→Galdakao

“Etxean erditzen duzunean unea zurea da, eta ez beste inorena”

galdakao bizi haziak 2018 etxean erditzea

Anak eta Iagok bi seme-alaba dituzte. Amets ospitalean jaio zen, baina Ur etxean etorri zen mundura. Zer dela eta? Zeintzuk dira etxean erditzearen onurak? Prozesua pausoz pauso azaldu digute

Anak eta Iagok bi seme-alaba dituzte. Amets ospitalean jaio zen, baina Ur etxean etorri zen mundura // Utzitakoa

Anak eta Iagok bi seme-alaba dituzte. Amets ospitalean jaio zen, baina Ur etxean etorri zen mundura. Zer dela eta? Zeintzuk dira etxean erditzearen onurak? Prozesua pausoz pauso azaldu digute

Ospitalean izandako esperientzia kaskarraren ondoren, Ur semeari etxeko goxotasunean eman zioten ongietorria Anak (Madril, 1986) eta Iagok (Galdakao, 1984). Esker oneko hitzak baino ez dituzte ‘Etxean Sortu’ taldearentzat, eta euren alabak bere nebaren erditzea ikusi eta disfrutatu izana zoragarritzat jotzen dute. Duela ia urtebete ‘Bizi haziak’ proiektua jarri zuten martxan Galdakaon eta bertan haurdunaldiko eta haurtzaroko bizipenak, zalantzak eta abar familia ezberdinen artean partekatzeko tokia eskaintzen dute.

Zuen alaba ospitalean jaio zen baina semea, ordea, etxean.
Bai. Amets jaio zenean ez bezala, orain informazio gehiago daukagu haurdunal- diaren eta erditzearen gainean, eta inpor- tanteena dena: badakigu ospitale batean erditzea zer den, baita bertan dagoen hu- manizazioa edota horren gabezia ere. Os- pitalean zenbaki bat baino ez zara eta bi- zitako esperientziaren ondoren, Ur etxean jaioko zela erabaki genuen.

Zer gertatu zen ospitalean?
Egokitu zitzaigun lehenbiziko emaginarekin oso ondo moldatu ginen. Bere burua aurkeztu zigun eta gure eskaera eta nahi guztiak errespetatu zituen, hots, ez zigun trabarik jarri eta eroso sentitu ginen. Handik ordubetera txanda aldaketa egon zen eta sartu zenak, ostera, hankaz gora jarri zuen dena: argia piztu zuen, gauzak lekuz aldatu zituen, ez zigun bere izena aipatu ere egin… Ordura arte mimoz eraikitako giroa erabat apurtu zuen, eta horrek abian zegoen erditze naturala geldiarazi zuen eta gure erabakiak hartzeko gaitasuna txikiagotu. Gure eta ginekologoaren arteko tira-bira hasi zen orduan, bere helburu bakarra gure alaba ahalik eta azkarren jaiotzea zelako.

Objektiboki prozesu arrunta izan zen, baina gerora jakin genuen, karenaren erditzean adibidez, ez zutela begirune osoz jokatu. Edoskitzea, bestalde, amesgaizto bihurtu zen ospitalean, profesional bakoitzak bere iritzia ematen dizulako eta batak bestearena jartzen duelako zalantzan. Egun edoskitze aholkularia naiz eta nirekin egindakoa gogora ekartzen dudanean bizarrak zutik jartzen zaizkit oraindik ere.

Amarengandiko edoskitzea Carmen gure doulak (amatasunaren prozesu ezberdinetan amari babesa eta arreta eskaintzen dion emakumea) salbatu zuen, haren aholkuek eta baldintzarik gabeko laguntzak, hain zuzen.

Zeintzuk dira etxean erditzeko erabakia hartu ostean eman beharreko pausoak? Nola prestatzen da?
Erabakia laster hartu beharra dago. Zortzi asteko nengoela ‘Etxean Sortu’ taldearekin jarri ginen harremanetan eta eurek informazio guztia bidali ziguten. Hainbat baldintza bete behar dira, besteak beste, arazorik gabeko haurdunaldia izatea, fetua buruz-behera kokatuta egotea eta gertuen dagoen ospitalera, gehienez, 30 minututan heltzea. 20. astetik aurrera hasten dira zeintzuk artatuko dituzten eta zeintzuk ez baloratzen, eskaera guztiak jaso eta bakoitzaren ezaugarriak ondo aztertu behar dituztelako.

Behin baiezkoa ematen dizutenean, 20. eta 37. asteen artean badago eurekin bilera bat izateko parada, batez ere, erditzea gertatuko den etxea ezagutu dezaten eta egon daitezkeen zalantzak argitu ditzaten. 37. astean nahitaezkoa da hitzordua eta etxean beharrezkoa izango duten guztia uzten dute. Ez bakarrik erditzearen unean erabiliko dituzten gauzak, baita euren gauza pertsonalak ere, jantzi-erantziak eta hortzetako eskuila, esaterako. Unea fetuak erabakitzen du eta dena prest izan behar dute. ‘Etxean Sortu’ taldea Sonia, Esti eta David emaginek osatzen dute eta erditze bakoitza horietako bik artatzen dute.

Zenbat pertsona bildu ziren zuen etxean?
Gure kasuan sei pertsona egon ginen. Ni, ‘Etxean Sortu’ko Esti eta Sonia, Iago, Amets eta doula bat. Doula baten presentzia garrantzitsutzat jo genuen, batik bat, gure alabagatik. Helburua inor bakarrik ez geratzea zen, hau da, Iagok nire beharrak eta nahiak asetzen zituen bitartean Ametsen aldamenean gertuko laguna eta mundu honekin zerikusia zuen pertsona bat egotea. Horregatik, doula izateko bidean zegoen laguna gonbidatu genuen.

Hasieratik izan zenuten argi?
Aurreneko hartu-emanaren ondoren, are gehiago. Nik oso argi neukan, baina Iagorentzat inportantea zen eurekin mintzatzea eta euren eginkizuna ondo ezagutzea. 20. astean bilera bat izan genuen eta erabat konbentzituta atera ginen. Argi eta garbi, etxean erditzea zen gure buruetan zegoen aukera bakarra.

Zeintzuk dira abantailak eta onurak?
Makina bat: zure habian zaude, artatuko zaituzten pertsonak aurretik ezagutzen dituzu, izenak badakizkizu, aurpegia jartzen diezu eta zugan duten konfiantza erabatekoa denez, lasaitasun osoz egiten diozu aurre erditzeari. Etxera sartu zirenean Ur ate joka zegoen, eta ez zuten ukimen baginalik egiteko beharrik izan prozesuaren nondik norakoak baloratzeko. Nire ahotsarekin eta soinuekin nahikoa izan zuten zenbateraino aurreratuta zegoen jakiteko. Hori liluragarria izan zen.

Ez al dira, azken momentuan, beldurrak eta kezkak azaleratzen?
Gure alaba esnatzear zegoen eta hura izan zen unerik kritikoena, dilatazio prozesua martxan zegoelako eta Amets bere amaren besoetan nagiak ateratzera ohituta dagoelako, baina doula atetik sartu zenean egonezin denak desagertu ziren. Ama eta alabaren arteko elkarrizketa labur bat egon zen, eskolara joateko ala etxean geratzeko aukera eman genion eta bigarrena aukeratu zuen. Gure txikitxoak lasai eta formal egon behar zuela ulertu zuen.

Konta iezaguzue aitaren eta arrebaren eginkizuna zein izan zen.
Nire ustez ingurua zaintzea eta emakumea eroso sentiaraztea da aita batek halako egoera batean izan beharko lukeen papera, baina nire kasuan Ametsekin batera Urren jaiotzaz disfrutatzea izan zen. Ikusle gisa bizi izan genuen eta ikaragarria izan zen. Oso gertutik ikusi genuen dena eta esperientzia ederra eta ahaztezina izan zen biontzat. Guztia guk ezarritako erritmora egin zen eta momentu magiko hura gurea zela, eta ez beste inorena, sentitu genuen.

Ana: Ur jaio eta hurrengo egunean Ametsen bila joan zinen eskolara.
Bai, ohi baino nekatuago nengoen baina ez nuen punturik behar izan eta hori gakoetako bat izan zen. Ur jaio eta astebetera dena bera lekuan omen zegoen. Etxean futbol talde bat erdituko nuke (barreak), ospitalean, oraingoz, gehiagorik ez.

Zer da azkenaldian askoren ahotan dagoen hazkuntza naturalaren kontzeptua?
Modan dagoen terminoa da, baina ez dator bat guk daukagun ikuspuntu eta filosofiarekin. Hazkuntza naturala animalien munduan gertatzen dela uste dugu, baina ez gizakienean. Hankamotz geratzen den kontzeptua da, naturak ez baititu berak bakarrik gure seme-alabak haziko. Hazkuntza prozesu horretan jarreraren bat agertu beharra dago, eta gu errespetuzko hazkuntzaren alde gaude. Baina ez bakarrik gure seme-alabekiko, baita hazkuntzaren parte diren pertsona guztiekiko ere. Gurasoak alboan behar ditu haurrak bere gaitasunak garatzeko bidean, eta errespetuan datza prozesu horren arrakasta.

Nola sortu zen ‘Bizi Haziak’ proiektua?
Heziketaren mundutik gatoz, baina gure bizitzak 180 graduko buelta eman zuen ikasitakoa praktikan jartzen hasi ginenean. Ametsekin batera hazi zen Bizi Haziak proiektua. Gure alabarekin ahalik eta denbora gehien egotea zen gure xedeetako bat eta lana bigarren maila batean uzten genuen bitartean egoera horri konponbidea aurkitzeko aukera posibleak aztertzen hasi ginen. Galdakaon ez zegoen Bizi Haziak-ek eskaintzen duenaren antzekorik eta ideiarekin aurrera jarraitu genuen. Guretzat ezinbestekoa den kontziliazio familiarra gauzatzeko abagunea ematen digu eta baita gure bizimodua, filosofia eta ikuspuntuak gurera etorri nahi duten familiekin partekatzeko ere.

galdakao bizi haziak 2018 denda

Bizi Haziak denda. Haurtzarora arte laguntza integrala eskaintzen dute produktuetan eta baita formakuntzan eta tailerretan ere // Bizi Haziak

Zer eskaintzen du ‘Bizi Haziak’ek?
Haurdun zaudela jakiten duzun momentutik eta lehen haurtzarora arte laguntza integrala eskaintzen dugu produktuetan eta baita formakuntzan eta tailerretan ere. Haurdunaldiko eta haurtzaroko bizipenak, zalantzak, pozak, beldurrak, konponbideak eta abar familia ezberdinen artean partekatzeko tokia eskaintzen dugu eta heltzen zaizkigun iradokizun eta proposamenak atsegin handiz jasotzen ditugu. Edoskitzearen eta ume-eramatearen inguruan sor daitezkeen arazoak eta zalantzak ere pozarren argitzen ditugu. Ateak zabalik daude! Bestalde, Galdakaoko leku fisikotik at, genero tailerrak ematen ditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak