heldu zitzaidan. Pemari azterketa medikoa egiteko prest agertu eta mutikoa bizi zen monasteriora gerturatu zen. “Bea, ebakuntza lehenbailehen egin behar diogu, bestela, ez du bizirauteko itxaropenik“, esan zidan. Bere belarrietan zornea zen nagusi eta burmuinera ere hurbiltzen hasia zen.

Urte bereko abenduan operatu zuten; belarri bateko entzumena galdu zuen eta bestean %30a baino ez du, baina bizirik dago. Hurrengo urteko apirilean Nepalera joan ginen berriro ere alaba eta biok, Pema ikusteko eta Milani ebakuntzaren gastuak zor nizkiolako, baina ez zidan ezer kobratu gura izan. Gure arteko konplizitatea eta adiskidetasuna ia berehalakoa izan zen eta handik gutxira ospitalean zuen lanari agur esatea erabaki zuen Milanek. Ear Care Nepal sortu zuen, umeek entzumena berreskuratzea helburu duen erakundea.

galdakao samsara nepal 2018 milan maharjan zirujaua

Milan Maharjan zirujaua umeak artatzen // Samsara Nepal

Noiz eta zertarako jaio zen Samsara Nepal?
2015. urteko apirilean, lurrikara batek Nepal astindu zuenean, erakundea sortzea beharrezkotzat jo genuen, ezinezko suertatu zitzaigulako bildutako diru mordoa eta materiala bertara bidaltzea. Galdakoztarren laguntza ikusgarria izan zen eta elkartasun horri esker jaio zen Samsara Nepal. Milanekin berba egin nuen eta dirua banku batean ez sartzeko gomendatu zidan, horrelako katastrofeak gertatzen direnean ateak itxi eta gobernuak jaso ohi duelako. Fiskalki babestuta egoteko aukera bakarra, GKE (gobernuz kanpoko erakunde) sortzea izan zen. Une hartan jaio zen, Milanen eta bion arteko bateratzearekin batera. Samsarak Ear Care Nepalekin egin zuen bat.

Zeintzuk dira zuen burua ezagutzera emateko eta dirua biltzeko egiten dituzuen ekintzak edo jarduerak?
Egutegi solidarioekin hasi ginen eta eskumuturrekoak, giltzatakoak eta libretak ere egiten ditugu. Aurten, estreinakoz, loteria izan dugu. Dena Galdakaoko Zurrut tabernan dago salgai eta, gainera, hasi gara azoka txikiren bat antolatzen. Herriko hainbat enpresak ere asko lagundu digute.

Biltzen dugun diruarekin, batez ere, haurren erdiko belarriko operazioak finantzatzen ditugu. Eskola helezinetan dauden umeak bisitatzeko trekkingak antolatzen dira, azterketa medikoa egiteko eremua ondo prestatzen da eta, behin ume guztiak artatuta, ebakuntza nortzuk behar duten erabakitzen da. Gurasoekin hitz egiten dugu eta, baiezkoa ematekotan, 25 euroren truke, operatu egiten ditugu. Zergatik kobratzen diegu? Doakoa denak balioa galtzen duelako eta guk arazoari benetan merezi duen garrantzia ematea nahi dugulako. Azpimarratzekoa da Milanek egiten duen operazio bat 200 eta 500 euro artekoa izan daitekeela.

Egiten ditugun eskaeren artean, bestalde, eskola materiala, sendagaiak eta jostailuak daude.

Konta iezazkiguzu eskuartean dituzuen proiektuen nondik norakoak.
Egun bost proiektutan gaude buru-belarri. Aurrenekoa, lehen aipatu dudan bezala, haurren erdiko belarriko ebakuntzena da. Bigarrenak, Mero Gaon izenekoak, lurrikararen ondorioz erraustuta geratu zen Kulay herria berreraikitzea izan du helburu, baina ia bukatutzat ematen dugu, martxorako eraikitako 55 etxebizitzak prest egongo baitira. Ali proiektua zazpi bat ume itsuk osatzen dute. Disabled Service Association eskola publikoan daude eta eurentzako irakaslea kontratatu dugu. Helburua ez da bakarrik idazten edota ingelesa irakastea; egunerokotasuneko gauza txikietan ere, norberaren garbitasunean adibidez, lan bikaina egiten ari da.

Kushi proiektua guk erditutakoa da eta xedea umeen irribarreak sortaraztea baino ez da. Asteburuetan boluntarioak behar ditugu eurekin egoteko eta jolasteko. Poltsa birziklatuak egiten zituen emakumeen artisau-enpresa ere sortu genuen, baina arduradunak Txinara joan behar izan du eta bera bueltatu arte proiektua bertan behera uztea erabaki dugu.

Nola heltzen da laguntza Nepalera?
Eraman beharreko guztia, dirua, materiala eta abar, gure maletetan sartzen dugu. Lagungarria eta eskertzekoa da Nepalera boluntario joaten direnek ere materiala eroatea.

galdakao samsara nepal 2018 materiala

Nepalera eramandakao materiala // Samsara Nepal

Eta Nepaleko jendearen erantzuna?
Esker onekoak dira nepaldarrak. Kostata lortzen dituzte ebakuntzarako 25 euro horiek, baina benetako balioa zein den badakitenez, eskuratzen ahalegintzen dira eta semea edo alaba operatu eta gero opariren batekin etortzen zaizkigu. Umeen erantzuna poztasunekoa da beti, baita eskumuturreko sinple batekin ere. Hori bai, euren pentsamoldea ezberdina da, gaileta bat eman eta ingurukoekin partekatzen dute.

Nolakoak dira, gurekin alderatuta?
Lehen munduan gauza asko egin ditugu gaizki, baina bat nabarmenduko nuke: ez gara fio. Nepaleko umeek ur berorik ez dute, ezta beroki eder edo hiru pare zapatila ere, baina pozik bizi dira. Ezer gutxi dutenez lasai oheratzen dira, beldur barik. Guk gehiegi hartu nahi izan dugu gure gain eta daukagun guztia galtzearen beldur gara, etengabe.

Hango gobernuak trabarik jartzen ote dizue?
Milanen ardura da gobernu-kontuak kudeatzea eta ez da batere erraza. Nepalen, hemen ere gertatzen den moduan, diru beltzarekin konpontzen dira hainbat kontu baina Milanek ez du horrelakorik egin nahi, oso argi dauka. Pazientzia eta irmotasun handiko emakumea da eta begitan hartzen duen guztia erdietsi ohi du. Seme-alabak izateari uko egin eta besteei laguntzeari ekin dio.

Zenbatek osatzen dute Samsara Nepal?
Asko gara, bakoitzak bere harri koskorra ekartzen baitu. Kuotarik ez dago, ekonomikoki ez baina gutunak idazten edota botikak ordenatzen lagundu daitekeelako. Lehenengoa bezain zilegia da bigarren aukera. Ni neu naiz presidentea eta nire alaba presidenteordea, etorkizunean berak hartuko baitu Samsara proiektuaren lekukoa. Nire bikotea da arlo ekonomikoaren arduraduna eta Esti idazkaria. Eli dago batzordekide gisa eta Eneko bere senarra da webgunea egiten lagundu diguna. Hasieratik nire ondoan egon diren konfiantzazko pertsonak dira.

Hilabete honetan (otsailean) Nepalera joango zarete berriro ere. Zein da helburua oraingoan?
Nire bikotearekin joango naiz, hilabete eta erdi. Orain arte egindako guztia Ali proiektuko irakaslearekin batera egiaztatu nahi dugu, Kushi proiektuari buelta bat eman eta ahal den heinean handiagotu, eman dizkiguten material, medikamentu eta jostailuak ondo antolatu eta, batez ere, Humlako 32 umeak Pokharara eramateko ditugun aukerak ondo aztertu. Azken hori da gure bidaiaren helburu nagusia. Oinez hamar eguneko ibilbidea dago Humlatik Pokhararino (gertuen dagoen ospitalea) eta pentsaezina da operatu berri dauden umeek halako distantzia bat egitea. Abioneta bat alokatzea gustatuko litzaiguke, baina dena ondo analizatu beharra dago.

Proiektu berriren bat?
Bai, potoloa da esku artean daukagun proiektu berria: erreferentziazko ospitale gunea izan nahi dugu, umeak operatzen ditugun ospitalean bertan. Geure kirofanoa nahi dugu eta lauzpabost logela, gaur egun ebakuntza egin eta lau ordutara libre utz behar ditugu eta. Operazioaren ondorengo hiru egunetan umeek behaketan egon beharko lukete, eta gaur egun ezartzen diguten ordutegiarekin ezinezkoa da. Bost urtetarako aurrekontua zein izango litzatekeen kalkulatu dugu eta hiru urteko epean gure ametsa errealitate bihurtzea espero dugu. Laguntza edonon eskatuko dugu baina badakit oso zaila izango dela.

galdakao samsara nepal 2018 milan maharjan zirujaua 1

Gaur egun ebakuntza egin eta lau ordutara ospitalea utzi behar dute umeek // Samsara Nepal

Kostata animatzen al da jendea halako proiektu batean parte hartzera? Krisiak eraginik izan ote du?
Ez, zorte onekoak gara. Erakundeak ez bezala, Galdakaoko herria inoiz ezagutu dudan solidarioena da. Eta ez naiz bakarrik arazo ekonomikorik ez dutenei buruz ari, gazteen eta agureen ekarpena ere ezinbestekoa da.

Zer esango zenioke boluntario gisa joan nahi duenari?
Garrantzitsuena da barneratuta izatea ez garela kolonizatzaileak, hori argi eta garbi izan behar da. Adinak berdin dio. Helburua ez da laguntzea, partekatzea baizik. Ez gara inor baino gehiago eta, beraz, inposizioek lekurik ez dute. Guri dagokigu moldatzea, eta ez aldrebes. Boluntario izatea ez da bakarrik eraikin bat egiten laguntzea; umeen irribarreak sorraraztea ere bada. Egia da guk, batik bat, otorrinoak beharko genituzkeela, baina operatzen jakitea bezain garrantzitsua da umeei eskuetatik heltzea edota malkoak garbitzea. Aurreiritziak atzean utzi eta boluntario izatera animatuko nuke bere kabuz alde batetik bestera mugitzeko gai den edonor.

Hasieran Milanen senideen etxeetan geratzen ziren Samsararekin boluntariotza egitera joaten zirenak, baina horri irtenbideren bat eman nahi izan genion eta gure boluntarioentzako etxea eraiki dugu, Patan hirian, ospitaletik oso gertu. Iaz inauguratu genuen, oasi txiki bat da.


Nola lagun dezaket?

Modu asko daude Samsara Nepal elkartearekin eta burutzen dituen proiektuekin parte hartzeko:

  • Denbora. Norberaren denbora eskaini, horrela ere lagun daiteke elkartearen proiektuetan.
  • Materiala. Materiala eman Nepaleko umeei eramateko. Adibidez, jostailuak, eskola-materiala, botikak…
  • Erosi. Samsara Nepal elkarteak Galdakaoko Zurrut Tabernan salgai dituenak erosiz ere lagun daiteke.
  • Dirua. Modu zuzenean, dirua emanez. Horretarako honako kontu korronte zenbakia du elkarteak: ES 89 2100 3910 1001 0042 4771 (Caixabank)

☉ Galdakao

Metroko tunelak egiteko zulatze-lanak Aste Santua ostean hasiko dituzte Galdakaon

|

Suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean // Geuria

Metroaren 5. Linea eraikitzeko lanak hasi dituzte Basaurin, Galdakaon eta Usansolon. Momentuz langileak lurra aztertzen eta prestaketa lanak egiten ari dira. Usansoloren kasuan, Puentelatorre Bidea erabat itxita egongo da lau urtez ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, “Puentelatorre zubitik Unkinara arteko tartean”.

Galdakaon, tunelak egiteko lanak Aste Santuan hasiko dituztela adierazi du Udalak: “Orduan hasiko dira lurra zulatzen, bideak ixten eta kamioien joan-etorria handitzen”.

Hain zuzen ere, suhiltzaileen eraikina zenaren ondoan, Lapurdiko aparkalekuan eta Agirre Lehendakaria plazaren inguruan, Bengoetxeko Ostalaritza Eskolaren atzealdean, eta Olabarrietan izango du eragina obrak.

Suhiltzaileen eraikina zegoen gunea izango da lanerako eremu handietako bat, “baina, kasu honetan, ez du eragin handirik izango herritarrengan”, diote udal ordezkariek. Hasteko suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute, eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean, “Usansoloko makinak egindako zuloarekin bat egin arte”.

Galdakao erdigunean, Lapurdiko aparkalekuan eragina izango dute lanek, eta baita Agirre Lehendakaria plazaren inguruan Metroak izango dituen bi sarreren guneetan ere: plazan bertan haurreskola ondoan, eta Euskadi kaleko etxe berrien ondoan.

“Eragin handiena, halere, Bengoetxen izango da. Metroak Ostalaritza Eskolaren atzealdean geltokia izango du eta beraz, eraikitze lanak nabarituko dira. Baita hortik gertu, Sixta Barrenetxea ondoko aparkalekuan ere, lanek irauten duten artean bertan egongo baitira obren beharretarako kasetak. Lurra ateratzea eta kamioien joan-etorria etengabea izango da inguru horretan zulatze lanak hasten direnean. Errail bat moztu egingo da kamioiak N-634tik sartu eta irten daitezen, herrira sartu barik, eta horrek asko txikituko ditu kalteak”, diote udal ordezkariek.

Aperribaiko geltokia Olabarrietan egongo da. Lanak egiten diren bitartean N-634 errepidera zuzenean joateko bidea moztuta egongo da eta oinezkoek altueran jarritako pasabide bat izango dute autobus geltokira joateko.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aperribai / Korrika 23 / 2024

|

Aperribaitik agurtu dute 23. Korrika Galdakaon. Hauek furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakao / Korrika 23 / 2024

|

Usansolotik galdakaora iritsi da 23. Korrika. Jendetza batu da lekukoari ongi etorria emateko eta hainbat argazki publikatu ditugu GEURIAn. Eta hauek furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaon jendetza batu da 23. Korrikari ongi etorria emateko

|

Usansolok lekukoa eman dio Galdakaori 23. Korrika. Euskararen aldeko lasterketa iritsi artean bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Korrika Txikiak Galdakaoko kaleak hartu ditu zirrara betean

Korrika Txikia egin dute gaur goizean Galdakaon Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek

|

23. Korrikak hasi du bere bidea Euskal Herrian. Bigarren egun honetan Iparralden jarraitzen du lekukoak eta Nafarroara igaroko da arratsaldean. Bitartean, Hego Uribe eskualdean, euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin bat egiteko ekimenak antolatu dituzte. Gaur goizean Korrika Txikia egin dute Galdakaoko Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek, eta hauek GEURIAn jaso ditugun irudiak:

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri